xake bizantziarra
Ax-xatranj ar-rumiya (xake bizantziarra) edo xatranj mudawara (xake biribila) oso joko zaharra da; izan ere, X. mendetik jokatu izan da Indian zein Persian. Al-Masudi-k, 947. urte inguruan, esan zuen musulmanen xatranj xakearen aldaera bat baino ez zela; eta eskuizkribu gehienak bat datoz al-Masudirekin. Beste xake mota batzuk ere baditu; esate baterako, xatranj tawila (xake luzanga), zeina gertuago baitago, benetako jokoarekin duen antzagatik; batak zein besteak piezak aldaketarik gabe mantendu dituzte.
Izen arabiarrak, ar-rumiya (bizantziarra, erromatarra), "erromatar" hitzaren deformazio bat dirudi; jokalari musulmanek bi jokoen estiloak kalifikatzen zituzten kualitatiboki:
karratuak: indiar tradizionalak eta motelak;
xake biribilak: erromatarrak eta azkarrak.
Al-Masudik garaiko jokoen egoera eraikitzen du, eta Indiatik Persiara igarotzea VI. eta VII. mendeetan kokatu zuen, ahozko tradizioko animaliazko alegia indiarrekin nahastuta, sasandarren dinastiaren eragin landuarekin. Fabula horiek oso preziatuak ziren beste tradizio batzuetan, eta folklore arabiarra osatzen dute, jakintsu persiar batek arabieraz transkribatu bazuen ere.
Al-Masudik, hala, xake-jokoak egiteko aukerei buruzko azalpen osoa egin zuen, eta dagoeneko garrantzi handia ematen zion: izan ere, Indiako bolia erreserbatuta zuen, baita nard jokorako ere, baina Erdi Arora arte. Hori ez dator bat, ordea, Indian aurkitu diren xakearen aztarnen urritasunarekin.
Tamerlan (1405ean hilda) enperadore mongolaren historialari b. Arabshah-ek hainbat informazio eman zigun. Hain zen ona Tamerlan xakean ezen xake txikian (arruntean) ez ezik, ax-xatranj al-kabir xake handian ere aritzen zela bere adimena zorrozteko, 10×11 laukiko taula batean eta pieza gehigarri hauek zeramatzan: bi jamal (gamelu), bi zurafa (jirafa), bi talia (zalatari), bi dabbaba eta wazir (bisir) bat. Jokalari trebeena Aladin at-Tabrizi legelaria zen. Xakeari eta haren posizioei buruzko tratatu bat idatzi zuen. Oso azkar jokatzen zuen, pentsatu gabe eta aurkariek mugitu bezain pronto. Historialariak dio bere etxean ikusi zituela xatranj mudawara (xake biribila) eta xatranj tawila (xake luzanga).
XIV. mendeko entziklopedista persiarra Muhammad b. Mahmud Al-Amuli-k, Nafais al-funun fi arais al-uyun (Zientzien altxorra) lanean jaso zuen joko hau xatranj mudawara izenarekin. David Reynolds historialariak Erdi Aroan transkribatutako arauak aztertuko ditu eta egokituko ditu aldaera modernoa aberasteko.
Al-Masudik ere joko hau Bizantzion erabiltzen zela aipatzen du, baina hori ez du beste iturriren batek berresten. Bizantziarrek, jakina, xakea (edo zatrikion persierazko txatrang izena aldatuta) ezagutzen zuten, baina hartutako forma (karratua edo zirkularra) ez zen baietsi. Izan ere, joko honek arabe-persiarra dirudi.
Xatranjaren aldaera hau geroago Europan zabalduko zen xakearen arbaso bat da. Piezan itxura abstraktua garaiko kanon musulmanena da, zeinak ez zuen animalien irudirik erabiltzen.
Xake bizantziarra 64 laukiko taula biribil batean jokatzen zen; taulak 16 laukiko lau koroa zentrokide zituen. Xake arrunteko piezak erabiltzen ziren eta eskuineko irudian erakusten den bezala kokatzen ziren: lau laukiko erradio batean lau baidaq (peoi); hurrengo erradioan, barrutik kanpora, firzan-a (bisir), fil (elefante) bat, faras (zaldi) bat eta rukhkh (gaztelu) bat; hurrengo erradioan, barrutik kanpora, xah-a (errege), fil (elefante) bat, faras (zaldi) bat eta rukhkh (gaztelu) bat; eta hurrengo erradioan, beste lau baidaq (peoi). Aurkariaren piezak simetriaz kokatzen dira, xahak diametro berean jarriz.
