Mankala mundu osoan oraindik jokatzen den taula-jokorik zaharrena da. Zazpiehun urte iraun duen zulo eta hartxintxarren motako jokoa da. Haren jatorria historian zehar galdu egin da, baina beti uste izan da Afrika dela bere jatorria.
Siriako Zaldunen Krak (XII. Mendea) gazteluaren leiho baten ondoko harrizko eserlekuan zuloen bi ilara daude. Diseinu antzekoa dago Egiptoko Karnak tenpluko zutabeetan, eta hori Nilo bailarako hilobien lehen pinturetan ere agertzen da. Atenasko agoran dagoen Teseion (Hefesto eta Atena Erganeren) tenpluan ere zizelkatua dago, baita haitzetan ere antzinako munduko karabana-bideetan zehar.
Jokoaren munduan zeharreko zabalpena Afrikako herriek munduko hainbat tokitara egin duten migratzeagatik azal daiteke, borondatezkoa zein indarrez, Afrikatik Atlantikoaz haraindiko eta ekialdeko esklabo-trafikoan bezala. Mendebaldeko Afrikan eta Kariben arau berak erabiltzen direlako berresten da hori. Mundu osoan jokatzen da, Asiako mendebaldetik ekialdera, Afrikatik Kariberaino. Are gehiago, froga batzuk ere badaude, Hego Amerikako estatu batzuetan eta sobietar estatu ohi batzuetan bere ohiko eran jokatua izan zela eta izan daitekeela frogatzeko.
Honelako jokoen bertsio asko daude, 300 baino gehiago guztira, arau desberdinekin. Hiru mota nagusi daude, taulako ilara kopuruaren arabera bereiziak. Bi ilarako taulak dira ezagunenak, eta horien adibide da oware. Joko horiek zulo kopuru aldakorra izan dezakete taulan, 5-14 bitartean, baina 6 zuloko taula da arruntena, batez ere Mendebaldeko Afrikan eta Karibean. Bao lau ilarako joko motaren adibide bat da; horiek ere beste izen batzuk dituzte bertsioaren arabera. Ekialdeko eta Hegoko Afrikan, batez ere, aurkituko duzu jendea joko mota horiek jokatzen. Gabata bezalako hiru ilarako mota da gutxien ezagutzen dena eta Etiopiara eta Eritreara mugatzen da, dakigunaren arabera.
Oware 2×6 motako jokoak duen izen ezagunenetako bat da. Beste batzuk hauek dira: ayò, ayoayo (jorubera, Nigeria), awalé (Benin), wari (Mali), wali (dagbaniera, Ghana), adji (eweera, Togo), Nchọ/Ókwè (igboera, Nigeria), ise (edoera, Nigeria); awélé (fula, Ginea; gaera, Ghana eta Kru herria, Boli Kosta); kbu edo kbo (Gola herria, Liberia); kale (fangera, Kamerun); ouri, ouril edo uril (Cabo Verde), warri (Karibe), aghi (Aukan, Surinam).
Oware Ghanako akanera mintzatzen den herriak ematen dion izena da. Izen hori ere izen generikoa da, izen generiko horrek estalitako hiru bertsiorekin gutxienez. Tradizioz, eta gaur egun, lehiaketetan erabili den bertsioari abapa (hitzez hitz 'bertsio ona') deitzen zaio. Abapa beti izan da helduen bertsioa, haurren nam-nam izeneko bertsioan jolasten trebatu direnek jokatua.
Ghanan, owarek zeregin nabarmena izan du beti gizartean, eta Asanteko eta Denkyirako erregeen jokotzat hartu izan da. Urrez apaindutako aulki-forman ederki landutako bolizko tauletan jokatu zen. Hain sartua zegoen gizartean bere tabu sozialak ere bazituela. Batzuetan, Afrikako zenbait komunitatetako errege-erreginen koroatze zeremonian erabili zen. Owareren jatorria azaltzen duen asantear elezahar bat dago: gizon batek eta emakume batek jokatzeko denbora gehiago izan dezaten, ezkontzea erabaki zuten; eta ezkonduta egoteko akanerazko hitza warri da.
Tresna sozial gisa, mankala ez da inoiz bi lagunen arteko jokoa izan, beti izan da jokoari begira dauden guztien arteko jokoa. Ikusleek aholkuak eman eta jokoaren sinonimoa den txantxetan batzen dira. Mundu zabalean, tradizioz jokatu bada, gune garrantzitsu gisa erabiltzen da jendea bildu eta denbora pasatzeko. Liderrek bitarteko gisa erabili zuten lidergo-trebetasunak hobetzeko eta beren jendea hobeto ezagutzeko.
