xake luzanga
Aditu arabiar eta persiar gehienek tarte bat eskaini zieten xakearen aldaerei. Xake luzangari Al-Masudi-k al-mustatîla deritzo, b. ‘Aradxah-ek at-tawila (luzanga), b. Abi Hajala-k al-mamduda (luzatua) eta Al-Amuli-k at-tawila edo al-mamduda. Badirudi aldaera haiek arrakasta gehiago lortu zutela ekialdean Europan baino. Baina bertan ere, joko haiek oso gutxitan izan zuten bizitza luzea. Baina, xake luzangari dagokionez, Tamerlan (1405ean hilda) enperadore mongolaren historialari b. Arabshah-ek hainbat informazio eman zigun. Hain zen ona Tamerlan xakean ezen xake txikian (arruntean) ez ezik, ax-xatranj al-kabir xake handian ere aritzen zela bere adimena zorrozteko, 10×11 laukiko taula batean eta pieza gehigarri hauek zeramatzan: bi jamal (gamelu), bi zurafa (jirafa), bi talia (zalatari), bi dabbaba eta wazir (bisir) bat. Jokalari trebeena Aladin at-Tabrizi legelaria zen. Xakeari eta haren posizioei buruzko tratatu bat idatzi zuen. Oso azkar jokatzen zuen, pentsatu gabe eta aurkariek mugitu bezain pronto. Historialariak dio bere etxean ikusi zituela xatranj mudawara (xake biribila) eta xatranj tawila (xake luzanga).
X. mendean, Al-Masudi-k xatranj jokoaren bost aldaera eman zituen Muraj ad-adhahab wa maadin al-jawhar (Urrearen zelaiak eta harribitxien meatzeak) lanean:
Xake luzanga (al-mustatîla);
Xake bizantziarra edo biribila (ar-rumiya);
Xake hamartarra edo osoa (at-tamma);
Xake astronomikoa edo xake zerutarra (al-falakïya), Alfontso X.a Jakitunaren Juegos de Axedrez, Dados y Tablas etc. liburuan deskribatuak.
Xake anatomikoa (al-jawârhîya), 7×8 laukiko taula eta 6 pieza hauekin: mihia, begia, belarria, eskua, oina eta bihotza. Haren arauak ahaztuta daude gaur egun.
Guztietatik, xake luzanga eta biribila dira xatranjetik gertuen dauden aldaerak, jokoaren piezei dagokienez.
Xake luzanga 4×16 laukiko taula batean jokatzen zen dadoekin. Piezak jatorrizko jokoaren piezak berak ziren eta mugimendu berdinak zituzten. Piezak taularen mutur estuetan zehar antolatuta zeuden, baina eskuizkribuen diagramek posizio ugari erakusten dituzte.
Istanbulgo Abd al-Hamid I, 560 katalogo-zenbakiduna (AH) eta Kairoko Egiptoko Biblioteka Nazionaleko Mustafa Pasha, 8201 katalogo-zenbakiduna (C) lan beraren eskuizkribuak dira: Kitab ax-xatranj mimmal-lafahul-Adli was-Suli wa ghair-huma (Xatranjaren liburua; Al-Adliren, As-Suliren eta beste batzuen lanetako pasarteak). AH eskuizkribua Istanbulen dago, eta Abu Ishaq Ibrahim b. al-Mubarak b. Ali al-Mudhahhad al Baghdadi-k idatzi zuen 1140an. C eskuizkribuaren egilea ez da agertzen, eta 1370ean dago datatuta.
Eskuizkribu horiek posizio hau ematen dute:
Istanbulgo Vefa auzoko Atif Efendi Bibliotekako Eyyub, 2234 katalogo-zenbakiduna (V) Muhammad b. Hawa b. Othmanek kopiatu zuen 1221ean, baina jatorrizko testuaren egilea ez dakigu zein den.
Manchesterko John Rylands Bibliotekako Arab. 93 edo Ryl. Arabic MS. 767 katalogo-zenbakiduna (Man.) 1446an kopiatu zuten. Izenburu hau darama: Kitab anmudhaj al-qital fi lab ax-xatranj (Xatranj jokoaren gerra adibideen liburua), eta Xihab al-Din Abu al-Abbas Ahmad b. Yahya b. Abi Hajala-rena da (1375ean hila).
Eskuizkribu horiek (b~7) posizio hau ematen dute.
Al-Amuli-ren entziklopediako xakearen kapituluak (Al.). Xakeaz dihardute Muhammad b. Mahmud al-Amuli persiarraren (1352an hila) Nafais al-funun fi arais al-uyun (Zientzien Altxorra) entziklopediaren azkeneko hiru kapituluek.
Eskuizkribu horren Indian Office Library-ko kopiak posizio hau ematen du.
