tortolosak
Gizakiak, gizakia denetik, izan duen ezaugarri nabariena ingurua ulertzeko gogoa izan da. Gogo horrek sortzen zuen jakinmina asetzeko, bururatzen zitzaizkien galderei erantzunak hainbat bidetatik ematen saiatzen ziren. Horrela sortu zituzten asmakizun zoragarriak: mintzaira, tresnagintza, nekazaritza, zeramika, idazketak… Mintzairaren garapenarekin batera, giza zentzuaren bilakaera gaitasun paregabe batek markatu zuen: bidaia mentala denboran zehar. Iraganeko gertaerak gogoratzeko eta etorkizuneko egoerak aurreratzeko ahalmena egokitze-abantaila handia izan zen.
Etorkizun alternatiboak mentalki simulatzeko gaitasunak aukera eman zien inguruko erronkei hobeto erantzuteko, estrategia konplexuak planifikatzeko eta haien bizirauteko aukerak handitzeko. Etorkizuna imajinatzeko gaitasunak, historia eta esanahi partekatuen forman artikulatzeko gaitasunak, narratzaile bihurtu zituen, eta, azken batean, gizaki.
![]() |
| Bi emakumez osatutako terrakota taldea, tortolosetan. Campania, Italia, o.a.a. 330-300. Terrakota. © The Trustees of the British Museum. |
Baziren, ordea, ondo ulertzen ez zituzten fenomenoak eta gertakizunak, eta, hortaz, ez zizkioten erantzunik aurkitzen. Kasu horietan, hipotesiak eta teoriak asmatzen zituzten. Asmakizun horiek sineskeriak, erritoak, erlijioak sortzera eraman zituzten.
Bazekiten hurrengo egunean eguzkia aterako zela, baina ez zekiten jateko animalia hilko ote zuten, edo istripuren bat izango ote zuten, edo hilko ote ziren. Etorkizun aldakor hori ulertzen saiatzeko, teoria batzuk asmatu zituzten eta teoria horiek oinarritzeko, erritoak findu zituzten. Errito horien artean animalien erraietan irakurtzea edo sakrifizioak egitea zeuden. Baina guri interesatzen zaigun erritoa objektuak airera jaurtitzearena da. Objektu horiek gertuko ingurutik hartzen zituzten: haziak, harriak, maskorrak, hezurrak, adarrak… Dena izan zitekeen egokia. Ohiturarekin, objektu horiek balio berezia hartu zuten, eta horietako batzuk gordetzen hasi ziren. Denborarekin, objektu berezi horiei garrantzi handiagoa emateko asmoz, apaintzen hasiko ziren; eta airera jaurtitzean eta erortzean ager zitezkeen formak, erak, aldeak hobeto bereizteko, markak egiten hasiko ziren. Hortxe dugu dadoen eta karten jatorria.
Objektu horietako batzuk tortolosak dira. Animali gehienek dauzkate tortolos edo astragalo hezurra hanketan. Tortolosa animalien tartso gainaldeko hezurra da. Oinaren mugimenduaren giltzarria da, gure orkatilaren parekoa. Hezur horrek tamaina desberdinak ditu, animaliaren arabera. Baina denek itxura antzekoa dute. Eta itxura hori oso berezia da beste hezurrekin alderatuz gero: lau aurpegi nabarmen desberdin ditu. Ezaugarri horrek erakarri zuen, ziur asko, etorkizuna iragartzeko ardura zuten gizakien arreta.
Tortolosak antzinako mundukoak dira, hilobietakoak, jainkoen tenpluetakoak, dadoak baino gehiago eta lehenago. Antzinateak milaka astragalo utzi ditu atzean, lekuko ia berritsuak, sorginkeriak galdetzeko, orakuluen hitzak esateko, eta zeruari eskerrak emateko.
Hemen deskribatu dugun istorioa mundu zabal osoan eman da, kultura batean edo bestean. Mundu osoan aurkitu dira horrelako objektuak hilobietan. Eta antzeko objektu horiek funtzio bera izan dute gizakien bizitzan.
Jatorrian tortolosek izan zuten erabilera enigmatikoa da oraindik ere. Gaur egungo jokoetan trebetasuna dago abiapuntuan; hazien joko batzuetan bezala, non, airera jaurti ondoren, ahalik eta kopuru handiena jaso nahi den eskugainean. Baina haien animalia-jatorriak, formak, haien arteko aurpegiak bereizteko aukerak jokalarien arreta eskatuko zuten, eta erronkak piztu. Erronkak erritualak edota ludikoak ziren? Biak, dudarik gabe.
