tarota
Nola iritsi ziren karta-jokoak Europara ez da oraindik argitu. Horretarako hainbat bide proposatu dira; hala ere, horietako batek ere ez ditu adituak asebetetzen.
Bide horietako bat musulmanen etorrera izan daiteke. Izan ere, musulmanak Europara etorri ziren bezala, Asiako hegoaldera eta erdialdera ere joan ziren eta hango kulturetako elementuak hartu, ikasi eta haien munduan barreiatu zituzten. Esate baterako, Indiako zenbakiak eta xakea; Persiako astronomia eta narda jokoa.
Beste bide bat Asiako erdialdeko tartaroen bidea izan daiteke, 1286an Errusia inbaditu eta, ondoren, mendebaldera jo zutenean. Haiekin batera Txinako jokoak eraman zituzten.
Beste bide bat izan daiteke Marco Poloren bidaiena. Marco Polo XIII. mendean iritsi zen Mongoliara eta hogei bat urte aritu zen han eta Asiako beste herrialde batzuetara bidaiatzen enbaxadore gisa: Myanmar, India, Indonesia, Sri Lanka, Indotxina edota Txina.
Laugarren bidea ijitoen bidea da, XV. mendean, India aldetik etorrita, Europako ekialdera sartu zirenean haien bizitza nomadarekin. Hasieran, Balkanetako lurretan (Bulgaria, Errumania eta Hungaria) kokatu baziren, beranduago Suitza, Italia, Okzitania eta, 1430 inguruan, Iberiar Penintsulara iritsi ziren.
Karta-sortei buruzko lehenengo agiriak 1367koak dira eta Bernan daude, eta badirudi oso azkar hedatu zirela Europa osoan, dokumentuetan ikus daitekeenez, batez ere karta-jokoen debekuengatik.
Europan, karta-sorten zabalpena Suitza, Italiako iparralde eta Proventza inguruan hasi zela uste da. Izan ere, inguru horretakoa da ezagutzen den karta-sortarik zaharrena; Italia 2 edo karta-sorta proventzarra izenez ezaguna da, 1400. eta 1420. urteen artekoa da eta Arabako Fournier Karta Museoan dago.
Karlos VI.a Frantziakoaren Errege-Kontuen 1392ko erregistroko idazpen batean, errege-diruzainak Jacquemin Gringonneur margolariari hiru karta-sorta egiteko ordaindu zitzaion dirua agertzen da, “urrez eta kolorez, gailu askorekin apainduta, gure jauna, Erregea, dibertitzeko.” Baina Frantziako Biblioteka Nazionalak XV. mendearen amaieran datatu ditu, eta Italiako Iparraldean.
Karta-sorta horien agerpenari eta kopuruari buruz ezer gutxi dakigu. Informazio esanguratsu bakarra Friburgo im Breisgau hiriko Johannes von Rheinfelden-en 1377ko testu batek emandakoa da, non, beste bertsio batzuez gain, oinarrizko sortak 13 kartako lau serie dituela deskribatzen baita; beltzak, eskuarki, könig (errege), ober (ofizial - zaldi, andere), unter (sarjentu - txanka, xango) dira.
Edozein dela karta-sorten jatorria eta garapena Europan, tarotaren karta-sorta Italian sortu zen. Tarota Italiatik Europako hainbat tokitara zabaldu zen karta-sorta bat da eta XV. mendetik karta-jokoetan aritzeko erabiltzen da; esaterako, Italiako tarocchino, Alemaniako grosstarok, Frantziako tarot eta Austriako königrufen jokoetan.
Tarot eta alemanezko tarock hitzak italierazko tarocchi hitzetik eratorriak dira, eta horren jatorria zalantzazkoa da, nahiz eta taroch hitza erokeriaren sinonimo gisa erabili zen XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran. Karta-sorta berriak trionfi (triunfo) izenaz baino ez ziren ezagutzen XV. mendean. Izen berria Brescia-n agertu zen lehen aldiz 1502 inguruan, tarocho izenarekin.
Milango edo Veneziako tarotak, ezagutzen diren zaharrenak, tarot guztien ereduak dira. Tarotaren karta-sorta batek ohiko karta-sortek dituzten serieak eta kartak dituzte: 1etik 10erako (7rako) zenbakidun kartak eta hiru beltzak serie bakoitzeko. Horiez gain, beltz bat gehiago izaten dute serie bakoitzean. Azkenik, hogeita bi karta berezirekin osatzen da karta-sorta. Guztira, 78 karta ditu tarot batek. Zenbakidun kartak eta beltzak, 56 karta, arkano txikiak dira eta 22 karta bereziak triunfoak, eta geroago arkano nagusiak, dira. Arkano nagusiek zenbaki erromatar bat izaten dute goiko aldean eta haien izena beheko aldean. Hala ere, bi salbuespen daude: XIII. arkano nagusiak ez darama izenik, heriotza delako; bestalde, eroak ez darama zenbakirik eta batzuetan 0 zenbakia esleitzen zaio, eta beste batzuetan XXII zenbakia.
