Joko hau hnefatafl jokoen familian sar liteke. Joko horiek Europako iparraldean jokatu ziren Erdi Aroan. Joko horien ezaugarri bat bi aldeek, bi armadek, indar desberdinak izatean datza. Kopuru handiagoa duen aldeak ahalmen txikiago du eta, aldiz, kopuru txikiagoa duen aldeak ahalmen handiago du. Baina joko horietan alde baten pieza kopurua bestearena halako bi den bitartean, eraso jokoan ez da proportzio hori gordetzen. Joko haien beste ezaugarri bat da aldeek helburu desberdinak izaten dituztela.
Hala ere, eraso jokoaren aurrekarietan borroka ez zen armaden artean egiten, ehiztarien eta harrapakinen artean baizik; hau da, ehiza-jokoa da. Azeria eta antzarak jokoa da adibide ezagunenetako bat. Joko horren izena Islandiako Grettis sagan (Grettir-en sagan) (1300 inguruan) agertzen da: halatafl. Hori eman da batzuetan jokoaren jatorritzat. Testuingurua zalantzazkoa da, ordea, testuak honela baitio: "hnefatafl jolasten ari zen, halatafl handi bat izan zen", eta iradokitzen du halatafl bat taula modukoa zela, berez joko bat izan ordez. Azeria eta antzarak jokoa norvegiera zaharrean ref-skak (azeri-xake) gisa ezagutzen zen.
Gaztelan, Alfontso X. Jakitunaren 1283ko Libro de axedrez, dados e tablas (Xake, dado eta taulen liburua) lanean cercar la liebre (erbia hesitu) izeneko jokoa agertzen da, 92r orrian. Bertan, erbi batek hamabi ehiztariri egiten die aurre hamabiko alkerkean (5×5 posizioko taulan), bertan dioen bezala. Honela jokatzen zen: pieza bat, erbia, taularen erdiko posizioan jartzen zen. Beste hamabi piezak, ehiztariak, taularen alde batean; edo hamaika edo hamar pieza, jokalariek adostuz gero. Erbia hasten da mugitzen, ondoren ehiztariak. Erbia hesitu behar dute, ezin da harrapatu. Eta hark besteetatik ahal dituena eramango ditu gainetik igaroz. Horrez gain, esaten du bederatzi ehiztarik ezingo erbia hesitu. Joko honetan taula karratua da, ez gurutze itxurakoa erasoan bezala.
H.J.R. Murrayk testu bakarra aurkitu du, Ingalaterran, XVII. mendea baino lehenago, eta jokoaren beste izen bat ematen zuen; izan ere, Edward IV.aren (1442-1483) kontuetan honela agertzen da: "bi azeri eta urrezko zilarrezko 26 ehiza-txakur" erosi zirenean bi "marelle”-multzo osatzeko.
Frantzian, azeriaren jokoari buruzko lehen aipamen idatzia Rabelais-en 1532ko Pantagruel lanean agertu zen; bertan, Gargantua, Pantagruelen aita, gazte zenean jokatzen zituen jokoak agertzen dira: xakea, azeria, errotak…
Jean Heroard-en Luis XIII.aren haurtzaro eta gazteriari buruzko egunkarian (1601-1628) azaltzen da “Vitry-ko andreak bolizko oiloak eta azeri bat eman dizkio.” Bertan ere, hainbat aldiz agertzen da orduan Frantziako Dofín zena, Luis XIII.a izango zena, oiloekin eta azeriarekin jokatzen ari zela.
Ingalaterran, XVII. mendeko bi lanetan ere agertzen da; bata, Shackley Marmion-en 1633ko A fine Companion (Bidelagun ederra) lanean: “Utzi ontzian esertzen... eta azeri eta antzaretan jokatzen beharginarekin”; eta bigarrena, Lovelace-ren 1656ko Giochimo poeman: “Azeria eta antzarak engaina ditzaketen gizonak politikari berriak dira liburu honen arabera.”
Louis De La Marinière-en 1654ko La Maison académique (Etxe akademikoa) lanean konpainia onean atseginez gozatzeko joko dibertigarri guztien bilduma orokorra bildu zuen. Bertan joko askoren arauak eman zituen: piquet, hoc karta-jokoak, trictrac (taulak), billarra, jeu de paume (esku-azpi jokoa, pilotaren aitzindaria), antzara jokoa, azeria eta oiloak… Azeriak hamahiru oilori aurre egiten zien gurutze itxurako taula batean.