Tortolosak antzinako munduan estimatuak eta zabalduak ziren. 1972an, Bulgariako Varna hilerriko Indusketek, Itsaso Beltzetik gertu, astragaloak azalarazi zituzten. Aurkikuntza harrigarriak ordura arte Mesopotamian eta Egipton ezagutua izan zen jokoen sorlekua Erdialdeko Europara ere hedatu behar zela erakutsi zuen, kobre eta urre koloreko objektuek, buztingintzek, agerian jarri zuten-eta. eta denboran atzera egin behar zela neurri handi batean. Indusketek ez dute ez jokorik, ez jostailurik eman, oinarrizko forma horretan ez bada. Gaur egun, tortolos horiek ezagutzen diren zaharrenak dira. Eta hilobietan aurkitu izanak –beste jostailu edo jokorik ez da bertan topatzen–, eta haietako bat urrezkoa izateak ere erabilera erritual baten alde egiten du.
Haien interesa are handiagoa da, ez baitira hondakinak soilik, zeinen erabilerari buruz beti egongo liratekeen zalantzak, baizik eta objektu manufakturatuak, lehenak, hezurrezkoak, bi aurpegi lau baititu, eta bigarrena urrezkoa baita. Anatolian eta Mesopotamian III. milurtekoko tortolosak aurkitu dira. Geroago agertu ziren Egipton, XIX. dinastia harrigarritik aurrera. Antzinako Mesopotamia eta haren eskualde mugakidea, “ilgora emankorra” osatzen dutena, hazkuntza-herrialdea zen. Megiddon eta Taanachen (Palestina), ehunka astragalo, askotan txerriarenak, aurkitu zituzten santutegietan. Bizkaiko Santimamiñen tamaina desberdinetako tortolosak aurkitu dira, 17 mm-tik 87 mm-ra.
Tortolosek antzezpen dotoreak inspiratu zituzten. Zeramika grekoen iruditegi gorriak jada joko horretan ari ziren. Haur-taldeak terrakotan eta marmolean; tortolos-zakuak zeramatzaten nerabeek edo neskatilek lurrean zabalduta ikusten zituzten, jaurtitzen zituzten, edo harrapatzen saiatzen ziren.
Parnaso mendiko magal batean, ninfei eta Pan jainkoari eskainitako Korizio haitzuloan, Delfosetik gertu, lortutako tortolos kopuruak, 21.500, ondo errotutako ohitura bat gogorarazten du. Balio bokatiboa bezain ludikoa zuten. Haur eta gaztetxoek Dionisori eskaintzen zizkioten sagaratze gisa, haurtzarotik irtetean, beren jostailuekin egiten zuten bezala; edo jainkoaren aurrean jartzen zituzten, bete beharreko botoaren truke.
Neska gazteek ninfei astragaloak eta maskorrak eramaten zizkieten ezkondu aurretik, maskorrek funtzio bera betetzen zuten antzaz, botoa edo oparia. Tortolos horiek joko baten jokaldien inskripzioak zeuzkaten, jainkoak edo heroiak, eta zulatutako zurtoin metalikoz margoturik ere egon zitezkeen, gorriz margoturik, etxeak apaintzeko girlandetan bildurik, edo lepoko gisa eraman edo zorte onaren seinale gisa gordeak. Panek, Dionisosek eta ninfek (azken hauek bereziki neskatilentzat dedikatuak) bizitzaren eta osasunaren dohain preziatua dute amankomunean, jaia, dibertsioa, jolasak, haurtzarokoak barne, eta askotan, mozkortzeko modu bat ere bai. Ninfak Artemisaren ondoan zeuden, emakume eta neskatilen babeslea.
Erroman oso zaletuak ziren, eta horixe agertzen du Ponpeiako fresko batek. Jokalariak bost tortolosak airera jaurtitzen ditu eta bere eskugainean gelditzen saiatzen da. Gero, berriro jaurtitzen ditu eta ahurrean harrapatzen saiatzen da. Herkulanoko marmoletan ere tortolosak dituzten neskak ikusten ditugu margotuta. Erromatarrek leku askotara eraman zuten jokoa. Baina, ohizko jokoa izan da Errusian eta Hego Pazifikoko irletan ere (bata bestetik urrun dauden herrietan) eta herri horietan ez ziren egon erromatarrak.
