puzzle txikiak
Puzzle hitza entzuten dugunean hamaika pieza txiki dituzten puzzleak datozkigu burura; are gehiago, 3.000, 5.000 edo 10.000 piezako puzzleek liluratzen gaituzte. Eta osatu behar den irudia ederra bada, zer esan.
Hala ere, badira askoz pieza gutxiago dituzten puzzleak, puzzle txikiak, eta burua astintzen digutenak. Geometrikoak izaten dira, hau da, karratuak, gurutzeak eta abar osatzekoak. Piezak poligonoak izaten dira, ez beti konbexuak. Puzzle txikiak egiteak, itxuraz, erraza izan behar du, pieza gutxi izanda ez da espero oso zailak izatea. Baina baten batek gure onetik atera gaitzake.
Puzzle hauek ez dira berriak. Izan ere, Louis Hoffmann-en 1893ko liburuan jadanik agertzen dira horietako batzuk: oktogonoaren puzzlea, 12 pieza; txatalen karratua, 8 pieza; gurutze latindarraren puzzlea, 5 pieza; dama-taularen puzzlea, 14 pieza, gutxienez berrogeita hamar soluzio; hexagonoa, 5 pieza; hogei triangelu, 20 pieza; triangeluaren puzzle berria, 7 pieza; karratu japoniarra, 10 pieza; karratu txinatarra, 16 pieza; yankien karratua, 11 pieza; gurutzearen beste puzzle bat, 5 pieza. Hortaz, pentsa daiteke batzuk data hori baino lehenagokoak direla.
Puzzle horiek guztiak irudi bat osatzekoak dira, hots, aukera bakarrekoak dira. Horiez gain, liburuak puzzle bikoitzak eta puzzle anitzak dakartza. Puzzle bikoitzetan, irudi geometriko bat hainbat piezatan ebakitzen da eta pieza horiek berrordenatuz beste irudi geometriko desberdin bat osatu behar da. Puzzle anitzetan, piezen bilduma batekin hainbat irudi desberdin osatu behar dira. Horrelakoak Tangram jokoaren familian ikus ditzakezu.
Hoffmannek berak onartzen du puzzleen sailkapenaren eta izendapenaren zailtasuna bere liburuaren hitzaurrean. Izendapenaren arazoa areagotzen da puzzleen ekoizleek bururatzen zaien izena aukeratzen dutelako, puzzlea erakargarriago eta hobeto saltzeko asmoz. Hona ekarri ditugun puzzle hauek puzzle zatikatuen edo konbinaziozko puzzleen artean sartu zituen Hoffmmannek.
Jerry Slocum-ek eta Jack Botermans-ek ere honelako puzzle txikiak eman zituzten beren 1987ko liburuan. Egile hauek puzzle muntagarrien sailean sailkatu dituzte puzzle txikiak, 2 dimentsiokoak gure kasuan. Atal horretan puzzle txiki hauek daude: dama-taularen puzzlea, 13 pieza, lau soluzio; druiden gurutzea, 6 pieza; gurutzearen jokoa, 7 pieza; H puzzle berria, 6 pieza. Puzzle horiek maiz erabiltzen zituzten enpresek produktuen iragarki gisa.
Jokoeneko bildumaren sailkapenean, puzzle hauek bakar-jokoen sailean, 2D puzzleak-aukera bakarrekoak-soluzio bakarrekoak atalean sartu ditugu, baten batek soluzio gehiago izan badezakeen ere.
![]() |
| Osatu behar den gurutzea eta bost piezak. |
Gurutzea
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak bost pieza ditu: bi triangelu, trapezio zuzen bat, pentagono irregular bat eta hexagono ez-konbexu bat.
Helburua pieza guztiekin gurutze bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den laukia eta lau piezak. |
Laukia
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak lau pieza ditu: lau lauki irregular.
Helburua pieza guztiekin paralelogramo bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den T letra eta lau piezak. |
T puzzlea
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak lau pieza ditu: triangelu bat, bi trapezio zuzen eta pentagono ez-konbexu bat.
Helburua pieza guztiekin T letra bat osatzea da.
Arauak
Piezak mahai gainean bira daitezke, baita espazioan ere.
Louis Hoffmann-en Hoffmann's Puzzles Old & New liburuan agertzen diren puzzle txikiak.
![]() |
| Osatu behar den oktogonoa eta hamabi piezak. |
Oktogonoaren puzzlea
Joko hau Frantziako Watilliaux-ek argitaratu zuen 1874-1895 urteen artean.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 12 pieza ditu: hiru pieza desberdin launa aldiz errepikatuta.
Helburua pieza guztiekin oktogono bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den T letra eta zortzi piezak. |
Txatalen karratua
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 8 pieza ditu: 2 triangelu, 2 laukizuzen, paralelogramo bat, 2 trapezio zuzen eta pentagono irregular bat.