Arkano nagusiak | |||
zenbakia | izena | zenbakia | izena |
I | Aztia | XII | Urkatua |
II | Ama santua | XIII | Heriotza |
III | Enperatriza | XIV | Neurritasuna |
IV | Enperadorea | XV | Deabrua |
V | Sazerdote nagusia | XVI | Dorrea |
VI | Maiteminduak | XVII | Izarra |
VII | Gurdia | XVIII | Ilargia |
VIII | Justizia | XIX | Eguzkia |
IX | Ermitaua | XX | Juizioa |
X | Zoriaren gurpila | XXI | Mundua |
XI | Indarra | 0 edo XXII | Eroa |
Oro har, taroten kartak handiagoak izaten dira ohiko karta-sortenak baino.
Tarot guztietan hiru karta esanguratsuak dira jokoan eta jatorrizko izena gordetzeko joera dute, hasierako diseinuetatik urruntzen badira ere. Karta horiek Eroa, eta goiko eta beheko triunfoak dira, Aztia eta Mundua. Frantziako tarot modernoetan Eroari “aitxakia” deritzote gaur egun.
Zenbakidun karten ordena, urreetan eta kopetan, 1ekotik 10ekora behera doaz; eta ezpatetan eta bastoietan, 10ekotik 1ekora doaz behera.
Karta-sorta baten eredu goiztiar batek bastoiak, urreak, ezpatak eta kopak erabiltzen ditu. Serie horiek oraindik ere erabiltzen dira Iberiar penintsulako eta Italiako joko-karten sorta tradizionaletan, eta XVIII. mendearen amaieran lehen aldiz agertu ziren tarotaren karta-sorta modernoetan ere erabili ziren.
Tarotaren dokumentatutako lehen karta-sortak 1440 eta 1450 artean erregistratu ziren Milan, Ferrara, Florentzia eta Bolonian, lau serieko sorta arruntari irudi alegorikoak zituzten triunfo-karta gehigarriak gehitu zitzaizkionean. Karta-sorta berri horiei carte da trionfi (triunfo-kartak) deitu zitzaien, eta karta gehigarriei trionfi soilik. Lehenengo tarotetan trionfiak ez daude zenbakiturik eta ez daramate izenik beheko aldean. Trionfien dokumentaziorik zaharrena Florentziako erregistro judizialetan 1440an idatzitako aitorpen batean dago, bi karta-sorta Sigismondo Pandolfo Malatesta-ri eskualdatzeari buruzkoa.
Tarot zaharrenak Visconti-Sforza tarotaren hamabost bat karta-sorta dira, XV. mendearen erdialdean Milango dukerriko agintarientzat margotuak. Badirudi, XV. mendeko Italian, tarotaren sortetan sartzen zen karta-multzoa finkoa izan zela, triunfoak barne, izena eta ordena aldatzen baziren ere. Bi salbuespen nagusi daude:
- XV. mendearen amaierako karta-sorta batzuek, hala nola Sola Busca tarotak eta Boiardo karta-sortak, lau serie zituzten, ero bat eta 21 triunfo, baina triunfo horietako bakar bat ere ez dator bat tarotekoekin. Badirudi tarotaren karta-sorten ereduan egin direla, baina ezarritako arau baten borondatezko aldaerak ziren.
- Visconti di Mondrone sortak, Visconti-Sforzaren karta-sortetakoak, dama bat eta neskame bat zituen serie bakoitzean, ohiko errege, dama, zaldi eta txankaz gain. Gainera, sortak fedearen, itxaropenaren eta karitatearen bertute teologalak adierazten dituzten hiru triunfo ditu, eta ez daude aro horretako taroten beste ezein karta-sortan.
Elizak joko-kartak kritikatu bazituen arren, batez ere jokoan egiten zen apustuen erabileragatik, ez da aurkitu tarotaren ohiko kondenarik bere hasierako historian.
Italiako tarotak hiru multzotan bana daitezke: 1.- Veneziako ohiko tarota, 22 triunfo eta 56 karta arruntekin (1-10 zenbakidunak eta lau beltz); 2.- Boloniako tarota edo tarocchino, 22 triunfo eta 40 karta arruntarekin (1-6 zenbakidunak eta lau beltz); 3.- Florentziako minchiate tarota, 41 triunfo eta 56 karta arruntekin (1-10 zenbakidunak eta lau beltz).
Tarotari buruzko lehen iturri inprimatua Dialogo de Givochi che nelle Vegghie Sanesi usano di fare (Sienako herri zaharrean egiten ziren jokoen elkarrizketa) liburua da (Girolamo Bargagli, Venezia, 1572). Deskribatutako jokoen artean igarpena, kiromantzia, itsuak, dadoak, asmakizunak eta tarotaren kartak nabarmentzen dira.