Hainbat pertsonaia historiko tortolosetatik sorturiko jokoei buruzko gogoetak egiteko prest azaldu ziren: Pausanias (geografoa), Suetonio (biografoa), Klaudio, Augusto eta Tiberio enperadoreak. Ovidiok jokoei buruzko tratatuak ere aipatzen ditu, non tortolosek zer balio duten ikasten den, zein jaurtiketaren bidez ekar daitekeen jokaldi handiena edo adur txarreko txakurrak saihestu». Honela dio: “Beste batzuek tratatuak idatzi dituzte dado-jokoaren arteari buruz, zeina ez baita hutsegite arina gure arbasoen begietara; tortolosen balioari buruz, nola, jaurtiz, puntu gehien segurtatzeko edo galarazten duten txakurrak saihesteko moduari buruz; dado bakoitzeko puntuei buruz; eskariaren arabera jaurtitzeko eta lortutako puntua jartzeko arteari buruz, kolore desberdinetako peoiak lerro zuzen batean aurreratzeko arteari buruz; pieza bat bi etsaien artean hartzen denean…”. Ovidiok berak beti bere maiteari irabazten uztea aholkatzen zuen. Hainbat mendetan zeharreko zenbait ikuspegi utzi zizkiguten, joko hauek nolakoak izan zitezkeen.
Tortolosen aurpegiak ez zeuden zenbakituta. Baina jokoak horretara bultzatu zuen. Becq de Fouquièresek luze eta zabal aurkeztu ditu Grezia eta Erromako tortolosei buruzko datuak; zehazki, aurpegi desberdinei emandako balioak zehaztu ditu: alde laua (chios) = 1; alde ahurra = 3; alde konbexua = 4; alde bihurgunetsua (coos) = 6.
Grezian lau tortolos erabiltzen ziren jokatzeko, zortea banatzeko; beraz, jokaldi bakoitzean hogeita hamabost konbinazio ezberdin lor zitezkeen. Konbinazio horietatik batzuk onak ziren, beste batzuk txarrak, beste batzuk ertainak. Bakoitzak izen bat zuen: Afrodita, Midas, Solon, Dario, Alexandro, Antigona, etab.
Tortolosen aurpegi bakoitzak zenbakizko balio bat badu, balio horiek dadoen antzera batzen al ziren? Badirudi ezetz, are gehiago kontuan hartuta konbinazio batzuk ezagunak direla balio altuak irudikatzeko; Euripidesen jokaldiak, adibidez, 40 balioko zuen. Ezjakintasuna handia da arlo honetan. Dirudienez, tortolosen posizioek soilik adierazten zuten jokaldiaren balioa, aurpegiei esleitutako puntu-zenbaketa tartean sartu gabe. Orduan, multzoaren hierarkia tradizio baten eta simetria edo desberdintasunei atxikitzen zaien ideiaren araberakoa zen. Adibidez, Afroditaren jokaldia, lau aurpegi desberdinekin, jokaldirik hoberenaren fama zuen, baina bere aurpegien puntuek, batuta, 14 besterik ez dute ematen, lau coosek 24 ematen duten bitartean. Aitzitik, chiosen lau aurpegi berdinekin emandako jokaldia zorte txarrekoa zen, eta hori ulertzekoa da, horien baturak 4 besterik ez baitu ematen. Beste jokaldi bakan batzuk igar daitezke, baina tamalez, hierarkia osoa falta da. Ohartzekoa da Midasen jokaldia ona, txarra edo ertaina izan zitekeela kasuen arabera, zenbait karta-jokotan gertatzen den bezala, kontuan hartzen den karta triunfoen seriearena den ala ez.
ETNIKER-ek argitaratutako Juegos infantiles en Vasconia lanean, tortolosak trebetasun-jokoen artean azaltzen ditu. Bertan dio, gehienbat, neskak ibiltzen zirela tortolosetan. Tortolosetan modu askotan jokatu da, jokoen osagaiek, arauek eta kantek erakusten duten bezala.
Tortolosek Euskal Herrian hartzen dituzten izenen zerrenda luzea da. ETNIKERek 39 izen jaso zituen ikerketan; esaterako: xakak, asakaska (Aramaio – A), azurrak (Lekeitio – B), buxtarri (Oiartzun – G), xerri mailak (Donibane Lohizune – L), attinttun (Amikuze – NB) eta exurko (Uztarroze – N).
