Ur-eko erret jokoa
Tigris eta Eufrates ibaien artean zegoen Mesopotamiako (gaur egun Siria eta Irak) antzinako arte-objektuen altxorrik handiena Leonard Woolley-k gidatutako espedizioak aurkitu zuen 1920ko hamarkadan. Espedizio hartan British Museum-ek eta Pennsylvaniako Unibertsitateak hartu zuten parte. Espedizioak zenbait hilobi indusi zuen zibilizazio sumertarraren Ur hirian. 1926 eta 1930 bitartean, Woolley-k hiru taula osorik eta gutxienez bi taulen erdia, baita joko-taulen inkrustazio-puska asko ere, aurkitu zituen Ur-eko erret hilerrian. Taula horiek o.a.a. III. milurtekoan ohikoak ziren taulak ziren: 3×4 laukiko blokea, bi laukiko korridorea eta 3×2 laukiko blokea. 4.500 urte inguruko objektu haiek aurkitzeak interes handia zuen; izan ere, aurkitutako joko-taularik zaharrenak baitziren, garai hartan. Joko honek sona handia omen zuen Sumerreko aberatsengan; taulak erret etxekoen eta aberatsen hilobietan bakarrik aurkitu baitziren. 1983an, M. Piperno-k eta S. Salvatori-k Ur-etik kanpo aurkitu den itxura bereko taula bakarra aurkitu zuten, Ur hiritik 1.000 baino kilometro gehiagora ekialdera, Xahr-i Sohkta-n, Seistan, Iran (Iraneko Museo Nazionala, Teheran). Zurezko taula horrek laukien antolaketa bera du, baina laukien lekuan suge kiribildu zizelkatu batek osatutako zirkuluak daude. Kasu honetan, jokoaren elementu guztiak, jokatzeko piezak eta dadoak saski batean ehortzi ziren hildakoaren buruaren parean. Dadoak zurezko prisma karratu luzangak dira eta 1-4 puntuak dituzte aurpegietan. Ohizkoa zen hildakoen hilobietan joko-taulak uztea, heriotzaz haraindiko munduan une atseginak pasatzen laguntzeko.
Osorik dagoen Ur-eko taula apalenean (U. 10478, Woolley, 1934, Penn Museum) hamazazpi laukik bost puntu dituzte, batzuetan lau gorri eta urdin bat eta besteetan lau urdin eta gorri bat; gainerako hiru laukiek lore bat daramate, lau petalo gorri eta lau urdin. Bi lauki hondaturik ditu.
Osorik dagoen bigarren taulan (U. 10557, Woolley, 1934, Irakeko Museo Nazionala), laukiek animaliak (lehoiak, oreinak, zekorrak) erakusten dituzten marrazkiez eta irudi geometrikoz (loreak, puntuak, begiak) edertutako maskor-plakak dituzte.
Ur-eko hirugarren taulak (U. 9000, Woolley, 1934, British Museum, 120834) lapis lazuliz eta kareharri gorriz xartatutako maskor-xaflak ditu, lapis lazulizko zerrendez inguraturik. Lauki guztietan irudi geometrikoak ditu: bost lore ditu, petalo gorriak eta urdinak; bost laukitan, bost puntu urdin bost zirkulu argi gainean ditu; bost laukitan, launa begi urdin ditu; bi laukitan, bost puntu urdin ditu sigi-sagazko bi lerro itxiren barnean; bi laukitan, bost puntu urdin sigi-sagazko lerro batean ditu launa aldiz; eta lauki batean, hamasei lauki daude eta hamabi puntu urdin.
Xahr-i Sohkta-ko taulan ez dago apaingarririk, sugeaz gain.
Ur-eko jokoaren taulek kanpoko itxura berdina badute ere, posizio bereko laukiak ez daude berdin markaturik taula guztietan, salbuespen batekin: lorea daramaten laukiak, bost taula batzuetan eta hiru beste batzuetan, kasu guztietan bat datoz posizio berdinetan. Taulen diseinu desberdinek zalantzan jartzen dute taula guztietan ibilbide ber bat egotea. Baina, bestalde, loreak beti lauki beretan agertzeak iradokitzen du oinarrizko egitura bat zegoela, eta gainerako laukien dekorazioak beste funtzio batzuekin erabiltzen zirela edo estetika hutsa zirela.