Tarotaren lehen karta-sortak eskuz margotzen zirenez, sortutako sorten kopurua txikia izan zela uste da. Inprenta asmatu ondoren bakarrik egin ahal izan zen karta-sorten ekoizpen handia. Italiatik kanpo, lehenbizi Frantzia aldera eta Suitzara, hedatu zen tarota, Italiako gerretan. Bi herrialde horietan erabilitako taroten karta-sorten aldaerarik nabarmenena Marseillako tarota izan zen, Milango jatorrikoa.
Oro har, 1440. urterako, triunfoen multzoa mantentzen zen, baina ordena aldatu egiten zen eskualdearen arabera. Michael Dummett-ek hiru sailetan jarri zituen. 1.- Bolonian eta Florentzian, triunfo altuena Juizioa da, eta atzetik Mundua. Multzo hori batez ere hegoalderantz hedatu zen, Aita Santuen Lurraldean, Napoliko Erresuman eta, azkenik, Siziliako Erresuman zehar, baita Savoian ere ezagutu zuten. 2.- Ferraran, Mundua altuena zen, eta ondoren Justizia eta Juizioa. Multzo hori batez ere Venezia eta Trentora hedatu zen, non moda iragankorra besterik ez zen izan. XVI. mendearen amaieran, ordena hori desagertu egin zen. 3.- Milanen, Mundua izan zen altuena, eta Juizioak jarraitzen zion; ordena hori erabiltzen da Marseillako tarotean. Dummettek Frantziako mugan zehar egon zitekeen balizko laugarren sail bat ere aipatu zuen. Frantziatik iparraldera hedatu zen, harik eta bere azken ondorengoa, Belgikako tarota, 1800 inguruan desagertu zen arte.
Florentzian, geroago, minchiate izeneko karta-sorta zabaldua erabili zen. 97 kartako sorta honek ikur astrologikoak eta lau elementuak ditu, baita tarotaren motibo tradizionalak ere. Germini izena zeraman joko honen aipamen zaharrena 1506koa da.
Tarotaren jokoak Suitzara eta Frantzia aldera zabaldu ziren XVI. mendearen hasieran. Esaterako, Rabelais-ek 1534an le tarau jokoa sartu zuen Gargantuaren jokoen zerrendan. Eta ez dirudi alemaniar hizkuntzako eskualdeetara XVII. mendearen hasiera arte iritsi zenik.
1650 eta 1750 artean zabaldu ziren gehien tarotaren jokoak, bereziki Frantziako ekialdean eta Marseillako tarotarekin. Tarot hori Suediara eta Errusiara ere zabaldu zen. Garai berekoak dira benetako jokoaren arauez dauden lehen agiriak. Zoritxarrez, tradizioa laster desagertu zen Parisen, non editatzen ziren jokoen liburu gehienak.
XVIII. mendean taroten karta-sortetan lau serie frantsesak ‒bihotzak, diamanteak, hirustak eta pikak‒ erabiltzen hasi zen. Bestalde, triunfoetan zenbaki arabiarrak erabiltzen ziren. 78 kartako Frantziako eta Suitzako aldaeretan, hamar zenbakidun karta daude serie bakoitzean. Triunfoek zenbaki arabiarrak dituzte, eta bakoitzak XIX. mendeko pertsonen bi irudi ditu, lanean eta jokoan.
XVIII. mendearen amaieran, Frantziako okultistek beren historia eta esanahiari buruzko baieztapenak egin zituzten, baina funtsik gabe. Horren ondorioz, karta-sorta pertsonalizatuak agertu ziren, igarpenetan erabiltzeko, tarotaren karten irakurketaren eta kartomantziaren bidez. Beraz, tarotaren bi karta-sorta mota zeuden: karta-jokoetarako erabiltzen zirenak eta igartzeko erabiltzen zirenak. Hala ere, jatorriz karta-jokoetarako erabiltzen ziren antzinako eredu batzuk, hala nola Marseillako tarota, kartomantziarako ere erabiltzen ziren.
1781ean, Court de Gébelin-ek Le Jeu des Tarots azterlana argitaratu zuen Parisen. Bertan karten eta Egiptoko kulturaren mitologiaren eta sinbolismoaren artean paralelismo bat ezarri zuen, zenbakizko erlazio batzuen bidez (7 eta 13 zenbaki magikoak, esaterako, bietan dira bereziak).
XVIII. mendearen bukaeran, apustuak onartzen zituen tarocc ’ombre izeneko jokoa zabaldu zen Lombardian. Italian desagertu bazen ere, joko hori laster iritsiko zen Austriara eta, gerora, Austria, Hungaria, Txekia, Eslovakia, Trieste eta Eslovenian jokatuko ziren joko guztiak bereizten dituen hiru ezaugarri nagusietako bat bihurtu zen. Beste ezaugarri bat Italiako 78 kartako tarota utzi eta Frantziako serieak zituen 56 kartako tarotaz ordezkatzea izan zen. Hirugarren ezaugarria Eroaren posizioa triunfoen posizio gorenera igotzea izan zen.