Lehenago esan dugun bezala, tortolosen berezitasuna lau aurpegi zeharo desberdinak edo bereizgarriak izatean datza. Aurpegi bat ahurra da eta A letrarekin adieraziko dugu; horren aurkako aurpegia konbexua da, eta B idatziko dugu; beste aurpegi bat laua da eta C esango diogu; horren aurkakoa bihurgunetsua da eta D izango da. Aurpegi horien izenak ere aldatzen dira leku batetik bestera. ETNIKERek horiek ere jaso zituen; kasu batzuetan izena aurpegi zehatz bati dagokio, baina beste kasu batzuetan ezin da jakin zein aurpegiri dagokion izena. Kasu batzuetan, izen bera aurpegi desberdinei egokitzen zaie herri desberdinetan. Hemen izen horiek laburbildu ditugu, aurpegi bakoitzari gehien esleitzen zaion izena emanez. Horrela, A aurpegi ahurrari gehien esleitzen zaion izena sake da; B aurpegi konbexuari gehien esleitzen zaion izena pon da; C aurpegi lauari gehien esleitzen zaion izena kulo da; eta D aurpegi bihurgunetsuari gehien esleitzen zaion izena karne da. Izen hauek erabiliko ditugu, nahiz eta herrietan aurpegien izenak beste batzuk izan.
Jokoan erabiltzen zen puxtarriak edo pilotak ere bere izena zuen. Hona hemen puxtarriaren izen batzuk: pitón (Bernedo – A); kukusagarrak (Durango – B); tanto (Lezaun – N).
Trebetasun-jokoak
Tortolosena, gehienbat, trebetasun-jokoa da. Sarritan, tortolosen jokoak laguntzeko, letra batzuk buruz esaten edo kantatzen ziren. ETNIKERek Euskal Herriko aldaerak bildu zituen bere lanean. Hemen bi jokoren aldaera nagusiak ekarri ditugu.
Osagaiak eta hasiera
Arkume-tortolosak erabiltzen dira; baina ahari- eta ahuntz-tortolosak ere erabil daitezke, gogorragoak eta distiratsuagoak direlako. Leku batzuetan tortolosak margotzen zituzten. Horrez gain, pilota txiki bat edo puxtarri bat behar da.
Lau posizioetara
Nahi adina jokalarik parte har dezakete.
Jokalariek tortolos kopuru bera dute. Sei tortolos izaten dira, baina batzuetan zortzi eta hamabi izan daitezke.
Jokatzen hasteko, jokalariek beren tortolosak jaurtiko dituzte eta karne gehien ateratzen dituena hasiko da. Ondoren, erlojuaren orratzen noranzkoan jokatuko dute.
Jokoaren helburua tortolosak lau posizioetan jasotzea da, posizio bakoitza aurpegi bati dagokiolarik.
Jokalariak aurpegi bat aukeratuko du, tortolosak esku artean nahasiko ditu eta airera jaurtiko ditu, lurrean edo mahai gainean erortzeko. Ondoren, pilota airera jaurtiko du eta airean jaso beharko du (batzuetan, pilotaren bote bat egin eta jasotzea onartzen da). Pilota airean dagoen bitartean, jokalaria aukeratutako aurpegia gora duen tortolos bat, gutxienez, hartzen saiatuko da eta, aldi berean, gainerako tortolosak iraultzen saiatuko da, dagokion aurpegia gora jartzeko. Tortolos bat hartzeko, aurretik ziurtatu behar da gora duen aurpegia aukeratutakoa dela.
Mahai gainean dauden tortolos adina aldiz baino ezin da pilota jaurti, salbuespen batekin: jokoaren hasieran tortolosak jaurtitzean, aukeratutako aurpegia gora duela bakar bat ere gelditzen ez bada, eta biraren bat emateko, orduan pilota behin jaurtitzea onartzen da, tortolosik hartu beharrik gabe.
Txanda galtzen da pilota jasotzean huts egiten bada, edo aurpegi egokia gora duen tortolosik ez bada aurretik prestatu.
Aurpegi batekin tortolos guztiak jaso direnean, jokoa errepikatzen da tortolosen beste aurpegiekin, lau aurpegiekin lortu arte.
Tortolosak jartzea
Nafarroako herri batzuetan jokatzen den aldaera. Hurrengo jokaldirako tortolosak prestatzeari ematen dioten izena da berezitasun handiena. Aurrekoaren antzeko eran jokatzen da, baina aldaera txikiak ditu.