Randle Holme-ren 1688ko The Academy of Armory (Armagintzaren akademia ) lanean azeria eta antzarak jokoaren hainbat zabalpen bildu zituen. Jokoaren taulak handitu egin ziren, eta bi azerik hogeita hamar antzarari egin zieten aurre. Bertsio are handiago batek hiru edo lau azeri zituen berrogeita hamar antzararen aurka.
1798an, Parisen, Dictionnaire de l’Académie française (Frantses akademiaren hiztegiaren) bosgarren edizioan, ere badago joko horren arrastoa, 463. orrialdean: “Jeu du Renard [azeriaren jokoa] deritzon jokoa, non pieza desberdin batek, azeri izenekoak, oilo izeneko beste hamabiri eraso egiten dien.” 12 oilo horiek dama-taulako jokoari legozkioke.
Joseph Strutt-ek, 1838ko Sports and Passtimes of the Peolple of England (Ingalaterrako herriaren kirolak eta denbora-pasak) lanean hamazazpi antzarako aldaera jaso zuen. Pasarte batean hauze esan zuen jokoaz: “Joko honen urritasun nagusia da azeria blokeatu egin behar dela, ezinbestean, jokoa esku trebe batekin jokatzen bada; horregatik, esan didate, azkenaldian jokalari batzuek beste azeri bat gehitu dute.”
T. Moulidars-en 1839ko Grande Encyclopédie des Jeux (Jokoen entziklopedia handia) lanean joko honi marelle quintuple (errota boskoitza) zeritzon: 17 antzara ortogonalki mugitzen ziren, baina ez atzera. Jokalari batzuek azeriaren mugimendua lerro ortogonaletan mugatzen zuten, azeria kondenatuz; beste batzuek, berriz, diagonalean uzten zioten hasieran, baina harrapaketa mugatu egiten zuten eta ortogonala soilik baimentzen zuten. Batzuek azeriari harrapaketak segidan egiteko aukera ematen zioten, baina txanda bakoitzean bakarra izatea hobesten zen. Azeri batek jaten ez bazuen, lapurtu egiten zuten (XIX. mendean gaude); baina, bera bakarrik bazegoen, hori egin beharrean, bere hondotik (atzetik) antzara berria sartzen zen.
1839an, Suedian, Handbibliothek för Sällskaps-nöjen (Entretenimendu sozialerako eskuko liburutegia) lanean agertzen da: Frantziako bakar-jokoaren taulan jokatua, hogeita bi antzara beheko lau lerroetan. Azeria eta antzarak ortogonalki mugitzen ziren, baina antzarak ezin ziren atzera mugitu. Willard Fiske-k uste zuen hori joko frantsesa zela eta jatorrizko jokoa maizago jokatzen zela Suedian.
1840an, L. Tressan-ek, Das schachspiel, seine gattungen und abarten (Xake jokoa, bere motak eta aldaerak) lanean, eraso jokoa deskribatzen zuen bi ofizialekin hogeita lau soldaduren aurka; lerro batek gotorlekuaren aldea mugatzen zuen.
Ingalaterran, Willian Clarcke-ren 1868ko Boys’s Own Book (Mutilen berezko liburua) lanean hamazazpi antzara ortogonalki mugitzen ziren, baina ez atzera, eta azeria ere ortogonalki soilik mugitzen zen.
Literaturaz gain, froga gehiago dago azeria eta antzaretan jokatzen zela XV. mendea baino lehen, hala nola, Gloucester-eko katedraleko harrizko eserlekuetan grabatutako taula, non laukiek diagonalak baino ez dituen, nahiz eta diagrama batek erdiko karratuari falta zaizkion lerroak gehitzen dizkio; Norwich-eko gazteluko putzutik taula osoa, harri lau batean urratua, atera zen, eta irudiko taula harresirik gabeko San Paolo klaustroetan ere agertzen da, Erroman.
Hasierako aldaeretan, jokoa hamahiru antzararekin eta azeri batekin jokatzen zen. Azeria edozein puntu hutsetan jartzen zen, baina eskuarki erdiko puntuan, posizio indartsuentzat zutelako. Pieza guztiek mugimendu bera zuten, urrats bat pieza zegoen puntutik markatutako lerro baten gainetik. Azeriak baino ezin zuen harrapatu, antzara baten gainetik jauzi eginez beste aldeko ondoko puntu batera eta antzeko harrapaketen segida bat egin zitekeen txanda berean. Antzarek irabazten zuten azeria inguratzen bazuten halako moduan non azeria ezingo zen mugitu; azeriak irabazten zuen nahiko antzara harrapatzen bazituen, halako moduan non geratzen ziren antzarek ezingo zuten bera inguratu. Arretaz jokatuz gero, antzarek irabaziko dute beti. Jatorrizko jokoan aritzen ziren oraindik XIX. mendearen hasieran Bretainia Handiko landa eremuetan eta Islandian.
