abacum claudere
Zorizko jokoetan zorteak baino ez du parte hartzen, hau da, irabaztea edo galtzea ez da jokalariaren trebetasunaren araberakoa, zortearen araberakoa baizik. Adibide ezagunak ditugu antzara, bingo eta loto jokoetan. Baina gehien jokatu direnak dado-jokoak dira. Izen ere, dadoak jadanik ziren ezagunak greziarren garaian, baita lehenago ere Egipton eta beste zibilizazio gehiagotan.
Zalantza handirik gabe, erromatarrek haien inperio osoan zabaldu zuten dado-jokoetan aritzeko zaletasuna, inperio osoan aurkitu baitira hori erakusten duten aztarnak: harrian zizelkatutako taulak, hezurrezko, bolizko edo burdinazko dadoak, eta baita dadoak jaurtitzeko fritillus (godalet) eta turricula edo pyrgus (dorre) ere.
Latinezko alea hitzak jokoetan erabiltzen diren objektuak izendatzen ditu, tortolosak, zotzak, hezurrak, maskorrak, etab. Baina bereziki dado-jokoei egiten die erreferentzia. Hortik dator matematikan asko erabiltzen den aleatorio hitza ustekabeko gertaera baten mende dagoen ekintza gisa.
Zizeronek (o.a.a. 106-43) De divnatione, II, 15 lanean zoriari buruz hausnartu zuen:
Baina existitzeko arrazoirik ez duenaren susmorik egon daiteke? Zer ulertzen da gauza bat kasualitatez, zorionez, istripuz, ustekabez, gertatu dela esaten denean, ez bada zitekeela ez gertatzea edo beste modu batean gerta zitekeela? Nola aurreikusi behar da, bada, kasualitate apetatsu edo ustekabe itsuaren ondorio dena?
Dado-jokoak, beste zorizko joko asko bezala, apustuekin egon dira lotuta. Ezaguna da erromatarrek apustuak egiten zituztela. Suetoniok (o.a. 69-140) horren lekukotasuna utzi zigun: Augustok 20.000 sestertzio galdu zituen batean; Klaudiok jokoan aritu nahiago zuen gobernatzearen ardura baino; Neronek 400 sestertzio jokatzen zituen jaurtiketa bakoitzean.
Erromatarrek greziarrengandik jaso zuten tortolosetan jokatzeko ohitura; baina tortolosek ez zuten bide luzea egin erromatarrekin, tesserae dadoekin ordezkatu zituztelako errepublikaren garaiaren bukaeran. Ordutik tortolosak emakumeen eta haurren kontutzat hartu dira eta dadoak, aldiz, gizonen kontua, tortolosek sari txikia ematen zutelako eta dadoek, ordea, apustuen saria ematen zutelako.
Bi dado mota erabiltzen ziren talus eta tessera. Talus izena tortolosen latinezko izena da. Tortolosak lau aurpegiko dadoak ziren, gainerako bi aurpegiak biribilak zirelako eta inoiz ez zirelako gora begira geratzen. Hortik lau aurpegiko dado luzangak eratorri ziren. Aurpegi luzeak 1, 3, 4, 6 zenbakiekin markatu ziren kontrako bi aurpegitan 1 eta 6, eta 3 eta 4 beste bi aurpegietan.
Marmolez, lurrez, beiraz, harri bitxiz eta nakarrez egindako kubo txikiak, tesserae, erabiltzen ziren espaloiak egiteko. Zorizko jokoetan erabiltzen ziren dadoek forma bera zuten, hortik hartu zuten izena eta normalean boliz, hezurrez edo egurrez eginak ziren.
Dado erromatarrak oraingoen antzekoak ziren. Kuboak ziren eta aurpegietan puntuak markatzen ziren, batetik seira, gaurko dadoetan bezala jarrita. Askotan, puntu bakoitzaren inguruan zirkunferentzia txiki bat irudikatzen zen. Elkarren aurkako aurpegietako puntuen batura zazpi zen. Dadoak eskuinbirakariak ziren; hau da, gure aurrean dadoaren hiru aurpegi ikusten baditugu, goiko aurpegian 1ekoa badago eta ezkerreko aurpegian 2koa badago, eskuinekoan 3koa dago.
Tortolosekin jokatzen zutenean lau tortolos erabiltzen zituzten; dadoekin, aldiz, hiru dado erabili ohi zituzten.
Javier Rodríguez-ek eta Carlos Fernández-ek bi dadorekin joka daitezkeen jokoak lau sailetan sartu dituzte:
1. Gainditze-jokoak: irabazlea dadoen puntuen baturak erabakiko du, jaurtiketa batean edo zenbait jaurtiketatan.
2. Konbinazio-jokoak: jaurtiketa batzuek balio berezia dute. Balio hori jaurtiketaren emaitzarekin egon daiteke lotuta, edo ez. Irabazlea konbinazio horien arabera erabakitzen da, eta ez dadoen puntuen baturaren arabera.
3. Puntuazio-dadoak: jokalariak jaurtiketa irabazlea zehaztuko du aurreko jaurtiketen bidez. Konbinazio-jokoetan ez bezala, puntuazio bat lortu nahi da, ez konbinazio bat. Eta puntuazio horrek ez du zertan handiena izan, gainditze-jokoetan bezala.