Ur-eko indusketan, bi motako zazpina fitxa aurkitu zituzten taulekin. Nakarrezko fitxa argiek lapis lazulizko bost puntu ilun dauzka, eta arbelezko fitxa ilunek nakarrezko bost puntu argi. Fitxekin batera, lau aurpegiko sei dado, tetraedro itxurakoak, ere aurkitu zituzten. Lau erpinetako bi marketeriazkoak dira. Hiru dado harri zurizkoak dira, eta beste hirurak lapis lazulizkoak. Beraz, bi jokalariri dagozkien bi serie direla dirudi. Bestelako dadoak ere aurkitu dira, hamar prisma karratu 1-4 puntuekin. Ez lehenak es besteak ez dira geroko Mesopotamian agertzen; horrek iradokitzen du kanpoko jatorria izan dezaketela.
Beste joko askorekin gertatzen den bezala, ez dugu arau idatzirik. Hala ere, taulek eta zenbait arrastok arauak berreraikitzeko aukera eman dute.
Jokoa hogei laukiko jokoen multzokoa da eta lasterketa-jokoa da. Multzo horretan sartzen dira Egiptoko aseb, Jiroft-eko arranoa, Xahr-i Sokhta-ko jokoa eta abar.
Joko-arauak berreraiki zituzten historialariek Ur-eko erret jokoa Egiptoko aseb, Jiroft-eko arrano itxurako hogei laukiko jokoa eta Xahr-i Sokhta-ko hogei laukiko jokoarekin lotzen dituzte. Hala ere, Ur-eko erret jokoaren taula askoz landuagoa da beste hirurak baino, eta horrek iradokitzen du mota bereko jokoa dela, baina arau desberdinak izan zitzakeela.
Bi izan dira jokoaren arauak berreraikitzen lagundu duten buztinezko taulaxkak. Bata, British Museum-ean dago (BM 333338, o.a.a. 177-6) eta hainbat asiriologok aztertu dute. 1956an, E. F. Weidner-ek, artikulu batean, argudiatu zuen idazkuna zoria iragartzeko modua zela. Liburu berean, halabehar bitxi batez, J. Bottéro asiriologoak antzeko informazioa zuen bigarren taulaxka baten (o.a.a. 626-539 artekoa) argazkia eta azterketa argitaratu zuen. Bigarren taulaxka Lehen Mundu Gerran galdu zen, baina haren argazki bat salbatu zen. Lau urte beranduago, B. Landsberger-ek, A. L. Oppenheim asiriologoaren lana aipatuz, ikerlan bat argitaratu zuen eta bi taulaxka horiek joko bat aipatzen dutela frogatu zuen. Izan ere, bi taulaxkek jasotzen zuten joko-taula zoria iragartzeko ere erabiltzen zela.
Guztira itxura berdineko sei taula eta bi lekutan baino ez direla aurkitu kontuan hartuz, adituek uste dute hobe dela Ur-eko erret joko izenaren ordez hogei laukiko joko izena erabiltzea.
Hogei laukiko jokoa oso arrunta izan zen o.a.a. II. eta I. milurtekoetan. Ludeme proiektu digitalaren datu-baseak 107 pieza ematen ditu, Egiptotik Iranera, baita Kretan ere. Jocari web-orriak aztarna arkeologikoen informazioa ematen du. II. milurtekoaren hasieran Ur-eko jokoaren taulak aldaketa bat jazo zuen eta, itxuraz, Ekialde Hurbileko historia zaharrean nagusitu zen. Taularen 3×2 blokea garatu zen eta 1×2 zubiaren jarraian erantsi zen, zortzi laukiko ilara bakar batean. Hasieran loredun laukiak gorde baziren ere, denborarekin baztertzen hasi ziren. Taularen aldaketak jokatzeko moduaren aldaketa ekarriko zuen.
Osagaiak eta hasiera
Taulak hogei lauki ditu, hamabi lauki 3×4 bloke batean, sei lauki 3×2 bloke batean eta bi lauki bion arteko 1×2 zubi batean. Taulako loredun laukiak babestokiak dira.
Jokalari bakoitzak zazpi fitxa ditu.
Jokalari bakoitzak hiru dado tetraedriko erabiliko ditu.
Fitxak taulatik kanpo daude hasieran.
Arauak
Arau hauek Frederic V. Grunfeld-ek Juegos de todo el Mundo liburuan eman zituen.
Dadoak tetraedroak dira (lau aurpegi eta lau erpin). Dadoen bi erpin markaturik daude. Hiru dadoak batera jaurtitzen dira, ondoko konbinazioak gerta daitezkeelarik:
Goiko hiru erpinak markaturik, 5 puntu
Goiko bi erpin markaturik (bat markatu gabe), puntu 1
Goiko erpin bat markaturik (bi markatu gabe), 0 puntu
Goiko erpin bat ere markatu gabe, 4 puntu
Fitxak dadoen puntuazioaren arabera taulara sartu eta mugitzen dira. Bere zazpi fitxekin ibilbide osoa lehenengo egiten duenak irabaziko du. Ibilbidea 1. laukian hasten da eta geziei jarraituz 20. laukian bukatzen da, irudian ikusten den bezala.