Londreseko Victoria and Albert museoan dagoen XVI. mendeko Veneziako jokoen bilduma batek lupo e pecore (otsoa eta ardiak) jokoa dakar eta taulako gurutzearen besoak luzatuak ditu.
XVII. mendean tokian tokiko aldaketak agertu ziren jokoan. Horrek arau desberdinak ekarri zituen eta, ondorioz, jokoaren aldaerak ugaritu ziren. Antzarek diagonalean mugitzeko ahalmena galdu zuten, baita atzera egiteko aukera ere. Badirudi horrek antzarak ahultzen zituela pentsatu zutela, haien kopurua handitu baitzen, lehenik hamabostera bi antzara gehituz besoen muturretako erdiko posizioan; eta gero hamazazpira, Ingalaterran beste bi antzara gehituz besoen erdiko posizioetan edo Frantzian besoen muturretako goiko posizioetan. Joko batzuetan, azeriaren mugimendua ere murriztu zuten lerro ortogonaletara, baina diagonalean harrapatzeko ahalmenari eutsiz. Mugimendu diagonalak bertan behera uzteak taulatik lerro diagonalak kentzea ekarri zuen, eta, bakar-jokoa asmatu ondoren, jokoa bakar-jokoaren taulara aldatu zen, Ingalaterrako hogeita hamahiru zuloko taulara edo Frantziako hogeita hamazazpiko zuloko taulara.
Damak jokoak XVI. mendean izan zuen zabalpenaren eraginez, Italiako jokalariak ehiza-jokoak dama-tauletan jokatzen hasi ziren. Horrela, Perugiako Biblioteca Comunale Augusta-ko latinezko eskuizkribu batek ludus rebellionis (matxinada jokoa) izeneko joko baten hiru diagrama ematen ditu, tamalez araurik gabe. Lehenengoan, bi azeri gorri h8 eta b8 laukietan (xakearen idazkeran) daude eta hamasei antzara beltz txandakako laukietan lehenengo lau lerroetan a1 laukitik hasita. Marka berezi batzuk daude taulan, baina horien helburua ez da ezagutzen. Bigarren diagraman, beltzen posizioa bera da, hamasei antzarak txandakako laukietan bosgarren lerrotik zortzigarrenera b5 laukitik hasita; eta gorriak, azeriak, h1 eta b1 laukietan daude. Hirugarren diagramak beltzen posizio bera du, hamasei antzarak txandakako laukietan lehenengo lau lerroetan b1 laukitik hasita; eta gorriak, azeriak, a8 eta g8 laukietan daude. David Parlett-ek dio pentsa litekeela hori azeria eta antzarak jokoaren egokitzapen bat dela, baldin eta azeriaren baliokideak botere berdinak bazituzten, baina berak uste du ideia horrekin ez datorrela bat bi pieza erabiltzen direlako, eta erregearengandik hurbilen dauden bi laukiek, norabide bakoitzean bat, esanahi ulertezineko marka bat dutelako.
Marka berezi batzuk daude taulan, baina horien helburua ez da ezagutzen. Bigarren diagraman, beltzen posizioa bera da, hamasei antzarak txandakako laukietan bosgarren lerrotik zortzigarrenera b5 laukitik hasita; eta gorriak, azeriak, h1 eta b1 laukietan daude. Hirugarren diagramak beltzen posizio bera du, hamasei antzarak txandakako laukietan lehenengo lau lerroetan b1 laukitik hasita; eta gorriak, azeriak, a8 eta g8 laukietan daude. David Parlett-ek dio pentsa litekeela hori azeria eta antzarak jokoaren egokitzapen bat dela, baldin eta azeriaren baliokideak botere berdinak bazituzten, baina berak uste du ideia horrekin ez datorrela bat bi pieza erabiltzen direlako, eta erregearengandik hurbilen dauden bi laukiek, norabide bakoitzean bat, esanahi ulertezineko marka bat dutelako.
Frantzian, Pierre Mallet-ek 1668an argitaratu zuen Le jeu des dames (Damen jokoa) liburuan jeu du renard (azeriaren jokoa) eman zuen. Dama-taulako lauki zurietan jokatzen zen azeri batekin eta hamabi oilorekin, azkenak lehenengo hiru lerroetan kokaturik. Pieza guztiek lauki bat diagonalean mugitzen zuten, azeriak aurrera eta atzera, oiloek aurrera bakarrik. Azeriak soilik harrapatzen zuen jauzi labur batekin. Oiloek azeria inguratu behar zuten. Malletek dio jokalari batzuek bi azerirekin jokatzen zutela, baina biak txandaka mugituz, eta hamahiru eta hamasei arteko oilorekin, hasierako lau lerroetan kokaturik. Horrek Perugiako lehen jokoaren antza du.
