zohn ahl
Ipar Amerikako jokoak
Ipar Amerikako Herri gehienek jatorria iragarpenetan zituzten jokoak praktikatzen zituzten. Zaila da esatea joko haiek europarrak iritsi baino lehenagokoak ziren edo ondorengoak. Edward Burnett Tylor-ek, 1879an, iradoki zuen Amerika eta Asia artean komunikazio bat egon zela. Hori horrela balitz, gerta liteke joko hauek ez izatea europarrek eramanak, zaharragoak baizik. Joko haiek herrien arabera aldatzen ziren, baina, oro har, taulara zenbait fitxa (zaldi) sartu, ibilbide bat korritu eta gero ateratzean zeutzan. Zotzak jaurtita erabakitzen ziren mugimenduak eta harrapaketak. Eskuarki, zotzek aurpegi lau bat eta aurpegi biribil bat zeukaten. Batzuetan koskak ere bazeuzkaten.
Taula lurrean eraikitzen zen harri txikiekin zirkunferentzia bat osatuz. Batzuetan oihal edo larruetan ere irudikatzen zen taula. Zirkunferentziaren laurdenetan ateak (ibaiak, errekak, ...) zeuden. Batzuetan, jokalari bat bertara erortzen bazen, zigortu egiten zen. Harrapaketak egiten ziren, edo ez ziren egiten, aldaera batzuetan.
Ibilbidearen zentroan ahl izeneko harri handi bat jartzen zen zotzak haren kontra jaurtitzeko.
Ludeme datu baseak antza handia duten bederatzi joko jasotzen ditu. Joko horiek bi multzotan banatu daitezke. Zazpi jokoren kasuan, taula berrogei harrik osatzen duten zirkunferentzia da, hamar harriko lau multzotan banaturik; harrien arteko tarteak berdintsuak dira, eta lau multzoen arteko tarteak handixeagoak; azken horiei ate, ibai, erreka… deitzen zaie. Kasuren batean, lau ate horiek lau harri handiagoekin ordezkatzen dira. Oro har, lau ateak lau noranzko nagusiekin bat etorrita kokatzen dira. Jokoaren posizioak harrien arteko hutsuneak dira.
Beste bi jokoetan taularen itxura desberdina da, baina aurrekoen baliokidea dela esan daiteke. Lauki baten aldeetan seina puntu (harri) kokatzen dira, bi lerro paralelok (bi makilak) bitan banaturik. Laukiaren erpinetan arku bana dago, bi aldeak lotzeko moduan. Jokoaren posizioak puntuak eta lerroak dira.
Azken horien adibide gisa zohn ahl izeneko jokoa azalduko dugu.
Zohn ahl
Zohn ahl (zohn, erreka; ahl, zotz) XIX. mendean Oklahomako Kiowa herriak jokatutako lasterketa-jokoa da, sarri ahl joko izenarekin ezagutua. Normalean, oihal batean marraztutako taula batean jokatzen zen. Jokalariak taulako zirkuituaren inguruan ibiltzen dira, aurkariak berriz ere "jotzen" saiatuz, eta zohn-ean (errekan) ez erortzen saiatuz. Emakumeek eta neskek baino ez dute jokatzen.
Osagaiak eta hasiera
Taula angeluzuzena da, gutxi gorabehera. Alde bakoitzean sei puntu daude, bi lerro paralelo laburrez erditik zatituta (erreka hegoaldean eta iparraldean eta erreka lehorra mendebaldean eta ekialdean). Belaun izeneko lau arku daude laukiaren izkinetan. Puntuak eta lerroak zenbatzeko guneak dira. Taularen erdialdean, ahl harria dago.
Jokalariek bi taldetan jokatzen dute, bat ipar-hego lerroan eta bestea mendebalde-ekialde lerroan. Makila batek, talde bakoitzeko, joko-fitxa gisa balio du, eta hegoaldeko lerro paraleloetan itsatsita daude hasieran.
Jaurtitzeko, ahl izeneko lau zotz daude, 25,4 cm × 1,59 cm neurrikoak eta aurpegi biribildua hutsik eta laua markatua. Horietako hiruk arteka bat dute aurpegi lauan, luzeran, eta batek marra urdin bat dauka.
Talde bakoitzak lau puntuazio-zotz ditu.
Arauak
Ezkerreko ertzean dagoen taldea hasiko da.