Jokalariek erabakitzen dute zein hasten den.
Fitxak taulara 1 (bi erpin markaturik) edo 5 (hiru erpinak markaturik) puntuazioekin sartzen dira eta 1. eta 5. laukietan kokatzen dira, hurrenez hurren; bi lauki horiek lore batekin daude markaturik. Beste aukera bat, fitxa bat taulako 1. laukira sartzeko, hauxe da: jokalari beraren beste fitxa bat, loredun lauki batera eramatea.
Fitxa bat 14. laukira heltzen denean, buelta ematen zaio erdiko pasabidetik gora doazenetatik bereizteko.
Lauki batean jokalari baten nahi adina fitxa egon daitezke.
Fitxak erdiko pasabidean eta goiko zirkuituan daudenean, eraso egin dakieke. Jokalari baten fitxak dauden laukira aurkariaren fitxa bat heltzen denean, haren fitxek ibilbidea berriro hasi behar dute. Ahoz gora zein ahoz beherako fitxei egoera berean dauden fitxek baino ezin diezaiekete eraso, ahoz gorakoek ahoz gorakoei, etab.
Taulatik ateratzeko, lehenbizi fitxa puntuazio zehatzarekin irteerako laukian (20. laukian) jarri behar da eta gero 4 puntu (erpin bat ere markatu gabe) atera behar dira. Jokalari batek 20. laukian bat baino fitxa gehiago badu, guztiak batera atera ditzake, 4 puntu ateraz gero.
Hona hemen Robert Charles Bell-ek Board and Table Games 1 liburuan proposatutako arauak.
Apustuak ontzi batean jartzen dira eta, partida bukaeran, irabazleak eramango ditu.
Jokalari batek dado bat jaurtiko du; besteak, airean den bitartean, asmatu beharko du markatutako erpin bat goian geratuko den edo ez. Asmatzen badu, kolorea, taularen aldea, aukeratu ahal izango du eta lehen mugimendua izango du.
Bi taldeak taulatik kanpo hasiko dira. Mugimenduak taulan ikusten diren noranzkoetan egingo dira.
Hasten den jokalariak bere hiru dado jaurtiko ditu. Lor dezakeen puntuazioa hau da:
Goiko hiru erpinak markaturik, 5 puntu eta beste jaurtiketa bat.
Goiko bi erpin markaturik (erpin bat markatu gabe), puntu 1 eta beste jaurtiketa bat.
Goiko erpin bat markaturik (bi erpin markatu gabe), 0 puntu eta txanda galdu.
Goiko hiru erpinak markatu gabe, 4 puntu eta beste jaurtiketa bat.
Fitxa bat taulan sartuko da 5eko puntuazioarekin, eta aurrera mugituko du jaurtiketa estraren puntuazioaren arabera.
Fitxa bat loredun lauki batera iristen bada, aurkariak isun bat jarriko du ontzian.
Fitxa bat erdiko ilaran sartzen denean, aurkariaren fitxekin hasiko da borrokan; eta fitxa aurkari bat dagoen laukian sartzen bada, fitxa aurkaria taulatik kanpo bidaliko du eta berriro hasi beharko du ibilbidea 5eko jaurtiketarekin. Jokalari bakoitzak borrokarako zortzi lauki ditu, erdiko ilarako loredun laukia barne, eta sei lauki seguru ditu, erdiko ilaratik bere aldera daudenak.
Fitxa taulatik ateratzeko, jaurtiketa zehatza behar da.
Jokalari batek nahi adina fitxa izan ditzake aldi berean taulan, baina lauki bakoitzean bat baino ez.
Fitxa guztiak taulatik ateratzen duen lehen jokalariak irabaziko du.
Hauek dira Irving L. Finkel-ek British Museum-ek argitaratutako jokoaren eskuko orrian eman dituen arauak:
Jokalarien aldeko seina lauki seguruak dira eta erdiko ilarako zortzi laukiak borrokarako laukiak dira.
Lorea duten bost laukiak zorionekoak dira. Loredun lauki batera iritsiz gero, dadoen beste jaurtiketa bat ematen du. Eta erdiko ilarako loredun laukian dagoen fitxa bat ezin da kanporatu.
Helburua zazpi fitxak taulan sartu, ibilbidea egin eta dagokien irteeratik ateratzea da.