XIX. mendean, tarota klasikoak grosstarock (tarot handia) izenarekin zirauen Alemanian. Horretatik garatu ziren Herbehereetan aspaldi jokatzen zen eta Danimarkan oraindik jokatzen den aldaerak.
Frantzia aldeko tarot modernoa XIX. mendean ekialdeko Besançon eta Dijon hirietan jokatzen zen jokotik garatu zen. Karta-sortak oraindik 78 karta ditu eta Eroa “aitxakia” da, baina jokoak serie frantsesekin jokatzen dira. Jokoak apustuen sistema sartu zuen.
Suitzan tarotaren jokoak ia galdu dira; hegoaldeko Grisonia eta Valais kantonamenduetan, hala ere, Italiako serieak dituzten jokoekiko irrika indartu da; eta mendebaldeko Jura kantonamenduan jokoak dirau, baina indar handirik gabe.
Italiako Piemonten eta Lombardian jokalariek Italiako serieak erabiltzen dituzte. Piemonten jokoaren izena permesso da, eta Lombardian tarocc ’ombre. Bietan XVIII. mendeko hombre izeneko joko batetik mailegatutako apustu sistema erabiltzen da. Bi jokoak azpimarratzekoak dira, oro har, Italiako tarotetan apustuak saihesten saiatu direlako.
Bolonian dirau 62 kartako tarot bakarrak, lehenago taroccino izenarekin ezagutua. Karta-sorta laburra lortzeko lau serieetako 2koen eta 5ekoen arteko kartak kendu dira. Triunfoetan Juizioa da nagusia eta I-IV triunfoen ordez balio bereko lau Mairu daude. Joko gehienak, ottocento jokoa bezala, lau jokalarirentzako dira, bi bikote. Bestalde, Bolonian eta inguruetan hiru jokalarirentzako terziglio izeneko jokoan aritzen dira.
Nabarmena da ere, Sizilian, urrutiko herrietan jokatzen diren tarotaren jokoak. Messinako probintziako Tortorici eta Barcellona Pozzi di Gotto herrietan eta Cataniako Mineo herrian nahiko oinarrizkoa den hiru jokalarirentzako jokoan aritzen dira apustu sinpleekin eta 64 kartako tarot batekin. Karta-sorta laburra lortzeko, 2ko eta 3ko urreak kentzen dituzte, baita gainerako serieetako 1kotik 4kora ere. Bestalde, triunfo nagusiak (XX) Jupiter eta (XIX) Atlas dira; (XV) Deabruaren ordez Itsasontzi bat dago eta, leku guztietan balore baxuena duen (I) Aztiaren azpian, balio txikiagoa du, zenbaki gabeko Pobrezia triunfoa. Eroari Iheslari deritzote. Italiako serieak ditu.
Europa erdialdeko Austria, Hungaria, Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Trieste eta Baden-eko (Alemania) gaur egungo jokoek talde koherente bat osatzen dute, 54 kartako serie frantsesekin. Eroa (Skús, Skis, etab.) triunfo nagusia izaten da eta garrantzia handia ematen diote azken altxaldia triunfo baxuenarekin, Pagat-arekin, irabazteari. Guztiak dira apustu-jokoak eta askok Pagat ultimo izeneko alboko apustua onartzen dute, zeina ohiko apustuetatik aparte irabaz daitekeen. Horietako asko XVIII. mendeko tappen jokotik datoz. Tapp tarock eta horren eratorri aurreratuagoa punkt tarot oraindik jokatzen dira Austrian, baita cego jokoa ere Badenen. Horietako gehienak hiru jokalarirentzako jokoak dira. Badira lau jokalarirentzako jokoak ere, rufer jokoak, horrela deituak apustu egileak aliatu bat bila dezakeelako eskuan ez duen karta bat eskatuz. Txekiako eta Hungariako jokoak horrelakoak dira nagusiki. Hungariako tarokk jokoa 1870koa da eta paskiewitsch deitzen zen; trebetasun handiko jokoa da eta sotiltasunez jokatzen da 42 kartako sorta batekin, zenbakidun karta guztiak kenduz, serie beltzetako 10ekoak eta serie gorriko 1ekoak izan ezik.
Gaur egun, taroten karta-sorta modernoen kopurua, kalitatea eta aniztasuna handitu egin da; horietako asko artelanak dira, eta, bereziki, bildumagileen artikuluak dira.
