Erromatarren Inperioaren hedapen ikaragarri eta harrigarriak, garai batean Londresetik Palmirara mundu zibilizatua menderatzen zuen, jokoa urrutiko lurraldeetan hedatu eta ezartzea bermatuko zuen, baina jatorria ere lainotuko zuen. Inork ez daki hogeita lau laukiko joko hau Inperioaren asmakizun erromatar, bizantziar edo atzerritarra den.
Hipotesi baten arabera, duodecim scripta jokoa zaharkituta geratu zen nonbait eta haren aldaera zen bi ilarako tabula jokoak ordezkatu zuen. Gerta zitekeen alea izeneko aurreko joko batzuek ere joko berriarekin zerikusirik izatea. Ondoren, zabaldu zenean, hartuko zuen tabula izena, joko-taularen izena mailegatuz lerro paralelo asko zituelako. Hori dena o.a. I. mendean zehar gertatuko zen. Suetonio historialari erromatarrak dioskunez Klaudio enperadore erromatarra (o.a. 41-54) hain zalea zen, ezen lan bat idatzi baitzuen eta bere gurdian taula bat ipinarazi baitzuen, bidaiatzen ari zela jokatzeko.
Alea hitzak, lehenago, zori esan nahi zuen oro har, dadoekin edo tortolosekin, eta, ondorioz, aipatutako jokoari atxiki zitzaion. Eta horrela jasotzen da testuetan Goi Erdi Aroan. Jokoaren praktikan, ordea, tabula izena erabiltzen zen. Europako mendebaldean alea izenak elizaren, legeen eta erudiziozko testuetan iraun zuen bitartean, Bizantziora iritsi zenean, tablē izena hartu zuen grezieraz. Seigarren mendearen bukaeran alea izena erabili zuen Isidoro Sibiliakoak (~556-636) Etimologiak lanean; hauxe idatzi zuen: “Alea, id est ludus tabulae…” (Alea, tabula jokoa dena,…).
Bizantzioko Zenon enperadoreak (o.a. 475-81), tablē partida batean, dadoen hain jaurtiketa benetan txarra egin zuen, ezen Agatias-ek, Mirina-ko jakintsuak (o.a. 530-81), mende erdi geroago, Palatine Antologia lanean deskribatu baitzuen fitxen kokapena. Deskribapen hori M. Becq de Fourquière-k berreskuratu zuen, eta VI. mendeko erregistro horri esker, tabula jokoa ziurtasun handiz berreraiki dezakegu.
Enperadoreak zuriekin jokatzen zuen eta hiru dadoen jaurtiketaren emaitzak 2, 5, 6 izan ziren. Ezin izan zituenez mugitu VI laukiko fitxak, VIII, XI eta XII laukietako fitxek oztopatzen ziotelako, ezta IX laukiko fitxa ere, XI, XIV eta XV laukietako fitxek oztopatzen ziotelako, bi fitxako taldeak hautsi behar izan zituen: XX laukiko bat XXII laukira, XIX laukiko bat XXIV laukira eta X laukiko fitxa bat XVI laukira. Ezin izan zuen beste mugimendurik egin eta, ondorioz, bere zortzi fitxa bakarrik utzi zituen horrenbeste laukitan.
Zenonen jokoak erakusten du zuriak I-VI tartean sartzen zirela, I-XII-XIII-XXIV noranzkoan mugitzen zirela eta XIX-XXIV tartera eramaten zirela, puntuazio horiek ezin dituelako baliatu XIX, XX eta XXIII laukietako fitxak ateratzeko. Ez du ezer esaten beltzez, baina pentsatzekoa da bi jokalariek berdin-berdin jokatzen zutela, duodecim scripta jokoaren Ostiako taulan ikusten den bezala; hori segurua ez bada ere, geroago beste moldaketa eta mugimendu-noranzko batzuk erabili baitziren. David Parlett-ek ondorio berera iristen da arrazoituz Zenonen posizioa ez litzatekeela hain larria izango baldin eta beltzak erlojuaren noranzkoan mugituko balira XXIV-tik I-ra, eta testuak % 60-ko indarra galduko lukeela. Zentzuzkoa iruditzen zaio, beraz, pentsatzea jokoaren historiako garai hartan jokoa paraleloan jokatzen zela, hau da, bi aldeak noranzko berean mugitzen zirela, eta taula berberetatik sartu eta mugitzen zirela.
X. mendearen bukaerako Codex Exoniensis anglosaxoizko poema-liburuaren poema batek jokoa aipatzen zuen: “Hy twegen sceolon / Taefle ymsittan.” (Bi hauek tabula jokoan arituko dira).
Joko guztiak legez debekatuta zeuden, Saturnoren jai-lizentzian izan ezik, Zizeronen garaia (o.a.a. 106-43) bezain laster behintzat; baina legeak ez ziren inoiz zurrun aplikatu, eta enperadore askoren mende erabat baztertu ziren.
