tri-ominos
Tri-ominos jokoa Allan Cowan-ek asmatu zuen. Parisen jaioa, Frantzian 1930ean, Allanek Estatu Batuetara emigratu zuen familiarekin Bigarren Mundu Gerran. Cowan-ek tri-ominos jokoa asmatu zuen nerabea zenean, zenbakiekiko liluratuta zegoen eta. Une horretan, jokoa haurtzaroan zegoen; jokoaren fitxa triangeluarrak 0tik 9ra bitarteko zenbakietan oinarritzen ziren. Jokatzen maiz aritu eta joko-proba asko beharko lirateke Allanek jokoa biribildu baino lehen, 0tik 5era bitarteko zenbakiak erabili eta gaur ezagutzen dugun jokoa diseinatzeko.
1967an, hainbat joko-editorek baztertu ondoren, Allanek azkenean Pressman Toy Corporation-eko jendea konbentzitu zuen bere jokoan aritzeko. Pressmanek tri-ominos argitaratu zuen eta arrakasta handia izan zuen. AEBetako joko-merkatura zabaldu ondoren, Allenek Frantziako merkatua ere bereganatu nahi izan zuen. Jokoa Frantziako merkatuan sartu zen, baina salmentak motelak izan ziren eta ez espero bezala.
Aurrerago, 1989an, Goliath Games, Herbeheretako joko-konpainia gazte batek tri-ominos Europan saltzeko eskubideak eskuratu zituen. Lehen urtean tri-ominos merkatuan sartu zuten, eta Herbeheretan eman zioten urteko jokoaren saria.
Tri-ominos, orain familiarteko klasiko bat, ia 17 milioi kopia saldu ditu. Europako lehen saltzailea da, baina, bitxia bada ere, Frantzian ditu salmenta handienak.
Jatorrizkoaz gain, jokoak hogeita hamalau izen ditu, ekoizlearen arabera:
Deluxe Tri-Ominos, Disney Triominos, Dominó Triangular, Picture Tri-Ominos, Pooh Tri-Ominos, Reise Tri-Ominos, Super Tridom, Swisstrimino, Swisstrimino, Tournament Tri-ominos, Travel Tri-Ominos, Tri-Ominoes, Tridomino, Trimino, Trinomino, Trio Domino, Trio-Domino, TrioDomino, Triomino, Triomino Super 5, Triominoes, Triominos, Triominos Excel, Triominos Card Game, Triominos Compact, Triominos De Luxe, Triominos Pocket, Triominos Sunshine, Triominos Tour Edition, Triominos Transcards, Triominos Voyager De Luxe, Tripple Domino, Tripple-Domino, 트리오미노스 디럭스.
Tri-ominos dominoan oinarritutako jokoa da; izan ere, fitxak mahai gainean dauden fitxekin konbinatu behar dira. Tri-Ominos jokoaren fitxak triangeluarrak dira eta 0tik 5erako zenbaki bana daramate erpinetan. Beraz, mahai gaineko fitxekin konbinatzeko, gutxienez bi erpinetako zenbakiek bat etorri behar dute.
Tri-Ominos jokoak berrogeita hamasei fitxa ditu. Fitxa kopuru hori errepikapena duten konbinazioak dira. Multzoan sei elementu ditugu:
Konbinazio horiek linealak dira: 0-0-0, 0-0-1, 0-0-2, …, 5-5-4, 5-5-5. Konbinazio horien artean, errepikapenik ez duten konbinazioak
dira: 0-1-2, 0-1-3, 0-1-4, …, 2-4-5, 3-4-5. Konbinazio horiek triangelu batera eramaterakoan, bi aukera ditugu bi fitxa desberdin lortuz: 0-1-2 eta 0-2-1. Jokoan lehenengo aukera baino ez da hartu. Horretarako, triangeluaren goiko erpinean konbinazioaren zenbakirik txikiena jarriz, hurrengoak erlojuaren orratzen noranzkoan jarriko dira.
Gainerako hogeita hamasei fitxek bi zenbaki berdin dituzte bi erpinetan, eta hirugarrenean 0 eta 5 arteko zenbaki bat: 0-0-0, 0-0-1, 0-0-2, …, 5-5-4, 5-5-5. Konbinazio lineal horiek fitxa triangeluar bana sortzen dute.
Osagaiak eta hasiera
Berrogeita hamasei fitxa triangeluar: hogeita hamasei fitxak bi zenbaki berdin dituzte bi erpinetan, eta hirugarrenean 0 eta 5 arteko zenbaki bat. Gainerako hogei fitxek 0 eta 5 zenbakien hiruko konbinazioak dituzte, zenbakiak errepikatu gabe. Zenbakien antolaketa erlojuaren orratzen araberakoa da.
Bi, hiru edo lau jokalarik hartuko dute parte.
Hirukoitz altuena duena hasiko da. Eskuetan ez badago hirukoitzik, puntu gehien batzen dituen fitxaren jabea hasiko da.
Arauak
Fitxak ahoz behera jarriko dira eta nahasi egingo dira. Ondoren, jokalari bakoitzak zazpi fitxa hartuko ditu. Gainerako fitxak (42, 35, 28) piloan geratuko dira partidan zehar hartzeko.