Mende luzez, mankala Afrikako eta mundu osoko haurrentzako hezkuntza-tresna gisa erabili izan da. Azken 400 urteotan, bere historiaren alderdi hori europarren arretara ekarri dute hainbat arrazoirengatik jokoan interesa zuten ikertzailek eta behatzailek. Agintari akademiko eta hezitzaile askok nabarmendu dute jokoaren balio hezitzailea, eta eskoletan erabiltzeko eskatu dute. Gaur egun hezkuntza-tresna oso erabilgarritzat hartu da, eta gero eta eskola gehiagok hartzen dute.
Nazioarteko Txapelketak urtero egiten dira, bai Kariben (Antigua), bai Europan (Frantzia), eta Afrika (Ghana) gehitu nahi zaio zerrenda horri. Tokiko lehiaketak Afrikako, Karibeko eta Europako herrialde askotan egiten dira aldizka, eta gero eta herrialde gehiago daude. Erresuma Batuan urtero egiten da Eskolen Txapelketa Nazionala.
Zenbait taldek eta gizabanakok beren gain hartu dute, bereziki Amerikako eta Europako kontinenteetan, jokoaren kontzientzia eta jokoa sustatzeko ardura. Museoek ere interesa erakutsi dute, beren mankala-taulen bildumak erakutsiz eta beren instalazioetan lehiaketak eta tailerrak antolatuz.
Azkenik, ordenagailuen eta Interneten etorrerarekin, jokorako ordenagailu-bertsio ugari egon dira. Orain, mankalan joka daiteke beste jokalari batzuekin munduaren beste aldean.
Osagaiak eta hasiera
Oware-taulak sei zuloko bi ilara dauzka. Muturretan biltegi bana dago, harrapatutako fitxak gordetzeko. Fitxak banduc-haziak (edo hartxintxarrak) dira; 48 guztira.
Hasteko hamabi zuloetan launa hazi ipiniko dira (1. irudia).
Bi jokalariak taularen aldamenetan kokatzen dira, aurrez aurre. Bakoitza bere aldeko sei zuloen eta bere eskuineko biltegiaren jabe da.
Arauak
Jokatzen hasiko den lehena zoriz edo adostuta aukeratuko da.
Hasten den jokalariak bere aldeko edozein zulotatik hazi guztiak hartu eta, erloju-orratzen kontrako noranzkoan, ondoko zuloetan, banan-banan, ereiten ditu (2. irudia).
3. irudiko adibidean, jokalariak D zulotik hartu ditu haziak eta E, F eta aurkariaren a eta b zuloetan erein ditu. 4. irudian ikusten den legez, beste jokalariak f zulotik hartu eta A, B, C eta D zuloetan erein ditu haziak.
Horrela segitu behar dute txandaka. Zuloren batean 12 edo hazi gehiago egon liteke. Beraz, haziak hortik hartuz gero, jokalariak buelta osoa emango lioke taulari. Kasu horretan aipatutako zuloan ez da hazirik erein behar (hutsik utziko da).
Ereindako azken hazia aurkariaren aldeko zulo batean utzitakoan bi edo hiru hazi geratzen badira, mugitu duen jokalariak bi edo hiru hazi horiek hartu eta bere biltegira eramango ditu. Aipatutako zuloaren aurreko zuloetan bi edo hiru hazi baleude, horiek ere harrapaturik geratuko lirateke, eta horrela zulo batean bi baino gutxiago edo hiru baino gehiago aurkitu arte. Ez dago hazirik harrapatzerik azken hazia mugitu duen jokalariaren aldeko zulo batean geratuz gero edo aurkariaren aldeko zuloan hazi bat edo hiru baino gehiago utziz gero.
5. irudian, jokalariak E zulotik sei haziak hartzen baditu eta hurrengoetan ereiten baditu, azken hazia e zuloan erein duenez jokalariak hiru hazi horiek harrapatu egingo ditu eta baita d-ko biak eta c-ko hirurak ere, taula 6. irudian bezala geratzen delarik.
Zenbait egoera berezi ikusiko dugu:
a) Jokalariek ezin dituzte aurkariaren aldeko zulo guztiak hustu. 7. Irudian, jokalariak F zulotik abiatuz gero, aurkariaren hazi guztiak harrapatuko lituzke. Hortaz, beste zulo batetik abiatu beharko du. Hala ere, edozein zulotatik abiatuz gero jokalari batek aurkariaren hazi guztiak harrapatu beharko balitu, ez luke jokaldia burutuko eta jokoa bukatu egingo litzateke. Orduan, jokalari bakoitzak bere aldeko haziak eramango lituzke bere biltegira.
b) Jokalari baten zuloak hutsik egonez gero, mugitu behar duen jokalariak (ahal izanez gero) zerbait erein beharko du haietan. Demagun jokalariak f zuloan baduela hazi bakarra eta A zuloan erein behar duela (8. irudia). Beste jokalariak E edo F zuloetatik abiatu beharko du, lehenengo jokalariaren zuloetan zerbait erein behar baitu. 9. irudiko egoera izanez gero, jokalariak ez du aukerarik haziak beste aldeko zuloetan ereiteko. Hortaz, jokoa bukatutzat emango da eta jokalari horrek bere biltegira eramango ditu haziak.
c) Harrapatzeko aukerarik gabe hazi gutxi geratzen bada (10. irudia), jokoa bukatu egingo da eta jokalari bakoitzak bere aldeko haziak eramango ditu biltegira.