Eskuizkribu horren Elliot, 274 eta Bland kopiek posizio hau ematen dute.
Eskuizkribu horren Vienako kopiak posizio hau ematen du.
Eskuizkribu horren Elliot, 275 eta Bland kopiek posizio hau ematen du.
Eskuizkribu horren British Museum-eko kopiak posizio hau ematen du.
Hasierako zazpi posizio horiek ezaugarri komunak dituzte: baidaqak beti bi errenkadatan daude; xaha eta firzana beti daude b eta c zutabeetan, farasak bezala; rukhkhak beti daude a eta d zutabeetan. Hasierako posizioen arteko aldeak, ordea, bi dira: batzuetan xahak elkarren aurrean daude eta beste batzuetan ez; filak batzuetan a eta d zutabeetan eta beste batzuetan b eta c zutabeetan daude.
AH, C eta V eskuizkribuek hau diote:
Indiako xaketik luzatzen den xakea da hau. 16 laukiko 4 errenkada ditu. Nard-erako dadoekin jokatzen da. Araua da antolaketa eskuin-eskutik adosten dela, fil-ak izkinetan daudela. Araua da 6koak xaha mugitzen duela, 5ekoak firzana, 4koak fila, 3koak farasa, 2koak rukhkha eta 1ekoak baidaqa. Arau da edozein xah xakepean dagoenean, dadoarekin jokatu behar duela, eta ezin du inola ere jokatu dadoak 6ko bat eman arte. Horrekin, xaha erreskatatzen du. Xake honen oihala bi piezatan egiten da, eta nard-aren geltokiak pieza bakoitzaren atzeko aldean egiten dira, jokalari batek dadoekin xake honetarako erabil dezan, edo buelta eman eta nard-erako erabil dezan, gustuko duen bezala. Piezak batera edo bakarka erabil daitezke.
Eskuizkribu horien arabera, zeinek argi eta garbi ezartzen duten joko aldaera horien kontua al-Adli-rengandik jaso zutela, joko hori o.a. 850. urtetik existitzen zen, eta dadoen erabileraren lehen instantzia erregistratua aurkezten du, xake mota baten mugimenduak zehazteko. Horregatik da jokoa oso garrantzitsua. Itxuraz dado bakar batekin jokatu zen. Al-Amuli-ren lanean ere azaltzen da jaurtiketen balio berarekin. Joko gisa, dadoekin edo gabe, nahiko jokagarria da.
Osagaiak eta hasiera
Xake luzangaren taula 4×16 laukiko taula angeluzuzena da.
Jokalariek hamasei pieza hauek dituzte: xah bat (errege), firzan bat (geroago bisir), bi fil (elefante), bi faras (zaldi), bi rukhkh (gaztelu) eta zortzi baidaq (peoi). Piezen koloreak berde eta gorriak ohi ziren; batzuetan, beltza erabiltzen zuten berdearen partez.
Hasierako hainbat posizio daude.
Helburua aurkariaren xaha harrapatzea da.
Arauak
Hauek dira xatranj joko arruntaren arauak, dadoarena izan ezik:
Helburua:
Xatranj arruntean hiru bide zeuden partida irabazteko:
- Xake-matea ematea aurkariaren xahari; orduan, irabazleak xah mat! oihukatuko du.
- Aurkariaren xaha biluztea (xah munfarid); aurkariaren pieza guztiak harrapatzea da, azken pieza harrapatu eta hurrengo mugimenduan aurkariaren xahak ez badu berdin egiten norberaren piezekin. Azken egoera horretan, partida mulua izango zen.
- Aurkariaren xaha itotzea (zaid); aurkariaren piezak ezin direnean mugitu eta xaha mugituz gero, xakean geratzen bada.
Etengabeko xakea, bukaera batera iristeko ezintasuna edo mugimenduen errepikapena berdinketak dira.
Jokalariak, txandaka, pieza bat mugituko dute aldi bakoitzean.
Dadoaren erabilera:
Dadoarekin jokatuz gero, dadoak agintzen du zer pieza mugitu behar den:
6koak xaha mugitzen du, 5ekoak firzana, 4koak filak, 3koak farasak, 2koak rukhkhak eta 1ekoak baidaqak.
Jokalari batek bere xaha xakepean badu, dadoarekin jokatu behar du, eta ezin du inola ere jokatu dadoak 6ko bat eman arte edo beste zenbaki bat pieza bat tartean jartzeko. Ez badu puntuazio egokia lortzen, txanda galduko du mugitu gabe.
Jokalari batek aurkariaren xaha xakepean badu, xaha bere txandan harrapatzeko, xaha mehatxatzen duen piezari dagokion puntuazioa lortu beharko du dadoarekin.