Indian, Lala Raja Babu-k 1901ean idatzi zuen Mo’allim ul Xatranj (Xake-monitorea) lanean xatranj xīr bakri (lehoien eta ahuntzen xakea) jokoa azaldu zuen. Bi lehoi eta hogeita hamabi ahuntz zeuden, azkenak lehenengo lau lerroetako laukietan kokaturik.
Dama-taula batean jokatzen diren azeri eta antzarak jokoaren eguneko aldaeretan, azeri batek azken lerroan koka daitezkeen antzarei egiten die aurre, kontuan izanik dama-taulek neurri desberdinak izan ditzaketela: 8×8 laukiko taulan lau antzara, 10×10 laukiko taulan bost antzara. Pieza guztiak mugitzen dira diagonalean, antzarak aurrera baino ez eta azeria edozein noranzkotan. Azeriak ezin du harrapaketarik egin, baina irabaziko du taularen azkeneko lerrora iristen bada. Antzarek azeria inguratzen dutenean irabaziko dute, edo antzara guztiak haien azkeneko lerrora iristen badira.
Azeria eta antzarak jokoaren azken garapena eraso jokorantz Alemanian gertatu zela dirudi. Bertan, ritterspiel (zaldunaren jokoa) izeneko joko batean bi zaldunek hogeita lau erasotzaileri egiten zieten aurre (Irudia); zaldunak taularen erdialdean zeuden eta erasotzaileak gurutzearen besoetan.
Eraso jokora iristeko azken aldaketa jokoaren gaiarena izan zen, ehizatik setio militarrera hain zuzen. Horrekin batera, taulako gurutzearen beso batean gotorleku bat irudikatu zen. Hori ekialde urruneko matxinoen jokoen eragina izan daiteke, non taula karratuei edo laukizuzenei hedadura babestua eman baitzitzaien. Erasoan, hala ere, gotorlekua lehen azeri izenez ezagutzen ziren eta, orain, metamorfosia jasan ondoren, ofizial edo jaurtitzaile zorrotz izenez ezagutzen ziren piezen botereak eta ekintzek baino ez zuten babesten. Antzarek antzeko metamorfosia izan zuten, eta gotorlekua hartzeko ardura zuten soldadu setiatzaile gaizki armatuak ziren.
Lehenengo eraso-taula Alemanian agertu zen XVIII. mendearen amaieran. Taula hark eraso jokoaren ezaugarri guztiak zituen: gotorlekua eta lerro horizontal gehienetatik kanpo markatzea (soldaduek ezin zituztela erabili gogorarazteko). Eraso-taula batzuek ez dituzte marka horiek, eta horrek iradokitzen du batzuetan diagonaletik mugitzeko aukera ematen zaiela kokatzaileei, baina taula horiek salbuespena direla, arauaren ordez.
Joko berria Europako iparraldean zabaldu zen eta izen asko hartu zituen: Alemanian, festungsspiel (gotorleku-jokoa), belagerungs-spiel (setio-jokoa); Danimarkan, belejring-spel (setio-jokoa); Suedian, belägringsspel (setio-jokoa), fästningsspel (gotorleku-jokoa); Islandian, beleiringsspil (setio-jokoa). Mendebaldan: Frantzian, assaut (eraso); Espainian, baita Bretainia Handian ere, asalto (eraso).
Erwin Glonnegger-ek jokoaren bi aldaera deskribatzen ditu Das Spiele-Buch (Jokoen liburua) lanean, 1999an. Lehenengoa ohiko jokoaren zabalpen handia baino ez da. Bigarrena, piramidearen setioa (Irudia), aldean zortzi puntu dituen triangelu aldekide batean jokatzen da. Defendatzaileek hiru ofizial kokatzen dituzte barnealdean dagoen hiru puntuko triangelu aldekide baten, gotorlekuaren, perimetroan. Mugimenduak eta harrapaketak ohikoak dira. Erasotzaileen helburua gotorlekuko sei posizioak betetzea da. Pieza bat bertan dagoenen ezin da mugitu, baina harrapatua izan daiteke.
Jokoaren gai militarra gatazka garaikideetara egokitu zen maiz XIX. mendean. Frantziako joko batek Sebastopoleko setioa (1854-55) islatzen zuen, non 24 tropa aliatu bi defendatzaile errusiarren hiria hartzen saiatzen ziren. Joko askok Indiako zipaioen 1857ko matxinada islatu zuten Officers & Sepoys (ofizialak eta zipaioak) izenarekin. Boerren gerrak ere, 1880-1902 tartean, joko askoren inspirazioa izan ziren. Transvaal izeneko bi jokok Ladysmith-eko setioa irudikatzen zuten.