Visconti-Sforza tarotak
Ezagutzen diren tarotaren karta-sorta zaharrenetako bat da. Esan daiteke, aurreko sortetan oinarrituta egon badaiteke ere, tarotaren hurrengo karta-sorten eredua izango zela, esaterako, Marseillako tarotarena. Horrez gain, karta-sorta hau XIII. mendetik Lombardian agindu zuten Visconti eta Sforza familiekin estuki lotuta dago. Izan ere, uste da familia horien kide batzuk kartetan irudikatuta egon daitezkeela. Gainera, karten ilustrazio ederrek eramaten dute pentsatzera artista ezagun batek eginak direla.
Hainbat tarot dira izen horrekin ezagutzen direnak, horietako hiru ezagunenak izanik.
- Brera-Brambrilla tarota
Giovanni Brambilla-k 1900ean eskuratu zituen kartak Venezian eta, 1971z geroztik, Milango Brera Galeriako katalogoan egon da. Itxuraz, 1463an Francesco Sforzak Bonifacio Bembori egiteko agindu zion.
Karta-sortak 48 karta ditu, bi triunfo baino ez, Enperadorea eta Zoriaren gurpila. Kartak 178 mm × 80 mm-koak dira. Pertsonaien karta guztiek urre-koloreko hondoa dute, eta zenbakidun kartek, berriz, zilar-kolorekoa. Gainerako zazpi beltz hauek dira: zaldi eta txanka kopa; zaldi eta txanka urre; zaldi, txanka eta dama kopa. Zenbakidun karta ia guztiek iraun dute, falta den bakarra 4ko urrea da.
- Cary-Yale tarota
Joko-karten Cary bilduman daude eta 1967an Yaleko Unibertsitateko Liburutegian gordetzen dira. Visconti di Modrone ere deitzen zaio, eta 1466 inguruan datatu da. Ikertzaile batzuek iradoki dute hori izan daitekeela sortarik zaharrena, agian Filippo Maria Viscontik proiektuaren hasieran eskatuta.
67 kartak (11 triunfo, pertsonaien 17 karta eta 39 zenbakidun karta) iraun dute. Hori dela eta, Pierpont Morgan-en karta-sortaren banaketa kontuan hartuz, multzo hau egin zenean guztira 86 karta zeudela uste da. Kartak 190 mm × 90 mm-koak dira.
Karta-sorta hau sei beltz dituen karta-sorta historiko bakarra da Mendebaldean; “damatxoa” eta “dama zaldian” kartek osatzen dute errege, dama, zaldi eta txankaren beltzen multzoa. Ilarak kokapenen arabera zehaztu daitezke: zutik, zaldi batean edo tronuan. Minchiate karta-sortan eta honetan bakarrik agertzen dira hiru bertute teologalak triunfoetan. Triunfo guztiek urre-koloreko hondoa dute, eta zenbakidun kartek, aldiz, zilar-kolorekoa.
- Piermont-Morgan tarota
Karta sorta hau Colleoni-Baglioni eta Francesco Sforza izenez ere ezaguna da, eta 1451 inguruan egin zen. Jatorriz 78 kartez osatua zen, baina orain 74 ditu: 20 triunfo, 15 beltz eta 39 zenbakidun karta. Kartak 175 mm × 85 mm-koak dira. New Yorkeko Morgan Liburutegia eta Museoak 35 karta ditu, Carrara Akademiak 26 karta ditu bere katalogoan, eta gainerako 13 kartak Bergamoko Colleoni familiaren bilduma pribatuan daude.
Triunfoek eta beltzek urre-koloreko hondoa dute, eta zenbakidun kartek, aldiz, krema-kolorekoa lore- eta mahats-irudiekin. Falta diren bi triunfoak Deabrua eta Dorrea dira. Karta-sorta honen erreprodukzio modernoek, eskuarki, falta diren kartak berreraikitzeko saiakerak izaten dituzte.
Bastoien seriearen pertsonaiek zilarrezko arropa tolestuak dituzte, eta bastoi luzea daramate; ontzi handi bat dago bi muturretan erregearen kartan izan ezik, non ontzia goiko aldean bakarrik baitago. Kopetako pertsonaiek urrezko jantziak erabiltzen dituzte, eguzkiaren eta izpien ikur heraldikoekin apainduak; pertsonaia bakoitzak kaliza handi bat du. Ezpaten seriean, armadura osoa daramaten pertsonaiak ageri dira, ezpata handi bat daramatela. Bitxia bada ere, urreetako pertsonaiek eguzkien inguruan bildutako zinta urdinez apaindutako arropak janzten dituzte.
Karten edertasuna ikusita, uste da ospakizun baten harira, ezkontza edo urteurren bat, enkargatu zirela. Baina, bitxia bada ere, inon ez da agertzen Visconti-Sforza taroten karta-sorta ederren egilea. Badira, ordea, karta-sortak egin ahal izan zituzten garai hartako artista batzuk: Bonifacio Bombo, Antonio Cicognara, Marziano de Tortona edo Zavattari familia. Bombok, ziur asko, sorta batzuk margotu zituen. Izan ere, 1477tik artista iraunkorra izan zen Visconti-Sforza familiaren gortean.