Tortolosak lurrera jaurtitzen hasten da. Esku batekin tortolos bat hartu eta, esku berarekin eta hartutako tortolosa utzi gabe, gertueneko tortolosa jokatzen ari den aurpegia gora begira jarri behar da. Hurrengo jokaldian, jarritako tortolosa hartu behar da eta beste bat jartzen da. Horrela, hamabi tortolosak hartu arte. Ondoren, gauz bera egiten da beste aurpegiekin. (Izurdiaga – N)
Lau tortolosak aurpegi berarekin jarri behar dira: lehenago, denak D – karne; gero, denak C – kulo; ondoren, denak B – pon; eta azkenik, denak A – sake. Horretarako, pilota airera jaurtitzen da eta pilota erori eta bote bat egiten duen bitartean, tortolosak dagokion aurpegia gora duela jarri behar da. Hiru aldiz bota daiteke pilota aurpegi bakoitza jartzeko, hau da, gehienez 12 aldiz. Jaurtiketa gutxiagorekin jartzea lortzen duenak irabaziko du. Jokalari batek ez badu lortzen tortolosak 12 jaurtiketetan jartzea, hurrengoari pasatuko dio txanda. Txanda berriro egokitzen zaionean, utzi duen egoeratik hasiko da. (Obanos – N)
Beste joko batzuk
Tortolosak lurrera edo mahaira jaurtitzen dira eskuetatik zuzenean. Eta sakeetara, ponetara, kuloetara eta karneetara jokatuko da. Sakeetara jokatzen bada, aurpegi hori gora duten tortolos guztiak hartu behar dira pilota airean dagoen bitartean. Pilota edo tortolosak ez badira hartzen, malas (gaizki) egiten da. (Durango – B)
Aurpegiak bakoitiak edo bikoitiak dira; honela, sake eta kulo bikoitiak dira, eta pon eta karne bakoitiak. Tortolos guztiak aurpegi bakoitiak gora dutela saiatu behar da. Ondoren, gauza bera egin behar da aurpegi bikoitiekin. (Laguardia – A)
Tortolos bakoitza hainbat aldiz biratu behar da lau aurpegiak gora jarriz eta, dagokionean, sake, pon, kulo eta karne esanez. Hori sei tortolosetako bakoitzarekin egin eta gero, akatsik egin gabe, gauza bera egiten saiatu behar da, baina bi tortolosekin batera. Huts eginez gero, txanda galtzen da. Txanda berriro egokitzen zaionean, utzi duen egoeratik hasiko da. (Beasain – G)
Saharako tortolosak
Saharako herrietako haurrek ere tortolosetan jokatu eta jokatzen dute. Tortolos kopurua lautik hamar baino gehiagora aldatzen da.
Hainbat konbinazio egin daitezke, batzuk besteak baino sinpleagoak:
- Jokalariak tortolos bat airera jaurtitzen du, eta, ondoren, tortolos bat lurretik hartzen du, erortzen dena hegaldian harrapatu aurretik. Hori bera tortolos guztiekin egiten da.
- Jokalariak tortolos bat airera jaurti eta besteak binaka jasotzen ditu; gero hirunaka…
Urrutiegi dagoen tortolos bat hurbil daiteke, beste tortolos bat airera jaurti bitartean, beste tortolos batzuekin elkartu ahal izateko eta, hala, hainbat tortolos hobeto hartzeko lurretik.
Hartualdi bakoitzean, bildutako tortolos edo tortolosak atera eta alde batera utz daitezke, eta tortolos kopurua puntu kopurua izango da.
Joko konplexuago batzuek tortolos bilduak eskuan edukitzea eskatzen dute. Adibidez:
- Bi tortolos airera jaurtitzea, edo hiru.
- Tortolos guztiak jaurti, eta maximoa eskugainean berreskuratu, eta, ondoren, jaurti berriro, eta maximoa eskuaren ahurrean berreskuratu.
- Pasa itzazu lurreko tortolosak beste eskura, eta jarri itzazu leku zehatz batean…
Hamar tortolos baino gutxiagorekin jokatzean, jokalariak denak airera jaurtitzen ditu, bere eskuaren (edo bere bi eskuen) bizkarrean batzuk jasotzeko. Ondoren, berreskuratutako tortolosak berriro jaurtitzen ditu, eskuaren (edo eskuen) ahurrean harrapatzen saiatzeko.