Diru-jokoa zelako, Elizaren arreta erakarri zuen. Hispanian, Granada inguruan, Eliberriko Elizbatzarraren (Elvirako Kontzilioaren) 79. kanonak (o.a. ~305) tabulan diruz jokatzen zutenak zigortu zituen. Justinianoren Kodean (o.a. ~730) apaizei jokatzea debekatu egin zitzaien. Geroago, Errusiako Elizak debekua biztanleria osora zabaldu zuen: ez apaizek eta ez fededunek, ez zuten zerniyuan (zorian), shakhmatean (xakean) edo tableian (tabulan) jokatzeko eskubiderik.
Laukien erdiko ilara kentzeak bereizi zituen tabula eta duodecim scripta. Gainerakoan, partidaren garapena antzekoa zen. Bien arteko aldea zen fitxak taularen alde berean sartzen zirela, egungo taulak (backgammon) jokoan bezala.
Tabula egungo taulen (backgammonaren) aitzindaria da. Diferentziak hauek dira: tabulan fitxak ez dira posizio finkotik ateratzen; bi jokalarien fitxak noranzko berean mugitzen dira eta hiru dado erabiltzen dira. Idazki klasikoek ez digute esaten fitxa bat gainerako guztiak taularen azkeneko laurdenera sartu baino lehen taulatik atera zitekeen edo ez.
Mendeetan zehar tabularen aldaera desberdinak egin dira gaurko tauletara (backgammonera) heldu arte. Esaterako, Alfontso X.ak Jakitunak XIII. mendean agindu zuen liburuaren hirugarren parteak taulen hamabost joko desberdinen deskribapena dakar, hamazazpi miniaturez ilustratuak.
Gaur egun, oraindik ere, Grezian eta Sirian τάβλι (tabli) hitza erabiltzen da, eta Turkian tavla, Bulgarian tabla eta Errumanian table. Joko horiek oso zabalduta daude eta kalean eta tabernetan jokatzen dute herri horietan. Datu horiek iradoki lezakete jokoaren jatorria ekialdean bilatu beharko genukeela.
Islandian oraindik ere erromatarren azken garaiko taulen antzekoak erabiltzen dira, ad elta stelpur (alaben ehiza edo nesken jazarpena) izeneko jokoan aritzeko.
Osagaiak eta hasiera
Taula hamabi laukiko bi ilaratan banaturik dago, bi ilaren artean korridore bat utziz.
Hiru dado kubiko erabiliko dira.
Bi jokalariek 15na fitxa dauzkate.
Hasieran fitxak taulatik kanpo daude.
Arauak
Hasiko den jokalaria zoriz edo adostuz erabakiko da.
Lauki batean jokalari baten nahi adina fitxa jar daitezke.
Fitxak lehenengo sei laukietan (I-VI) sartuko dira dadoen puntuazioen arabera. Jokalari batek bere fitxa guztiak sartu eta gero, aurrera ditzake erloju-orratzen kontrako noranzkoan.
Hiru dadoen emaitzak banaturik edo baturik erabil daitezke, fitxak eraman behar diren laukietan aurkariaren fitxa bat baino gehiago ez badago. Adibidez 2, 4 eta 5 ateraz gero, mugimendu hauek egin daitezke:
hiru fitxa, 2, 4 eta 5 lauki aurreratu, hurrenez hurren;
bi fitxa aurreratu, fitxa bat 2 lauki eta bestea 9 (4 + 5) lauki, edo fitxa bat 4 lauki eta bestea 7 (2 + 5) lauki edo fitxa bat 5 lauki eta bestea 6 (2 + 4) lauki;
azkenik, fitxa bat 11 lauki aurrera daiteke.
Bi edo hiru puntuazio konbinatzen badira fitxa bat mugitzeko, fitxa horrek bide osoa egin behar du banakako puntuazioetan “atsedena” hartuz. Adibidez, 4 + 5 batzen badira fitxa bat mugitzeko, fitxa horrek aukera izan behar du 4. laukian sartzeko eta, gero, 9. laukian edo 5. laukian eta, gero, 9. laukian.
Hiru dadoen puntuazioak berdinak izateak ez du aukera ematen berriro jaurtitzeko, ezta puntuazioak bi aldiz erabiltzeko ere.
Jokalari batek lauki batean gutxienez bi fitxa baditu, aurkariak ezin du lauki hori erabili; ezta bertako fitxei eraso ere. Horiei fitxa metatuak edo fitxen hesia edo ordinarii zeritzen. Aurkarien ordinarii fitxek blokeatzen zituzten fitxak ibilgetuak edo inciti deitzen ziren.
Lauki batean dagoen fitxa bakar bati eraso diezaioke aurkariak. Jokalari batek fitxa bat aurkako fitxa bakar bat dagoen laukira mugitzen badu, azkena taulatik kanpo aterako du. Fitxa horiek arloteak edo vagi izenez ezagutzen ziren.