Tarot guztiak ez dira berdin-berdinak, nahiz eta ingurune geografiko berean eginak egon, edo artista berak eginak izan. Esate baterako, Cary-Yale tarotean hiru bertute teologalak, fedea, itxaropena eta karitatea, agertzen dira, eta hurrengo tarotetan ez. Eta Piermont-Morgan tarotean Denbora da IX. arkanoa, geroago Ermitaua izango dena. Horrek erakusten du XV. mendean ez zegoela tarotak egiteko eredu bakarra.
Mamelukoen karta-sorta
Mamelukoen edo Mulûk wa-Nuwwâb (erregeak eta diputatuak) karta-sorta Asiako aurreko karten eta Europako joko-karten garapenaren arteko lotura gisa onartzen da. Egiptoko mamelukoek 1250etik 1517ra izan zuten sultanerritik datorkie izena. Berez, hiru karta-sorta ez-osatuak dira eta Istanbuleko Topkapi jauregiko museoan daude. Italiako taroten antza dute, beren tamaina handiagatik, 250 mm × 95 mm-koa, dekorazio-teknikagatik, kartulina gainean eskuz margotuak direlako eta haien antzinatasunagatik.
Txinako moneta-karten serieen eta Istanbuleko Topkapi jauregiko museoan dauden mamelukoen karta-sortaren serieen sistemen arteko antzekotasunak direla eta, oso litekeena da mamelukoen karta-sortaren eredua zuzenean txinatar kartetatik etortzea.
Txinatarren wen serieak txanpon edo eskudiru esan nahi du. Mamelukoen karta-sortak ere txanponen serie bat dauka, daráhim izenekoa, eta txanpon edo diru ere esan nahi du.
Txinatarren suo serieak sorta esan nahi du. Moneta-karta txinatarreko seriearen irudiak mamelukoen karta-sortaren jawkán (polo-makila) seriearen sinboloaren antza du, nahiz eta sinboloaren esanahia eta hondoa desberdinak diren bietan. Itxuraz, Txinako seriearen ikurra 10 txanponeko sorta bati dagokio. Seriearen sinboloak, seguru asko, mamelukoei polo-jokoaren makila ekarri zion gogora, garai hartan jadanik joko zabaldua baitzen bertan.
Txinatarren wan serieak elemenia esan nahi du eta 10.000 zenbakiari dagokio. Turkiera, mongoliera eta mantxuriera hizkuntzen taldeetan, 10.000 kantitaterako hitzak tuman, tümen edo toman dira, hurrenez hurren. 1240an, 10.000 dinarreko balioarekin sartutako moneta persiar bat ere toman deitzen zen. Mongolek Persia inbaditu eta handik gutxira hartu zuten hitza, lehen persiar hizkuntzan ez baitzegoen. Mamelukoen karta-sortan badago túmán (pilo, mordo) izeneko serie bat, baina kopa batez irudikatua. Mamelukoen seriearen ortografia arabiarra eta txanpon persiarra berdin-berdinak dira, transliterazioari bakarrik zor zaizkio desberdintzak.
Beste lotura bat dago txinatarren wan seriearen eta mamelukoen túmán seriearen artean. Irudimen pixka batekin, wan serierako karaktere txinatarrak buruz beherako katilu baten antza du. Horrek azal dezake zergatik mamelukoen kartek irudikatzen dituzten kopak, nahiz eta serieari hamar mila esaten zaion.
Txinatarren shi seriearen (hamar, benetan hamar elemenia) eta mamelukoen suyûf seriearen arteko lotura ez da hain argia. Hala ere, iradoki da shi hitzaren sinbolo txinatarrak, gurutze sinple batek, ezpata bat ekarri ziela gogora mamelukoei.
Badirudi beste kointzidentzia bat moneta-karten hiru karta bereziei dagokiela (ohore ere deitzen zaie), eta zaharra, lore gorria eta lore zuria izendatzen dira; arabiarren karta-sorten hiru beltzekin (erregea, diputatua eta bigarren diputatua) erlazioa izan dezakete. Horietako batek, lore gorriaren kartak, wang karaktere txinatarra duen gizonezko irudi bat erakusten du; karaktere horrek errege esan nahi du (dela monarka bat, dela Txinako abizen arrunta).
Mamelukoen karta-sorten eta Europako joko-karten arteko lotura XV. mendearen hasierako karta-sorta morisko baten moztu gabeko orri sinple bati begiratuz erakuts daiteke. Uste da karta-sorta Katalunian egin zela eta Arxiu Historic de la Ciutat de Barcelona-n dago. Diseinuak, diseinu orokorrean, antzekotasun ugari erakusten ditu mamelukoen karta-sortarekin.
Karta-sorta moriskoaren antzeko beste sorta batzuek ereduaren garapena erakusten dute Italiar eta Iberiar penintsuletako karta-sorten eredurantz.