Al-Amuliren eskuizkribu gehienek, xaha eta firzana kanpoko koroan kokatzen dituzte, eta zentroko zirkuluan lau koadrante irudikatzen dituzte zortzi pieza nagusiak bereizten dituzten erradioak, eta horien perpendikularrak, luzatuz. Zentroko lau lauki berezi horiei Al-Amulik husūn (zitadela) deitzen zien. Jokalari batek bere xaha (kanpoko koroatik) lau lauki horietako batera eramaten bazuen, ezin zuen partida galdu.
Abu Ishaq Ibrahim b. al-Mubarak b. Ali al-Mudhahhad al Baghdadi-k, 1140an, idatzi zuen Abd al-Hamid I, 560 katalogo-zenbakidun eskuizkribuak, [Kitab ax-xatranj mimmal-lafahul-Adli was-Suli wa ghair-huma (Xatranjaren liburua; Al-Adliren, As-Suliren eta beste batzuen lanetako pasarteak) lanaren eskuizkribuak] eta Muhammad b. Hawa b. Othmanek, 1221ean, kopiatu zuen Eyyub, 2234 katalogo-zenbakidun eskuizkribuak honela deskribatzen dute jokoa:
Hau da Siwar al-Harranik Dhu'l-Yaminain Tahir b. al-Husain b. Mus'ab-i eman zion xake bizantziarra Mesopotamian bizi zenean. Ikus dezakegunez, haren propietateak, laukien kopurua eta forma indiarren xakearen antzekoak dira, gauza batean izan ezik: Indiako baidaqa goratu daiteke muga bat duelako; bizantziar baidaqa, berriz, ezin da goratu mugarik ez duelako. Bizantziar rukhkhen laukiek rukhkh indiarrenak gainditzen dituzte, eta Indiako farasen laukiek bizantziar farasenak gainditzen dituzte. Indiako jokoa bizantziarra baino luzeagoa da, eta ez dago bien arteko alderik, Indiako planoa karratua eta bizantziarra biribila direla izan ezik. Bizantziar filak bat etortzen dira eta indiarrak, berriz, ez. Onartua da bizantziar jokoa indiarra baino modernoagoa dela: jatorrizkoa, jendea ados dagoenez, indiarra da. Arau bat da alde bateko bi baidaq elkartzen direnean, eta beste aldeko jokalariak harrapatzen ditu ezeren truke.
Osagaiak eta hasiera
Xake bizantziarraren taula 16 laukiko lau koroa zentrokidek osatzen dute, zentroan hutsune ba utziz.
Jokalariek hamasei pieza hauek zituzten: xah bat (errege), firzan bat (geroago bisir), bi fil (elefante), bi faras (zaldi), bi rukhkh (gaztelu) eta zortzi baidaq (peoi). Piezen koloreak berde eta gorriak ohi ziren; batzuetan, beltza erabiltzen zuten berdearen partez.
Piezen hurrenkera lau laukiko erradio batean, ezkerretik eskuinera, hau zen: lau baidaq (peoi); hurrengo erradioan, barrutik kanpora, firzana (bisir), fila (elefante), farasa (zaldi) eta rukhkha (gaztelu); hurrengo erradioan, barrutik kanpora, xaha (errege), fila (elefante), farasa (zaldi) eta rukhkha (gaztelu); eta hurrengo erradioan, beste lau baidaq (peoi). Aurkariaren piezak simetriaz kokatzen dira, xahak diametro berean jarriz.
Arauak
Helburua:
Xatranj arruntean hiru bide zeuden partida irabazteko:
1. Xake-matea ematea aurkariaren xahari; orduan, irabazleak xah mat! oihukatuko du.
2. Aurkariaren xaha biluztea (xah munfarid); aurkariaren pieza guztiak harrapatzea da, azken pieza harrapatu eta hurrengo mugimenduan aurkariaren xahak ez badu berdin egiten norberaren piezekin. Azken egoera horretan, partida mulua izango zen.