Hirukoitz altuena duen jokalariak mahai gainean jarriko du. Orduan, fitxaren puntuak eta 10 puntu gehiago jasoko ditu.
Adibidez, lau hirukoitza jarri badu mahai gainean, 3 × 4 + 10 = 22 puntu jasoko ditu.
Lehenengo fitxa zero hirukoitza bada, 30 puntu gehiago lortuko ditu, honela: 3 × 0 + 10 + 30 = 40 puntu.
Partida hasieran jokalari batek bost hirukoitza eta zero hirukoitza baditu, bi fitxen artean aukera dezake hasteko. Zero hirukoitzarekin hasiz gero, bost hirukoitza erakutsi behar die beste jokalariei.
Inork ez badu hirukoitzik, puntu gehien batzen duen fitxaren jabea hasiko da, fitxa hori mahai gainean jarriz; kasu horretan, ez dago puntuazio estrarik.
Adibidez, 3-4-5 fitxa jarriz gero, 3 + 4 + 5 = 12 puntu jasoko ditu.
Lehen jokalariak lehen fitxa jarri ondoren, txanda eskuineko hurrengo jokalariarena izango da, eta horrela joango dira aurrera.
Jokalari batek fitxa bakar bat jar dezake txanda bakoitzean.
Fitxa bat jartzerakoan, fitxaren alde bateko bi zenbakiek bat etorri behar dute mahai gaineko fitxa baten alde bateko bi zenbakiekin. Eta bi fitxaren ondoan jartzen bada, hiru zenbakiek etorri behar dute bat. Batzuetan gerta daiteke jartzen den fitxaren alde bat jarritako beste fitxa baten alde batekin lotzea eta aurkako erpinak jarritako beste fitxa baten erpin bat ukitzea, zulo bat utziz; kasu horretan ere azken bi erpin horiek bat etorri behar dute. Jarritako fitxaren puntuak jasoko ditu jokalariak.
Adibidez, 1-2-4 fitxa jarriz gero, 1 + 2 + 4 = 7 puntu.
Jokatu ezin edo nahi ez duen jokalariak piloko fitxa bat hartuko du; orduan erabakiko du jokatu ahal duen edo ez duen jokatu nahi. Horrela egingo du pilotik gehienez hiru fitxa hartu arte. Pilotik hartutako fitxa bakoitzak 5 puntuko isuna dauka. Pilotik hiru fitxa hartu eta gero ez badu jokatzen, 10 puntuko isun gehigarria izango du: 5 + 5 + 5 + 10 = 25 puntuko isuna.
Jokalari batek fitxa bat behar badu eta piloan ez badago fitxarik, txanda galduko du, baina ez zaio 10 puntuko isun gehigarria aplikatuko.
Bere fitxa guztiak lehenago jartzen dituen jokalariak irabaziko du partida. Orduan, 5 puntu jasoko ditu, bukatzeagatik, bai eta gainerako jokalarien eskuetan dauden fitxa guztien puntu guztiak adina puntu ere.
Ordea, partida bukatzen bada jokalari guztiek ezin dutelako jokatu, eskuen puntu gutxien duen jokalariak irabaziko du partida. Ez du 5 puntuko saria jasoko, baina bai gainerako jokalarien puntu guztiak. Horrez gain, irabazlearen eskuan dauden puntuak etekinetik kenduko dira.
Partida bat 400 puntura jokatzen da hainbat eskutan. Jokalari bat 400 puntura esku baten erdian iristen bada, eskua bukatu beharko da. Esku horren bukaeran kontu guztiak egin eta gero ikusiko da zein den irabazlea.
Badaude puntu gehigarriak lortzeko moduak:
1) Fitxen artean zulo bat uzteak 40 puntu gehigarri ematen ditu. Horretarako jartzen den fitxa baten alde bat mahai gainean jarritako fitxa baten alde batekin eta fitxaren aurkako erpina mahaiko beste fitxa baten erpin batekin lotzen da.
Adibidez, 2-2-5 fitxa jarriz gero, 2 + 2 + 5 + 40 = 49 puntu jasoko ditu.
2) Fitxa batekin hexagono bat osatzen bada, 50 puntu gehigarri lortzen dira.
Adibidez, 0-1-3 fitxa jarriz gero, 0 + 1 + 3 + 50 = 54 puntu jasoko ditu.
3) Fitxa batekin bi hexagono osatzen badira, 60 puntu gehigarri lortzen dira.
Adibidez, 1-5-5 fitxa jarriz gero, 1 + 5 + 5 + 60 = 71 puntu jasoko ditu.
4) Fitxa batekin hiru hexagono osatzen badira, 70 puntu gehigarri lortzen dira.
Adibidez, 1-3-4 fitxa jarriz gero, 1 + 3 + 4 + 70 = 78 puntu jasoko ditu.
Iturriak
Eskuko arauak: Cayro.
https://boardgamegeek.com/boardgame/4040/tri-ominos (2023 - 01 - 05)
https://www.bordspelmania.eu/kb.php?a=79 (2023 -01 – 07)
https://owlworksllc.com/inventor-stories/tenacious-tri-ominos-inventor-allan-cowan/ (2023 – 01 – 07)