Istanbuleko Topkapi jauregiko museoko mamelukoen karta-sortak 48 karta ditu. Ia karta-sorta oso bat osatzen dute eta Leo A. Mayer-ek aztertu zuen lehen aldiz 1931n.
Zenbait kartek arabierazko testua duen laukizuzen urdin bat dute goiko aldean. Beheko aldeko laukizuzenek serieen izena daramate, baita beltzen izenak ere, adibidez, “bigarren diputatu txanpon”.
Serieen izenak | Beltzen izenak |
suyûf (zimitarrak) | malik (erregea) |
darâhim (txanponak) | nâib (diputatua) |
jawkân (polo-makilak) | thanî nâib ( bigarren diputatua) |
tûnâm (piloak) |
Zabalduta dago mamelukoen kartak hiru karta-sortetatik bildu direla falta ziren kartak osatzeko. Kartak berrantolatu behar dira sorta bat osatzeko. Ondorio gisa, zaila zen bereiztea zenbakidun kartak eta beltzak diseinuagatik soilik. Pentsatzen da eremu urdinak erantsi zirela banaketa hori egiteko. Hortaz, eremu urdinak dituzten kartek beltz gisa jokatzen zuten, etiketaren arabera eta diseinua edozein zela ere. Zenbakidun kartak sinboloaren kopuruaren bidez identifikatu ziren.
Karta-sortaren jatorrizko diseinua ulertzeko asmoz, gomendagarria da eremu urdinak alde batera utzita hastea.
Lehen motako kartak: bizirik dirauten 48 kartetatik 43 kartek itxura biribileko lore-patroi trinkoak eta serieen sinbolo dotoreak dituzte. 1973an, Dummet-ek Some remarks on mamluk playing cards lanean eta Abu-Deeb-ek Journal of the Warburg and Courtauld Institutes 36 lanean lehen motako kartak esaten diete. Irudien zenbaketa Mayerri jarraituz egin zen, eta Dummetek eta Abu-Deebek ere erabiltzen dute.
Bigarren motako kartak: lau kartak seriearen ikur sinpleagoak eta hosto luzeko lore-ereduak dituzte, horiek dira bigarren motako kartak.
Hirugarren motako karta: bada beste karta bat, bigarren motakoen antzekoa, baina patroi geometrikoak ditu hondoko eremuan, bai eta itxura abstraktuagoko lore-patroi batzuk ere. Karta hori da hirugarren motako karta.
Hiru diseinu/sorten arteko aldeak nabarmenak diren arren, sorta bereko karten arteko aldeak ez dira hain argiak.
Lehen motan, karta gehienek kartaren espazio osoa erabiltzen dute, 1a motakoak; karta batzuek, berriz, kartaren goialdean tarteren bat uzten duen diseinua dute, 1b edo 1c motakoak. Horrez gain, 1b/1c motako karta gehienek (zimitarren seriea izan ezik) serieen sinbolo handiagoak eta zehatzagoak dituzte. Bestalde, 1b eta 1c moten arteko alde nagusia kartaren beheko erdian zehaztutako patroi geometriko handia da.
Bigarren motako karta guztiek espazio bat utzi dute kartaren goiko aldean. Horietako bik behealdean ere espazio bat utzi dute, 2b motakoak, eta beste bi kartak ez dute uzten, 2a motakoak.
Hirugarren motako kartak espazio bat du goiko aldean, baina ez behealdean.
Lehen motako karta-sortako beltzak zenbakidun kartetatik nola bereizten ziren aieru aditua egitean, badirudi hori karten diseinuak islatuko zuela, eta ez soilik margotu aurretik egon zitezkeen edo ez zeuden inskripzioek. Dummettek eta Abu Deebek jatorrizko esleipen desberdina iradoki dute, baina beltzen eta zenbakidun karten diseinu desberdinen nahasketa azaldu gabe uzten dute. Ondorioz, 1a diseinuak zenbakidun kartatzat har daitezke, 1b eta 1c diseinuak beltz gisa. 1c kartak erregeak dira geroko tituluaren arabera.
Bi serie daudenez 1b diseinuko hiru kartekin, polo-makilak eta txanponak, argi eta garbi dago jatorrizko lehen motako sortak lau beltz zituela serie bakoitzeko, eta ez hiru karta eremu urdinekin berrantolatutako bertsioan bezala.