Esan bezala, jokoa bukatu egingo da hazi gehiago harrapatzerik ez badago edo jokalari batek mugitzerik ez badauka. Orduan, biltegietako haziak zenbatu egingo dira eta gehien duena izango da irabazle. Jokaldia lehenago buka daiteke jokalari batek hazien erdia (24) baino gehiago harrapatzen badu.
Arau hauek Lonji-k ematen ditu awale jokoarekin batera
1. araua: Jokoaren helburua
Jokoaren helburua ahalik eta hazi gehien lortzea da. Partidaren bukaeran hazi gehien harrapatu duen jokalariak irabazten du.
2. araua: Jokoaren eremua
Jokoaren eremua seina zulo dituzten bi aldetan dago banaturik. Alde bakoitza jokalari batena da. Hasieran, 48 hazi banatuko dira hamabi zuloetan (4 zulo bakoitzean).
3. araua: Jokoaren itzulia
Jokalariek bata bestearen ondotik jokatzen dute. Jokatzen hasiko den lehena zoriz aukeratuko da. Jokalariak bere aldeko zulo batean dauden hazi guztiak hartuko ditu, eta banan-banan banatuko ditu hurrengo zuloetan, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan.
4. araua: Harrapaketa
Ereindako azkeneko hazia aurkariaren zulo batean erortzen bada, erein baino lehen hazi bat edo bi zituen zuloan hain zuzen, jokalariak ereindakoan geratzen diren 2 edo 3 haziak harrapatuko ditu. Beraz, zuloko haziak bakarrik harrapa ditzake, erein eta gero, zuloak bi edo hiru hazi baditu.
5. araua: Harrapaketa anizkoitza
Jokalariak 2 edo 3 hazi harrapatzen dituenean, aurreko zuloak ere bi edo hiru hazi baditu, horiek ere harrapatzen dira, eta horrela ondoz ondo. Gogoratu aurkariaren aldean bakarrik harrapa daitekeela!
6. araua: Bira osoa
Ereiteko hartzen diren hazien kopurua oso handia bada eta bira osoa ematen bada, abiatu den zulo gainetik jauzi egin behar da eta, beraz, hutsik geratuko da beti.
7. araua: Jaten eman
Debekaturik dago aurkaria “gosez” uztea: jokalari batek ezin du halako moldez jokatu, non aurkariaren aldeko hazi guztiak harrapatzen baititu, horrek jokatzea galaraziz. Aurkaria hazirik gabe bakarrik utz daiteke, jaten ematen dion jokaldia egitea ezinezkoa denean.
8. araua: Jokoaren bukaera
Jokoa bukatuko da:
Jokalari batek bere aldean hazirik ez duenean, eta ezin du jokatu. Orduan, aurkariak taulako hazi guztiak harrapatzen ditu.
Ziklo amaigabea sortzen denean harrapaketarik gabe (bira batzuen ondoren, egoera bera agertzen da).
Adibideak
Mugimendu bakuna:
Zure joko-eremua behekoa da. 2, 4 eta 5 zuloak aukera ditzakezu. 4 zuloan jokatzea erabaki duzu. Zulo horretako hazi guztiak hartu eta ereiten dituzu. Jokaldi horrek eskuineko taularen egoerara darama.
Harrapaketa bakuna:
4 zuloan jokatzea erabaki duzu. Erein eta gero, zure azken hazia hazi bakarra zeukan aurkariaren zulo batean erori dela ikusten dugu; beraz, bi haziak harrapa ditzakezu (aurkariarena eta zurea).
Harrapaketa anizkoitza:
4 zuloan jokatzea erabaki duzu. Erein eta gero, zure azken hazia aurkariaren 3 zuloan erori dela ikusten dugu. Zulo horrek bi hazi ditu orain, baita aurreko zuloak ere bi hazi ditu, eta aurrekoak 3 hazi ditu. Hortaz, horiek guztiak harrapa ditzakezu. Guztira, 7 hazi harrapatuak.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
James J. Bond: Board and Pieces, https://sites.google.com/site/boardandpieces/list-of-games/mancala-family (2021-01-31)
The Oware Society: http://www.oware.org/ (2021-01-31)
Eskuko arauak.