Lau dadoen jaurtiketen puntuazioa hau da:
Goiko erpin bat markaturik (hiru erpin markatu gabe), puntu 1
Goiko bi erpin markaturik (bi erpin markatu gabe), 2 puntu
Goiko hiru erpin markaturik (erpin bat markatu gabe), 3 puntu
Goiko lau erpinak markaturik, 4 puntu
Goiko lau erpinak markatu gabe, 0 puntu
Jokalariek txandaka jaurtiko dituzte lau dadoak.
Fitxak taulan sartuko dira dadoen puntuazioak adierazten duen laukian: 3ko puntuazioarekin 3. laukian sartuko da fitxa, eta horrela besteekin.
Lauki batean fitxa bat baino ezin da egon; baina nahi adina fitxa egon daitezke aldi berean taulan.
Jokalari baten fitxak bere gainerako fitxen gainetik edo aurkariaren fitxen gainetik mugi daitezke lauki huts batera.
Fitxa bat erdiko ilarako edozein laukitatik kanpora daiteke, loredun laukitik izan ezik, eta berriro hasi beharko du ibilbidea.
Taulatik ateratzeko puntuazio zehatza atera behar da.
Arau hauek Jean-Louis Cazaux-en Du senet au backgammon. Les jeux de parcours liburutik hartuta daude.
Jokalari bakoitzak zazpi fitxa eta hiru dado ditu.
Ibilbidea alboko irudian ikus daiteke.
Hasieran taulan ez dago fitxarik.
Dadoak tetraedroak dira (lau aurpegi eta lau erpin). Dadoen bi erpin markaturik daude. Hiru dadoak batera jaurtitzen dira, eta puntuazio hauek lor daitezke:
Goiko hiru erpinak markaturik 3 puntu
Goiko bi erpin markaturik (bat markatu gabe) 2 puntu
Goiko erpin bat markaturik (bi markatu gabe) 1 puntu
Goiko erpin bat ere markatu gabe 4 puntu
1eko eta 3ko jaurtiketek aukera ematen dute berriro jokatzeko. 2ko eta 4ko jaurtiketekin txanda aurkariari pasako zaio.
Fitxek aurrera egingo dute hiru dadoen puntuazioaren arabera.
Ahal dutenean jokalariek derrigorrez jokatu behar dute, beren interesen kontra badoa ere. Ezin badute jokatu, txanda aurkariari pasako zaio.
Fitxak taulara 3 edo 4 puntuazioekin sartuko dira.
Taulan jokalari baten nahi adina fitxa egon daitezke.
Lauki batean gehienez fitxa bat egon daiteke.
Fitxa batek bere taldeko fitxa baten gainetik igaro dezake mugimenduan.
Jokalari baten fitxa bat aurkariaren fitxa bat dagoen laukira heltzen denean, aurkariarena kanpora bidaliko du. Bere jabeak taulara birsartu beharko du.
Taulako loredun laukiak babestokiak dira. Fitxa bat bertara iristen bada, babestuta dago eta jokalariak berriro joka dezake, jaurtiketa bikoitia lortu badu ere. Aldiz, fitxa bat loredun laukiaren gainetik igarotzen bada, bertan gelditu gabe, bere jabeak txanda galduko du, jaurtiketa bakoitia lortu badu ere.
Fitxa bat taulatik ateratzeko puntuazio zehatza behar da. Fitxa bat ateratzen duen bakoitzean, jokalariak berriro jokatzeko aukera dauka.
Irabazlea bere zazpi fitxak taulatik ateratzen dituen lehena izango da.
Patxi Angulo: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Andrea Becker: The Royal Game of Ur (Ancient Board Games in perspective). The British Museum Press, Londres, 2007.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations 1. Dover Publications, Inc., New York, 1960.
Robert Charles Bell: The Boardgame book. Marshall Cavendish Editions, Londres, 1979.
Jean-Louis Cazaux: Du senet au backgammon. Les jeux de parcours. Chiron editeur, Paris, 2003.
Irving L. Finkel: On the Rules for the Royal Game of Ur (Ancient Board Games in perspective). The British Museum Press, Londres, 2007.
Frederic V. Grunfeld: Juegos de todo el Mundo. Edilan, Madril, 1978.
Eli Gurevich: Ancient Games, https://www.ancientgames.org/royal-game-ur-game-20-squares/ (2021-02-20)
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
Marcello Piperno eta Sandro Salvatori: https://www.academia.edu/2163324/Recent_results_and_new_perspectives_from_the_research_at_the_graveyard_of_Shahr_i_Sokhta_Sistan_Iran (2021-02-20).
Ludeme proiektu digitalaren datu basea: http://ludeme.eu (2021-04-28).
Jocari web-orria: http://www.jocari.be/search.php?scat=284&sman=1,68&pg=1&nobox=true (2021-05-16)