Bestelako gaiak ere azaldu ziren. 1844an, Massachusetts-eko Salem-eko W. & S. B. Ives konpainiak The Game of Pope & Pagan (aita santuaren eta paganoen jokoa) izeneko jokoa argitaratu zuen, intolerantzia erlijiosoa erakutsiz.
Ehiztarien eta harrapakinen jokoek eta joko militarrek denborarekin eszenatokia aldatu zuten, egoera atseginagoak islatzeko. Frantzian hain polemikoak ez ziren gaietako joko batek bi katu zituen saguen izurrite handi batetik sukaldea askatu nahian. Katuaren eta saguen joko honetako gotorlekua janaritegia zen, janariz eta edariz beteta egonik.
Joko honek erakarri zituen iraganeko gaiez gain, taula zabalduaren bertsio komuna ere izan zuen. Officer & Sepoys (ofizialak eta zipaioak) jokoaren bertsio batek eta Transvaal jokoaren bertsio batek 67 puntuko taula zabaldua erabili zuten, non hiruko garnizio bat berrogeita hamar setiatzaile uxatzen saiatzen baitzen. Taula handiagoak eta pieza ugarik erakargarritasun handiagoa dute, baina trebetasun eta pazientzia gehiago behar dute jokatzeko, eta arraroagoak dira.
Osagaiak eta hasiera
Taulak gurutze itxura du; gurutzearen besoaren aldean hiru posizio daude. Guztira, 33 posizio daude. Gurutzearen beso bat gotorlekua da eta, bertan, 9 posizio daude.
Jokalari batek bi ofizial ditu gotorlekuaren bi puntutan; edozeinetan. Besteak 24 gerlari ditu gotorlekutik kanpoko posizioetan kokaturik.
Ofizialen helburua ahalik eta gerlari gehien harrapatzea, haiek ingura ez ditzaten. Gerlarien helburua ofizialak inguratzea mugi ez daitezen.
Arauak
Ofizialak hasiko dira mugitzen.
Ofizialak edozein norabidetan mugi daitezke aldameneko puntu huts batera, edozein lerroren gainetik.
Gerlariak, ordea, aurrera (gotorlekurantz) soilik mugituko dira, zuzenean edo diagonalean. Gurutzearen besoen goiko aldean baino ez dira mugituko horizontalean, gotorlekurantz.
Ofizialek gerlariak harrapatuko dituzte haien gainetik ondoko puntu huts batera jauzi eginez. Harrapatutako gerlaria taulatik atera egingo da.
Ofizial batek aukera izan duenean gerlaria harrapatu ez badu, aurkariak lapurtu egingo du eta taulatik aterako du.
Ofizialek irabaziko dute, gerlariek beren helburua ez betetzeko adina gerlari harrapatzen badute.
Gerlariek irabaziko dute gotorlekuko 9 posizioak betetzen badituzte edo ofizialak inguratzen badituzte, mugitzeko aukerarik gabe utziz. Edo bi ofizialak lapurtzen badituzte.
Aldaerak
Hamaika aldaera daude jokoan:
Ofizial batek aukera du gerlari bat baino gehiago jauzi-segida batean harrapatzeko; eta aukera hori duenean derrigorrez egin behar du.
Gerlariak ezin dira diagonalean mugitu.
Gerlariak horizontalean mugitzen direnean, bi aldeetara mugitzen uztea.
Iturriak
Alfontso X.a Jakituna: Libro de axedrez, dados e tablas. Vicent Gartcía editores S.A. eta Ediciones Poniente, Valentzia, 1987.
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Jack Botermans et al.: El Libro de los Juegos. Plaza & Janes editores S. A., Esplugues de Llobregat, 1989.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, oxford, 1951.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 2018.
Damian Gareth Walker: A Book of Historic Board Games. Cyningstan, 2014.
Eskuko arauak
Aisling-1198 elkartea: Renard et poules – 1, Erdi Aroaren ondoren:
http://www.aisling-1198.org/dossiers/jeux-medievaux/les-jeux-de-plateau/poules-et-renard/renard-et-poules-1-apres-le-moyen-age/#footnote_2_2850 (2021-11-28)
Gipuzkoako Foru Aldundia: http://www.albumsiglo19mendea.net/index.php (2021-12-07)
Zumalakarregi Museoa eta Koldo Mitxelena Kulturunea