Orain, lurrera erori diren tortolosak berreskuratzeko, harrapatutako tortolosak adina saiakera ditu jokalariak.
Saialdi bakoitzean, bere erreserbako tortolos bat jaurtitzen du, eta lurrean tortolos bat edo gehiago berreskuratzen saiatuko da, eta, ondoren, jaurtitako tortolosa esku berean hartuko du.
Hutsegite bat egin orduko, hau da, tortolos bat erortzen zaionean, partida galdu eta beste jokalari batek jarraitzen du haren ordez.
Tortolosen erabilpena zoria iragartzeko
Gaur egunera arte mongolak garatzen eta perfekzionatzen ari diren zoriaren igarpenaren abilezietako bat “LAU KONPLIKAZIOAK” deitzen da. Zoriaren kontatze horretan, abere txikien lau tortolos erabiltzen dira. Eta tortolosaren aurpegi bakoitzak zaldia, gamelua, ardia eta ahuntza bezalako izena du. Zoria tortolosak lurrera bota ondoren, erortzen diren aurpegiaren edo posizioaren arabera kontatzen da.
| C | D | B | A | |
| zaldia | gamelua | ardia | ahuntza | Konbinazioen azalpena |
| 4 | Lau konplikazioen igarpen bikaina. | |||
| 3 | 1 | Etorriko zara eta oso azkar. | ||
| 3 | 1 | Oztoporik gabe. | ||
| 3 | 1 | Lana bete egin behar da. | ||
| 2 | 2 | Lan arrakastatsua. | ||
| 2 | 1 | 1 | Zoriontasuna. | |
| 2 | 1 | 1 | Zorte ona arrakastarekin. | |
| 2 | 2 | Dena ondo doa. | ||
| 2 | 1 | 1 | Zorte ona oztoporik gabe. | |
| 2 | 2 | Arrakastarik gabeko lana. | ||
| 1 | 3 | Zure alde bermatua. | ||
| 1 | 2 | 1 | Egia gehiago. | |
| 1 | 2 | 1 | Oztoporik gabeko negozioa. | |
| 1 | 1 | 2 | Pertsona edo ondasun edo albiste bat iritsiko zaizu. | |
| 1 | 1 | 1 | 1 | Zoriaren iragarpen ona. |
| 1 | 1 | 2 | Lanerako arrakastak. | |
| 1 | 3 | Epe luzeko zoriontasuna. | ||
| 1 | 2 | 1 | Desio onak. | |
| 1 | 1 | 2 | Konbinazio hau ez da agertzen. | |
| 1 | 3 | Hizkuntza zuria. | ||
| 4 | Egia guztiak inolako zailtasunik gabe beteko dira. | |||
| 3 | 1 | Konbinazio hau ez da agertzen. | ||
| 3 | 1 | Konbinazio hau ez da agertzen. | ||
| 2 | 2 | Zure esku egon arren, konplikatua da. | ||
| 2 | 1 | 1 | Negozioa beteko da. | |
| 2 | 2 | Berak ez daki. | ||
| 1 | 3 | Besteentzako bermea. | ||
| 1 | 2 | 1 | Konbinazio hau ez da agertzen. | |
| 1 | 1 | 2 | Berak esan ahal dizu baina zure lanaren atzetik joan behar duzu arreta gehiago izateko. | |
| 1 | 3 | Arrakastarik gabeko lana. | ||
| 4 | Epe luzeko arrakasta. | |||
| 3 | 1 | Hausnarketa txarra. | ||
| 2 | 2 | Beste norbait etorriko da. | ||
| 1 | 3 | Konplikazioak desagertzear daude. | ||
| 4 | Arrakastarik gabeko lana. |
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Jack Botermans et al.: El Libro de los Juegos. Plaza & Janes editores S. A., Esplugues de Llobregat, 1989.
Claire Cattant: Histoire du Dé à jouer. CCED, Mayenne, 2016.
ETNIKER: Juegos infantiles en Vasconia. ETNIKER, Bilbo, 1993.
Frederic V. Grunfeld: Juegos de todo el Mundo. UNICEF Edilan, Madril, 1978.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
Jean-Manuel Mascort: Les Jeux du Sahara. Le Comptoir des Jeux, Chantilly, 2021.
Denborari buruzko erakusketaren testua (Bartzelona, 2026-04-21)