4. Joko nahasiak: aurreko hiru motetako jokoen nahasketak dira.
Dadoak eskuekin jaurtitzen ziren lurrera edo mahai gainean. Baina apustuen zenbatekoa handia zenean, jokalariek iruzurrik ez egiteko, fritillus izeneko godaleta erabiltzen zen; adarrez, boliz, egurrez edo larruzko kono-enbor itxurakoa zen, oraingoen antzekoa.
Jokalariek turricula erabiltzeko eskaera ere egin zezaketen. Brontzez edo egurrez egindako kutxa altu bat izaten zen, prisma karratu bat. Goiko aldea irekita zegoen eta hortik jaurtitzen ziren dadoak. Batzuetan, eskaileran jarritako arrapalak zituzten elkarren aurkako aldeetan, dadoak estropezuka eror zitezen. Beheko aldean azpil bat izaten zuten dadoak biltzeko. Dorre horiek idazkun bat eraman zezaketen.
Argazkiko turriculak, esaterako, testu hau darama aurrean:
PICTOS | piktoak |
VICTOS | garaituak |
HOSTIS | etsaia |
DELETA | suntsituta |
LUDITE | jokatu |
SECURI | seguru |
Eta beste hiru aurpegien goiko aldean:
UTERE FELIX VIVAS = Erabili eta izan zoriontsu
Abacum claudere jatorri erromatarreko dado-jokoa da. Haren izenaren itzulpena “taula ixtea” da. Erromatarren dadoak hezurrez, boliz edo brontzez eginak zeuden eta haien zenbakikuntza egungoaren antzekoa zen. Aurpegi bakoitzak bere izena zuen: canis (I), binio (II), ternio (III), quaternio (IV), quenio (V) eta senio (VI).
Zorizko joko gisa sailkatzen da.
Osagaiak eta hasiera
Taula lau karratuz osatuta dago, eta karratu bakoitza 3x3 dimentsiokoa da; bederatzi laukietan Ietik IXrainoko zenbaki erromatarrak daude.
Bi, hiru edo lau jokalarik hartzen dute parte. Bakoitzak bederatzi fitxa dauzka.
Tessera motako bi dado erabiltzen dira, hau da, sei aurpegiko dadoak. Dadoen aurpegietan Ietik VIrainoko zenbaki erromatarrak daude.
Hasieran, taula hutsik dago.
Helburua taulako zenbakiak estaltzea da.
Arauak
Lehenengo aldaera (Buxaina)
Jokalari zaharrenak hasiko du partida.
Jokalariek txanda bakarra izango dute.
Jokalari baten txandan, bi dadoak jaurtiko ditu eta emaitzen batura egingo du.
Batura X, XI edo XII bada, txanda pasatuko dio hurrengo jokalariari.
Batura beste bat bada, fitxa bat jarriko du baturak adierazten duen laukian, jokalariari dagokion karratuan. Ondoren, dadoak jaurtiko ditu berriro. Horrela, emaitzen batura bederatzi baino handiagoa izan arte edo estalitako zenbakia izan arte.
Jokalariak IX, VIII eta VII laukiak estali baditu, dado bakar batekin joka dezake.
Jokalari guztiek beren txanda bukatu dutenean, jokalari bakoitzari estali gabe geratu zaizkion laukien zenbakiak batuko dira. Batura txikiena lortzen duen jokalariak irabaziko du.
Irudiko partidan, gorriak, bere txandan, 3-4 puntuazioa lortu du; VIIko laukia estalita duenez, ezin du jokatu. Berdin gertatu zaio moreari 2-4 puntuazioarekin. Berdeak 2-3 puntuazioa lortu du eta Veko laukia estalita duenez, txanda bukatu zaio. Azkenik, horiak 2-3 puntuazioarekin ezin du jokatu eta, beraz, partida bukatu da. Gorriak 15 puntu dauzka; moreak, berdin, 15 puntu ditu; berdeak 19 punturekin bukatu du; eta horiak 23 puntu utzi ditu estali gabe. Gorriaren eta morearen berdinketa gertatu da.
Bigarren aldaera (Grupo Alquerque)
Jokalari baten txandan, bi dadoak jaurtiko ditu eta emaitzen batura egingo du.
Batura X, XI edo XII bada, txanda pasatuko dio hurrengo jokalariari.
Batura beste bat bada, fitxa bat jarriko du baturak adierazten duen laukian, jokalariari dagokion karratuan. Ondoren, dadoak jaurtiko ditu berriro. Horrela, emaitzen batura bederatzi baino handiagoa izan arte edo estalitako zenbakia izan arte.
Jokalariak IX, VIII eta VII laukiak estali baditu, dado bakar batekin joka dezake.
Helburua taulako bederatzi laukiak fitxekin osatzea da. Hori lortzen duen lehen jokalariak irabaziko du partida.
Iturriak
Javier R. Rodríguez Rodríguez eta Carlos Fernández Antón: Juegos y Pasatiempos de la Antigüedad. Glyphos, Valladolid, 2013.
Grupo Alquerque, Sevilla
Buxaina, Penedo de abaixo, 15 – Fene, A Coruña
https://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/secondary/SMIGRA*/Talus.html (2022 - 12 - 14)
https://penelope.uchicago.edu/Thayer/E/Roman/Texts/secondary/SMIGRA*/Tessera.html (2022 - 12 - 14)