zaldi zuria
1800 inguruan Vienako H.F. Müller arte-merkatariak asmatutako jokoa da. XIX. mendearen hasieran Europa osora zabaldu zen, batez ere Alemanian non schimmel izena zuen, Holandan klok en hamer izenarekin eta Ingalaterran the bell and hammer izenpean. XX. mendearen hasieran, gaztelaniaz, juego del caballo blanco edo juego de la aduana izenekin agertu zen. Garai hartan apustuak goian zeudenez joko hau apustuekin hasi zen praktikatzen eta horrek bultzatu omen zuen bere zabalpen azkarra.
Jokoak ospea lortu zuenean, jokoaren kutxa ederrak agertzen hasi ziren. Kutxek bost kartak, zortzi dadoak, mailu bat, fitxak, e.a. zekartzaten. Kartetako irudiek, bestalde, diseinu zaindua jaso zuten.
Jokoa enkante bat eta hainbat aukera mekaniko besterik ez den arren, jokatzeko aukera nahikoa dago, eta oraindik ere aski interesgarria izan daiteke, batez ere osagaien xarmarekin. Zaldi zurian jokatzen da gaur egun ere, antigoaleko altxorrekin, belaunaldiz belaunaldi gorde diren jokoekin edota zaleek eskuz egindako dekoratuekin.
Osagaiak eta hasiera
Bost karta erabiltzen dira: zaldi zuria, ostatua, ezkila, mailua eta ezkila mailuarekin.
Zortzi dado daude. Zortziek bosna aurpegi zuri dituzte eta seigarrenean puntuak, 1etik 6ra, ezkila bat eta mailu bat.
Jokoan aritzeko gutxienez sei jokalari behar dira. Jokalariek 36na fitxa jasoko dituzte apustuak egiteko.
Arauak
Jokalariek dadoak botako dituzte, puntu gehien lortzen dituena izango da enkante-burua eta, aldi berean, bankaria eta bi kontu eramango ditu, berea eta bankuarena. Lau fitxa kokatuko ditu bankuan eta beste jokalariei gauza bera egiteko eskatuko die.
Lehen fasea
Enkante-buruak bost txartelak enkantean jarriko ditu eta eskaintza altuen egin duten jokalariei emango dizkie, salmenta-prezioak bankukoari gehituz. Edozein jokalarik eros dezake karta bat, karta bat baino gehiago edo karta batere ez; beraz, jokalariek nahi eran eta fitxen arabera. Kartarik gabe ere, jokalariek beren txandan dadoak jaurtiko dituzte eta fitxak irabaz ditzakete bankutik dadoen botaldien truke.
Ondoz ondoko bi jokalditan parte hartzen ez duen jokalaria jokotik kanpo geratuko da eta bere fitxak bankura pasatuko dira.
Ondoren, benetako jolasa hasten da, jokalari bakoitzak dadoak jaurtiz. Dadoen jaurtiketa bakoitzaren emaitzen arabera, fitxak eskuz aldatuko dira. Fitxak bankutik jaso edo bankuari ordaindu dakizkioke; edo dadoak jaurti dituen jokalariarengandik jaso edo jokalariari ordain dakizkioke, edo karta jakin bat duen jokalariarengandik jaso edo jokalariari ordain dakizkioke.
Bigarren fasea
Dadoen jaurtiketek lau motatako emaitzak ematen dituzte:
1. Aurpegi guztiak zuriak dira, jokaldiari zaldi zuri deritzo
Jaurtitzailea zaldi zuriaren jabea bada, jokalari bakoitzak fitxa bat ordainduko dio.
Beste jokalari batek jaurti badu, jokalariak berak fitxa bat ordainduko dio zaldi zuriaren jabeari.
2. Ezkila, mailua, edo biak, agertzen dira eta gainerako guztiak zuriak
Karta horien jabeek fitxa bana ordainduko diote zaldi zuriaren jabeari.
3. Ezkila, mailua, edo biak, agertzen dira eta gutxienez punturen bat dago
Bankariak puntuen batura adina fitxa ordainduko die karta horien jabeei. Bereziki, ezkila eta mailua agertzen badira, hiru karten jabeei ordainduko die.
4. Puntuak eta zuriak agertzen dira (ez ezkila ez mailua)
a) Lortutako puntuak bankuko fitxak baino gutxiago badira, bankariak puntuen batura adina fitxa ordainduko dio jaurtitzaileari.
b) Lortutako puntuak bankuko fitxak bezainbeste badira, partida bukatuko da.
c) Lortutako puntuak bankuko fitxak baino gehiago badira, jokalariak puntuen batura adina fitxa ordainduko dio ostatuaren jabeari.
Hirugarren fasea
Jaurtiketaren emaitza 4c) motakoa bada, ostalariak fitxak jasoko ditu eta ostatua irekiko du.
Dadoen jaurtiketek lau motatako emaitzak ematen dituzte:
1. Aurpegi guztiak zuriak dira, jokaldiari zaldi zuri deritzo
Zaldi zuriaren jabeak fitxa bat ordainduko dio ostalariari.
2. Ezkila, mailua, edo biak, agertzen dira eta gainerako guztiak zuriak
Karta horien jabeek fitxa bana ordainduko diote ostalariari.
3. Ezkila, mailua, edo biak, agertzen dira eta gutxienez punturen bat dago
a) Lortutako puntuak bankuko fitxak baino gehiago badira, karta horien jabe bakoitzak puntuen baturaren eta bankuko fitxa kopuruaren arteko aldea ordainduko dio ostalariari. Bereziki, ezkila eta mailua agertzen badira, hiru karten jabeek ordainduko diote ostalariari.
b) Lortutako puntuak bankuko fitxak baino gutxiago badira, bankariak puntuak adina fitxa ordainduko dizkio jaurtitzaileari.
4. Puntuak eta zuriak agertzen dira (ez ezkila ez mailua)
a) Lortutako puntuak bankuko fitxak baino gutxiago badira, bankariak puntuen batura adina fitxa ordainduko dio jaurtitzaileari.
b) Lortutako puntuak bankuko fitxak bezainbeste badira, bankuko fitxak jasoko ditu eta partida irabaziko du. Hori izango da hurrengo partidaren enkante-burua.
c) Lortutako puntuak bankuko fitxak baino gehiago badira, jokalariak puntuen batura adina fitxa ordainduko dio ostatuaren jabeari. Jaurtitzailea ostalaria izan bada, bankuari ordainduko dio.
Partida bukatuko da jokalari batek bankuko fitxak adina puntu lortzen dituenean edo jaurtiketaren emaitza 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta bi zuri direnean.
Iturriak
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations. Dover Publications, Inc., New York, 1960.
Jack Botermans et al.: El Libro de los Juegos. Plaza & Janes editores S. A., Esplugues de Llobregat, 1989
Frederic V. Grunfeld: Juegos de todo el Mundo. Edilan, Madril, 1978.
El Mundo de los juegos. Altaya, Bartzelona, 1999.
Alan Winston: https://web.archive.org/web/20070312112309/http://www.geocities.com/albrwi/schimmel/
Eskuko arauak.