tok
Joko honen jatorria zein den ez dago argi. Wikipediako orriek informazio kontrajarriak ematen dituzte. Frantsesezkoak ez du jatorria aipatzen; ingelesezkoak dio, tradizioz, uste dela Quebeceko (Kanada) lehen kolonoekin sortu zela; gaztelaniazkoak zehazten du jokoa Maik ingeniari informatikoak asmatu zuela 1989an. Herbeherezkoak, bere aldetik, dio batzuek diotela jatorria Akersloot-en dagoela, eta mendebaldeko Frisian ere euren asmakizuna dela diote.
Ingelesezkoak eta herbeherezkoak jokoa zaharra dela diote. Denek aipatzen dute Indiako partxisaren antza duela edo partxisetik eratorria dela. Izan ere, jokoa deskribatzean esaten dute partxisean bezala jokatzen dela, baina dadoen ordez, karta-sorta frantsesa erabiltzen dela.
Ez da harritzekoa, beraz, joko honen aldaera asko egotea, bai taulari dagokionez bai arauei dagokionez. Ekoizle bakoitzak bere taula merkaturatzen du eta arauak webgune adina daude. Tok jokoa lau jokalarirentzat jokoa da, bi taldetan banatuta. Hala ere, hainbat aldaera daude, jokalari gehiagorentzat edo bakarka jokatzeko.
Osagaiak eta hasiera
Gurutze itxurako ibilbidea duen taula du.
Bi jokalarik edo bi taldek hartzen dute parte. Taldekideak aurrez aurre jartzen dira taularen inguruan. Jokalari bakoitzak lau fitxa ditu.
Fitxen mugimenduak karta-sorta frantsesaren karten arabera egingo dira.
Helburua fitxak taulan sartu, zirkuitu batetik ibili eta taulako etxera eramaten lehena izatea da.
Partida hasieran, fitxak taulatik kanpo daude.
Arauak
Hemen azalduko ditugun arauak jokoarekin batera ematen dituzte.
Karten banaketa
Karten banatzailea zoriz aukeratuko da.
Banatzailea jokalari bakoitzari 5 karta banatzen hasiko da. Jokatu aurretik, talde bakoitzeko bi jokalariek karta bana trukatuko dute, lagunak zer karta ematen duen jakin gabe.
Banatzailearen ezkerreko jokalaria hasita, kartak banan-banan erabiliko dira, norberaren txandan, fitxak mugitzeko.
Lehen jokaldi hori bukatutakoan, jokaldia hasi duen jokalaria da banatzaile berria eta 4 karta emango dizkio bakoitzari. Eta, jokaldi hori bukatutakoan, horren ezkerreko jokalariak banatuko ditu 4na karta.
Ondoren, karta-sorta osoa nahasten da eta karten banaketarekin hasten da berriro.
Abiatzea
Hasieran fitxa guztiak taulatik kanpo daude, biltegian. Taldekideak aurrez aurre jarriko dira taula inguruan.
Abiatzeko errege bat edo bateko bat (edo komodin bat) eduki behar da.
Jokalari batek ezin badu abiatu eta fitxarik ezin badu mugitu, bere karta bat baztertu beharko du. Hala ere, jokalaria behartuta dago beti bere kartak jokatzera, baita horrek desabantaila eragiten badio ere. Jokatu berri duen kartaren balioaren arabera mugitzen dira fitxak.
Taula
Abiatzeko laukia jokalariaren aurrean dagoen 18 zenbakiduna da.
Abiapuntuan (18) edo etxean dauden fitxa guztiak ukiezinak dira. Atera berri den fitxa bat (abiapuntua) hilezkorra da, ezin da mugitu, ezin da harrapatu, ezta gainditu ere, horren jabeak hala erabaki ez duen bitartean (blokeoa).
Beste fitxak gainditzen dira eraginik gabe, erregearekin jokatzen denean izan ezik, horrek dena jaten baitu bidean.
Debekatuta dago abiapuntutik berriro igarotzea, ez noranzko batean ez bestean.
Fitxa bat bidegurutze batean badago (7 laukia), hurrengo bidegurutzeraino (7 laukiraino) egin dezake jauzi, mugimenduaren noranzkoan.
Harrapaketak
Aurkako fitxak betetako lauki batean amaitzen denean gertatzen dira; harrapatutako fitxa bere biltegira itzultzen da eta berriro hasiko da. Baliteke jokalari batek bere fitxa bat harrapatzea (bere kartak jokatzera behartuta baitago beti).
Erregeak 13 lauki aurrera egiteko aukera ematen du, eta bidean dauden fitxa guztiak harrapatu, horiek guztiak haien biltegira eramango dira.
Fitxen sarrera
Fitxak etxean sartzeko, jokalariak zehazki 4 guneetako batean erortzea lortu behar du. Etxean, fitxa bat ezin da beste baten gainetik igaro. Sartutako fitxa bat ez da berriz aterako, baina aurrera egin dezake etxe barruan.
Partidaren amaiera
Jokalari batek bere fitxa guztiak etxean sartu dituenean, bere kartak jokatzen ditu bikotekidearen fitxak aurreratzeko. Fitxa guztiak etxeetan sartzea lortzen duen lehen taldea da irabazlea.
Karten balioa
Batekoa: fitxa bat abiatu edo fitxa bat 1 aurreratu.
Erregea: fitxa bat abiatu edo fitxa bat 13 lauki aurreratu eta bere bidean dauden fitxa guztiak harrapatu.
Dama: fitxa bat 12 lauki aurreratu.
Txanka: bere fitxetako edozein taulako beste batekin trukatzeko aukera ematen du, abiapuntuan dagoen batekin izan ezik. Jokalari beraren bi fitxa ere truka daitezke.
Zazpikoa: puntuazioa deskonposa daiteke, hau da, adibidez, 4 fitxa batekin eta 3 beste fitxa batekin, edo 2 + 2+ 2 + 1 jokalariaren lau fitxekin.
Bostekoa: jokalariak aukeratutako aurkako fitxa bat aurreratzera behartzen du, eta horren irteera-laukia igarotzea baimentzen du.
Laukoa: 4 atzera egitera behartzen du beti. Atzeratzen den fitxa irten berria bada, ibilbidea egintzat ematen da eta hurrengo jokaldian etxera sar daiteke. Ezin da etxean sartu atzera eginez.
Beste karta guztiek beren balioa adina lauki aurrera egiten dute (adibidez, 8koak 8 lauki aurrera egiteko aukera ematen du).
Iturriak
Wikipedia: https://fr.wikipedia.org/wiki/Jeu_de_toc
Wikipedia: https://en.wikipedia.org/wiki/Tock
Wikipedia: https://es.wikipedia.org/wiki/Toc_(juego)
Wikipedia: https://nl.wikipedia.org/wiki/Keezen
Boardgamegeek: https://boardgamegeek.com/boardgame/32346/super-tock-4
http://lejeudetock.chez-alice.fr/regle.htm
https://www.lecomptoirdesjeux.com/regle-jeu-tock.htm
Eskuko arauak: Jeux-Faugere, http://jeuxstrategie.free.fr/Tock_complet.php