Mugimenduak:
Xaha lauki bat mugi daiteke inguruko zortzi laukietako batera. Oraindik xakepean ez bada egon, zaldiaren jauzi bat behin egin dezake partidan.
Firzana lauki bat mugi daiteke diagonalean, aurrera edo atzera. Hortaz, taularen 32 laukitan baino ezin da kokatu (bi koloreko taulan, denak kolore berekoak lirateke).
Filak bi laukira jauzi egin dezake diagonalean, aurrera edo atzera. Ez du axola tarteko laukia beterik dagoen edo ez. Ondorioz, taularen zortzi laukitara baino ezin da mugitu. Fil batek, beraz, beste fil bat topatu eta eraso dezake.
Farasak 2×3 edo 3×2 laukizuzenaren diagonalaren beste muturrera jauzi egin dezake; ez du axola bideko laukiak beterik dauden edo ez.
Rukhkha nahi adina lauki mugi daiteke horizontalean edo bertikalean, bidea libre badago.
Baidaqa lauki bat aurrera mugituko da, bere aldeko noranzkoan. Harrapatzeko, lauki bat diagonalean eta aurrera egin behar du. Ez du hasierako mugimenduan bi laukira aurreratzeko aukerarik; eta ez du, beraz, pasean harrapatzerik.
Harrapatzeak:
Pieza guztiek, baidaqak izan ezik, mugitzen diren bezala harrapatzen dute ordezpenez. Iristen diren laukian aurkariaren pieza bat badago, hori harrapatuko dute eta taulatik aterako dute.
Baidaqak ere ordezpenez harrapatzen ditu aurkariaren piezak; baina, harrapatzeko mugimendua diagonalean egin behar du, lauki bat aurrera, ezkerrera edo eskuinera.
Goratzeak:
Baidaq bat azken errenkadara iristen bada, firzan bihur daiteke.
Ez dago endrokatzerik.
Jokalari batek xakea ematen badu, aurkaria ohartarazi beharko du, xah! esanez.
Oharrak
Erregearen xakepeko mugimenduari dagokionez, dadoarekin jokatzean, errege bat xakepean sar daiteke. Jokalariak ez badu 6ko bat lortzen bere erregea mugitzeko edo beste zenbaki bat pieza bat tartean jartzeko, erregeak xakepean segituko du. Bere arriskua da. Murray oso argia da, eskuizkribu arabiarrak aipatuz: jokalariak 6koaren zain egon behar du, eta ezin du bestela jokatu. Xakea egin duen jokalariak nahi duen zenbakia lortzen badu, errege harrapa dezake.
Beraz, errege bat xakepean egon daiteke eta bakarrik harrapatzen denean galdu. Baina ez dago idatzirik hura bere kabuz xakepean sartu ahal den. Hori xake historiko ororen arauen aurkakoa litzateke.
Piezen balioa
Al-Adlik eta as-Sulik balio bat eman zieten piezei dirham-etan xatranj arruntean. Balio hori hartzen zuten txanpon gisa harrapaketen trukeak neurtzeko. Hauek ziren piezen balioak partida hasieran dirhametan:
Rukhkhak dirham bat
Farasak 2 / 3 dirham
Firzanak 1 / 3 dirham
Filak 1 / 4 dirham
d, e-ko baidaqek 1 / 4 dirham
b, c, f, g-ko baidaqek 1 / 6 dirham
a, h-ko baidaqek 1 / 8 dirham
Ikusten denez, rukhkhak eta farasak ziren taulako pieza nagusiak. Beste aldean, firzana eta filak defentsarako piezak ziren. Baidaqak ez zeuden gutxietsita; areago, baidaqak goratzeak firzan gehiago izateko aukera ematen zuen.
Proportzioan, xahak indar erlatibo handiagoa zuen xatranjean gure xakean baino eta, beraz, erasoetan paper garrantzitsuagoa zuen.
Partidan zehar piezek hainbat balio har zitzaketen, gora edo behera eta zeharo alda zitezkeen bukaeran geratzen ziren piezen arabera.
Taktika
Dadoaren erabilerak zeharo aldatzen du jokoaren estrategia; izan ere xahak xakepean geratzea saihestu behar du beti, zorte txarrarekin ezin izango baitu xakepetik atera.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Zaldiaren jokoak. Xakeen historia bat. Donostia, 2019.
Claire Cattant: Jeux de Plateau. Jeux de tables en Occident Médieval. CCED, Mayenne, 2014.
Jean-Louis Cazaux eta Rick Knowlton: A world of Chess. McFarland & Company, Inc., Publishers, Jefferson, 2017.
Harold James Ruthven Murray: A History of Chess. Skyhorse Publishing, New York, 2012.