Jokalari batek hainbat fitxa harrapatuta baditu, ezingo ditu taula gaineko fitxak mugitu harrapatuak taulan birsartu arte; fitxa horiek lehentasuna dute taulan sartzeko. Fitxa bat birsartzean aurkako fitxa bat harrapa daiteke.
Ahal den neurrian, dadoen emaitza guztiak erabili behar dira, nahiz eta norberaren kalterako izan. Jokaezina den jaurtiketaren edozein zati, ordea, galtzen da eta txanda aurkariari pasatzen zaio.
Fitxa guztiak azkeneko sei laukietan (XIX-XXIV) bildu arte, ezingo da fitxak taulatik ateratzen hasi.
Jokalari bat hasten bada fitxak taulatik ateratzen eta vagi bat harrapatzen badiote, ezingo du fitxa gehiago taulatik atera harrapatutako fitxa taulan birsartu eta XIX-XXIV laukietara eraman arte.
Fitxak taulatik ateratzeko, ez da beharrezkoa izango puntuazio zehatza ateratzea, puntuazio handiagoa erabil daiteke. Baina kontuan izan behar da saiatu behar dela dadoen emaitza guztiak erabiltzen.
Jokotik fitxa guztiak ateratzen dituen lehen jokalariak irabaziko du partida.
Zenbait partida jokatu behar badira, partida bakoitzaren irabazleak beste jokalariari taulan geratu zaizkion fitxak adina puntu lortuko ditu. Partida guztien bukaeran, puntu gehien dituen jokalaria izango da irabazlea.
Aldaerak
Jokalarien fitxak elkarren aurkako noranzkoetan aurreratzen dira eta bidean gurutzatzen dira. Hasten den jokalariak bere beheko ezkerretik sartuko ditu fitxak taulara. Beste jokalariak, aldiz, bere beheko eskuinetik sartuko ditu, hau da, lehenengoaren ispilu moduan.
Fitxak sartzeko baldintzak argitu behar dira. Izan ere, badirudi nahaspila bat dagoela hiru arauren artean. Arau batek dio jokalari baten fitxa guztiak taulan sartu arte, jokalariak aurretik sartutakoak ezin dituela mugitu. Beste arau batek dio fitxak I-VI laukietan edo I-XII laukietan sartu behar direla mugitzen hasi baino lehen. Eta hirugarren arau batek dio dadoen ahalik eta puntuazio gehien erabili behar direla. Demagun jokalari batek 1-3-6 puntuak lortu dituela, baina ezin duela fitxarik sartu ez I laukian ez III laukian, aurkariaren fitxa metatuak daudelako bertan. Kasu horretan, fitxa bakarra sartu ahal izango du VI laukian. Zer egingo du, orduan, 1-3 puntuazioekin? Aurretik sartutako fitxak ezin ditu mugitu. Baldintza gisa, fitxak I-VI tartean sartzea jarri bada, ezin ditu 1-3 puntuazioak baliatu. Baldintza gisa, ostera, fitxak I-XII tartean sartzea jarri bada, sartu berri duen fitxa VI laukitik aurrera eraman dezake; baina azken hori mugimendutzat har daiteke.
Bi aukera ikusten ditugu korapiloa askatzeko:
Fitxak I-VI tartean sartu behar dira; sartzen den fitxa bakoitza dado bakar baten puntuazioarekin sartuko da eta erabili ezin diren puntuazioak galduko dira. Hau proposatu dugu gorago.
Fitxak I-XII tartean sar daitezke; sartzen den fitxa batekin puntuazio guztiak erabil daitezke eta VII-XII tartera eraman; hori ez da hartuko mugimendutzat. Aurretik sartutako fitxak ezin dira mugitu.
Bigarren aukeran, fitxak I-XII tartean sar badaitezke, jokalari baten fitxak ezin dira taularen bigarren erdira (XIII-XXIV) eraman jokalariaren fitxa guztiak lehenengo erdian (I-XII) egon arte.
Hiru dadoen puntuazioak berdinak badira, jokalariak berriro jaurti ditzake dadoak. Edo jokalariak bi aldiz erabili ahal izango du dadoen puntuazio bakoitza.
Fitxak taulatik ateratzeko, puntuazio zehatza atera behar.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations, 1. Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Jack Botermans et al.: El Libro de los Juegos. Plaza & Janes editores S. A., Esplugues de Llobregat, 1989.
Catherine Breyer: Jeux et jouets à travers les âges. Éditions Safran, Brusela, 2010.
H.L. Fourie: Board Games of the World. Amazon, 2009.
Jean-Louis Cazaux: Du senet au backgammon. Les jeux de parcours. Chiron editeur, Paris, 2003.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 1999.
El Mundo de los Juegos (2). Altaya, Bartzelona, 1999.
Eskuko arauak.