Helburua pieza guztiekin karratu bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den gurutzea eta bost piezak. |
Gurutze latindarraren puzzlea
Londreseko Jacques & Son konpainiak ekoitzi zuen 1870-1895 urteen artean.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 5 pieza ditu: 3 triangelu, trapezio zuzen bat eta hexagono ez-konbexu bat.
Helburua pieza guztiekin gurutze bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den dama-taula eta hamalau piezak. |
Dama-taularen puzzlea
Feltham & Co. konpainiak ekoitzi zuen 1880-1895 urteen artean.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 14 pieza ditu: 9 pantamino, 4 tetramino eta trimino bat.
Helburua pieza guztiekin dama-taula bat osatzea da. Gutxienez berrogeita hamar soluzio ditu.
![]() |
| Osatu behar den hexagonoa eta bost piezak. |
Hexagonoa
Joko hau Cakeoma Patience Puzzle izenarekin saltzen zen 1905-1920 urteen artean.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 5 pieza ditu: triangelu bat, 2 lauki, trapezio bat eta pentagono irregular bat.
Helburua pieza guztiekin hexagono bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den karratua eta hogei piezak. |
Hogei triangelu
Londreseko Jacques & Son konpainiak ekoitzi zuen 1870-1895 urteen artean.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 20 pieza ditu: denak triangelu zuzen berdinak dira.
Helburua pieza guztiekin karratu bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den triangelua eta zazpi piezak. |
Triangeluaren puzzle berria
Londreseko Jacques & Son konpainiak ekoitzi zuen 1870-1895 urteen artean.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 7 pieza ditu: 3 triangelu zuzen, triangelu aldekide bat eta 3 lauki.
Helburua pieza guztiekin triangelu aldekide bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den karratua eta hamar piezak. |
Karratu japoniarra
Hathaway Ogien Konpainiak erabili zuen iragarki gisa, XIX. eta XX. mendeen artean.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 10 pieza ditu: 6 trapezio zuzen eta 4 lauki.
Helburua pieza guztiekin karratu bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den karratua eta hamasei piezak. |
Karratu txinatarra
Bolizko joko bat 1850-1900 urteen artekoa da.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 16 pieza ditu: denak triangeluak dira.
Helburua pieza guztiekin karratu bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den karratua eta hamaika piezak. |
Yankien karratua
Bolizko joko bat 1850-1900 urteen artekoa da.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 11 pieza ditu: 5 triangelu zuzen, bi karratu, trapezio zuzen bat, paralelogramo bat eta bi pentagono ez-konbexu.
Helburua pieza guztiekin karratu bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den gurutzea eta bost piezak. |
Gurutzearen beste puzzle bat
Bolizko joko bat 1850-1900 urteen artekoa da.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 5 pieza ditu: L moduko 2 pieza eta Z moduko 3 pieza.
Helburua pieza guztiekin gurutze bat osatzea da.
Jerry Slocum-en eta Jack Botermans-en Puzzles, old & new liburuan agertzen diren puzzle txikiak.
![]() |
| Osatu behar den dama-taula eta hamahiru piezak. |
Dama-taularen puzzlea
Henry E. Dudeney-k 1908an sortutako puzzlea.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 13 pieza ditu: 12 pantamino eta tetramino bat.
Helburua pieza guztiekin dama-taula bat osatzea da. Lau soluzio ditu.
![]() |
| Osatu behar den gurutzea eta sei piezak. |
Druiden gurutzea
Londreseko Edwards & Sons konpainiak 1855-60 inguruan ekoitzitako puzzlea da
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 6 pieza ditu: 3 triangelu, 2 trapezio eta trapezio zuzen bat.
Helburua pieza guztiekin gurutze bat osatzea da.
![]() |
| Gurutzea osatzeko behar diren zazpi piezak. |
Gurutzearen jokoa
Horrelako puzzle baten lehen agerpena Alemaniako jostailuen katalogo batean izan zen, 1803an.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 7 pieza ditu: 2 zuzen, L moduko 2 pieza eta Z moduko 3 pieza.
Helburua pieza guztiekin gurutze bat osatzea da.
![]() |
| Osatu behar den H letra eta sei piezak. |
H puzzle berria
Hathaway Ogien Konpainiak erabili zuen iragarki gisa, XIX. eta XX. mendeen artean.
Osagaiak eta hasiera
Puzzleak 6 pieza ditu: 4 trapezio zuzen eta 2 pentagono ez-konbexu.
Helburua pieza guztiekin H letra osatzea da.
Arauak
Piezak mahai gainean bira daitezke, baita espazioan ere.
Iturriak
Louis Hoffmann: Hoffmann's Puzzles Old & New. Frederick Warne and Co. and New York, Londres, 1893.
Jerry Slocum eta Jack Botermans: Puzzles, old & new. Village Games, Londres, 1999.

