3. Aurkariaren xaha itotzea (zaid); aurkariaren piezak ezin direnean mugitu eta xaha mugituz gero, xakean geratzen bada.
Etengabeko xakea, bukaera batera iristeko ezintasuna edo mugimenduen errepikapena berdinketak dira.
Jokalariak, txandaka, pieza bat mugituko dute aldi bakoitzean.
Mugimenduak:
Piezak xatranj arruntean bezala mugitzen dira, baina koroetan zehar.
Xaha lauki bat mugi daiteke inguruko zortzi laukietako batera, ez badago xake pean. Derrigorrez atera behar du xakearen mehatxutik.
Firzana lauki bat mugi daiteke diagonalean, aurrera edo atzera. Hortaz, taularen 32 laukitan baino ezin da kokatu (bi koloreko taulan, denak kolore berekoak lirateke).
Filak bi laukira jauzi egin dezake diagonalean, aurrera edo atzera. Ez du axola tarteko laukia beterik dagoen edo ez. Ondorioz, taularen zortzi laukitara baino ezin da mugitu. Fil batek, beraz, beste fil bat topatu eta eraso dezake.
Farasak 2×3 edo 3×2 laukizuzenaren diagonalaren beste muturrera jauzi egin dezake; ez du axola bideko laukiak beterik dauden edo ez.
Rukhkha nahi adina lauki mugi daiteke horizontalean edo bertikalean, bidea libre badago.
Baidaqa lauki bat aurrera mugituko da, bere aldeko noranzkoan. Harrapatzeko, lauki bat diagonalean eta aurrera egin behar du. Ez du hasierako mugimenduan bi laukira aurreratzeko aukerarik; eta ez du, beraz, pasean harrapatzerik.
Harrapatzeak:
Pieza guztiek, baidaqak izan ezik, mugitzen diren bezala harrapatzen dute ordezpenez. Iristen diren laukian aurkariaren pieza bat badago, hori harrapatuko dute eta taulatik aterako dute.
Baidaqak ere ordezpenez harrapatzen ditu aurkariaren piezak; baina, harrapatzeko mugimendua diagonalean egin behar du, lauki bat aurrera, ezkerrera edo eskuinera.
Goratzeak:
Peoien goratzea dagoeneko bazegoen xatranj arruntean; bere azken errenkadara iristen bada, firzan bihur daiteke. Baina hemen ez dago azken errenkadarik.
Xake taularen zentroan, alde bereko bi baidaq aurrez aurre elkartzen badira, elkar anulatuko dute eta jokotik kendu beharko dira.
Ez dago endrokatzerik.
Jokalari batek xakea ematen badu, aurkaria ohartarazi beharko du, xah! esanez.
Piezen balioa
Al-Adlik eta as-Sulik balio bat eman zieten piezei dirham-etan xatranj arruntean. Balio hori hartzen zuten txanpon gisa harrapaketen trukeak neurtzeko. Hauek ziren piezen balioak partida hasieran dirhametan:
Rukhkhak dirham bat
Farasak 2 / 3 dirham
Firzanak 1 / 3 dirham
Filak 1 / 4 dirham
d, e-ko baidaqek 1 / 4 dirham
b, c, f, g-ko baidaqek 1 / 6 dirham
a, h-ko baidaqek 1 / 8 dirham
Ikusten denez, rukhkhak eta farasak ziren taulako pieza nagusiak. Beste aldean, firzana eta filak defentsarako piezak ziren. Baidaqak ez zeuden gutxietsita; areago, baidaqak goratzeak firzan gehiago izateko aukera ematen zuen.
Proportzioan, xahak indar erlatibo handiagoa zuen xatranjean gure xakean baino eta, beraz, erasoetan paper garrantzitsuagoa zuen.
Partidan zehar piezek hainbat balio har zitzaketen, gora edo behera eta zeharo alda zitezkeen bukaeran geratzen ziren piezen arabera.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Zaldiaren jokoak. Xakeen historia bat. Donostia, 2019.
Claire Cattant: Jeux de Plateau. Jeux de tables en Occident Médieval. CCED, Mayenne, 2014.
Harold James Ruthven Murray: A History of Chess. Skyhorse Publishing, New York, 2012.