Aurpegi markatuen kopurua jaurtiketaren balioa da,
aurpegi markatu bat ahoz gora, puntu 1,
bi aurpegi markatu ahoz gora, 2 puntu ,
hiru aurpegi markatu ahoz gora, 3 puntu,
kasu hauetan izan ezik:
aurpegi markatu guztiak ahoz gora daudenean, 5 puntu, gorria deritzo eta
aurpegi hutsak bakarrik daudenean ahoz gora, 10 puntu, zuria deritzo.
Bestalde, 5eko edo 10eko jaurtiketak beste jaurtiketa bat ematen dio taldeari.
Taldeak, taularen inguruan, elkarren kontrako noranzkoetan mugitzen dira. Hegoaldeko errekaren ezkerreko ertzeko makila duen taldea mendebalderantz mugituko da, eta eskuineko ertzekoa ekialderantz.
Makilak jaurtiketaren emaitza adina puntu mugituko dira eta zenbatutako azken puntu ondoko hutsunean utziko dira.
Talde bateko jokalari guztiek beste taldeko jokalariek baino lehenago jaurtitzen dituzte.
Talde baten makila iparraldeko errekan lurreratzen bada, taldeak bere puntuazio-zotzetako bat emango dio beste taldeari, eta berriro hasiko da hasieratik.
Talde bat talde aurkariaren makilaren leku berean erortzen bada, talde aurkariaren makila itzuli egingo da hasteko, eta taldeak talde aurkariaren puntuazio-zotz bat irabaziko du.
Talde bat abiapuntuko errekara iristen denean, taulako zirkuitu bat osatuz, talde aurkariaren puntuazio-zotz bat irabaziko du. Eta, hegoaldeko erreka gainditzeko adina puntu lortu badu, soberako puntuak hurrengo biran erabiliko ditu, hau da, makilak erreka gainetik jauzi egingo du eta behar den puntuaren ondoren utziko da.
Talde batek puntuazio-zotz guztiak harrapatzen dituenean, irabazi egiten du. Partida bukatu baino lehen bertan behera utzi behar bada, puntuazio-zotz gehien duen taldeak irabaziko du.
Egile batzuek berriro hastera zigortzen dituzte taldeak haien makilak hegoaldeko errekan erortzen badira eta txanda batekin mendebaldeko eta ekialdeko erreka lehorretan erortzen badira.
Mota bereko beste jokoa: Nebäkuthana (Nebakuthana, Tsoñä)
Nebäkuthana Oklahoma eta Wyoming-eko Arapaho, Apatxe, Komantxe eta Kiowa herriek jokatzen duten lasterketa-jokoa da. Fitxak taulan ateetatik sartzen dira eta korrika egiten dute hiru zotz-dado erabiliz.
Bi jokoen arteko aldeak
Jaurtitzeko lau zotz daude; hiru zotz aurpegi biribilduan ezer gabe eta aurpegi lauan gorriz markatuta daude, guadal (gorri) dira; beste zotza, sahe (berde), bi aurpegietan markatuta dago, aurpegi lauan lerro berde batez markatuta.
Aurpegi markatuen kopuruak jaurtiketaren balioa baldintzatzen du:
aurpegi markatu bat ahoz gora, puntu 1; sahea bada, puntu bat eta jaurtiketa berri bat;
bi aurpegi markatu ahoz gora (sahearekin edo gabe), 2 puntu;
hiru aurpegi markatu ahoz gora, 3 puntu; bat sahea bada, 3 puntu eta jaurtiketa berri bat;
aurpegi markatu guztiak ahoz gora daudenean, 6 puntu balio du jaurtiketak;
markarik gabeko aurpegi biribilduak baino ez daudenean ahoz gora, 10 puntu balio du.
Eta 6ko edo 10eko jaurtiketek beste jaurtiketa bat ematen diote jokalariari.
Iturriak
Patxi Angulo: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations 1, Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Stewart Culin: Chess and Playing-Cards. Arno Press, New York, 1976.
Stewart Culin: Games of the North American Indians 1. University of Nebraska Press, New York, 1992.
Digital Ludeme Project Database: http://ludeme.eu (2021-08-26)
Edward Burnett Tylor: On the Game of Patolli in Ancient Mexico, and its Probably Asiatic Origin. http://www.jstor.org/stable/2841019 (2021-08-26)