Ulrich-Trzes-art-en karta-sortaren karten banaketa:
Zenbakidun kartak | Beltzak | |||||||||||||||
1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 | 10 | 1. diputatua | 2. diputatua | 3. diputatua | erregea | |||
jawkân (polo-makilak) bastoiak | bs | bs | bs | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1b | Im 1b | Im 1b | Im 1c | IIm 2b | IIm 2a |
tûnâm (piloak) kopak | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1b | Im 1b | bs | Im 1c | ||
suyûf (zimitarrak) ezpatak | Im 1a | bs | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | Im 1a | bs | bs | bs | Im 1b | Im 1b | bs | Im 1c | IIm 2a | IIIm |
darâhim (txanponak) urreak | bs | bs | bs | bs | Im 1a | bs | Im 1a | Im 1a | Im 1a | bs | Im 1b | Im 1b | Im 1b | Im 1c | IIm 2b |
bs = birsortuak (15), Im = lehen motakoak (41), IIm = bigarren motakoak (4), IIIm = hirugarren motakoak (1).
Marseillako tarota
Okzitaniako Marseilla hiriaren izena hartu zuen tarotaren eredua zabalduena da mundu osoan. Ez da tarotik zaharrena, baina bai gehien zabaldu dena eta luzeen iraun duena. Berez izena 1930 inguruan jaso zen, Grimaud karta-egileak erabili zuenean tarotaren edizioa egin zuenean. Marseillari egindako erreferentzia, bestela, ez da oso fidagarria; izan ere, tarot honen eredua, ziur asko, XVI. mendeko Lombardian sortuko zen, egile ezezagun baten interpretazioaren ondorio gisa.
Marseillako tarotaren eredua ez da aldatu 500 urtean, ez 22 triunfoak, ez eta serieetako 56 kartak ere. Esate baterako, zaldi urreak daraman bastoia eta txanka urreak bertikalean daraman izena mantendu egin dira. Hala ere, inpresio-teknika berriek aldaketak ekarri dituzte tarotaren edizio berrietan.
Marseillako tarotean, gaien izenak, bai beltzetan bai triunfoetan, idatzita daude, karten esanahiei buruzko zalantzak uxatuz. Hasierako tarotek ez zeramaten izenik kartetan eta agertzen diren izen zaharrenak frantsesez agertu ohi dira. Pentsatzekoa da, beraz, izenak kartak Okzitaniara iragan ondoren erantsi zirela. Hori ulergarria da jokalariak ez zeudelako oraindik ohituta jokoaren alegoriekin. Kontuan hartu behar da triunfoak alegoria gisa sortu zirela, eta horien xehetasunak adituek baino ez zekizkitela irakurtzen. Hortaz, hasierako eskemaren edozein aldaketak esanahi ezkutuan izan zezakeen eragina.
Triunfoen zenbakitzeari esker tarotaren garapena ikus dezakegu. Marseillako tarotaren bi triunfok bakarrik izan zituzten irakurketa desberdinak denboran zehar: Zaharra edo Denbora geroago Ermitaua bihurtu zen eta Gezia geroago Jainkoaren etxea edo Dorrea (Italiako aldaeran) izan zen.
Gainerako kartek Visconti-Sforzaren eskemari jarraitzen diote. Bastoi zuzenen eta ezpata kurboen irudiak ere gordetzen dira. Bateko bastoia eta bateko ezpata baino ez dira aldatu, bietan bastoiari eta ezpatari esku batek heltzen baitie. Horrez gain, bastoietako eta ezpatetako gainerako zenbakidun kartek kartari dagokion zenbaki erromatarra irudiaren bi aldeetan agertzen da, ziur asko, jokalari berriei kartaren irudia irakurtzen laguntzeko asmoz.
Tarotaren zabalpena Lyonetik hasi zen eta, geroago, Okzitania aldean zabaldu zen, Avignonen eta Marseillan. Marseillan, hain zuzen, zabaldu zen era berezian XVIII. mendean. Bertako denda batzuek tarotarekin izan zuten arrakastak argitaletxe bihurtzera eraman zituen asko XIX. eta XX. mendeetan zehar. Lyon hiriak hegoaldetik iparralderako bandaren papera jokatu zuen.
XIX. mendera arte ohikoa zen karta-jokoen ekoizleek Marseillako tarota argitaratzea, tokiko jokalariek erabiltzen zituzten aldaerekin batera. Baina Marseillako tarotak izan zuen arrakasta kartomantzian izan zuen erabilerari zor dio. XVIII. mendearen bukaeran, Aliette izeneko Pariseko ile-apaintzaile batek Etteila ou manière de se récreér avec un jeu de cartes (Etteila edo karta-joko batekin dibertitzeko era) liburua idatzi zuen. Lan horrek neurrizko arrakasta izan zuen eta praktika esoterikoen aditu Court de Gébelinen arreta erakarri zuen. Hurrengo mendean, Erromantizismoak lagundu zuen zabaltzen kartomantzia eta antzeko beste praktika batzuk, eta horiekin batera tarota bera, horrelako kartak lehenago erabili ez ziren beste herrialde batzuetan.
XX. mendean, tarot berriak diseinatu ziren eta irudiak unean esleitzen zitzaizkien esanahietara egokitzen ziren. Hala ere, 78 kartak eta triunfoen, orain arkano nagusien, ordena Marseillako tarotarenak dira.
Euskal Herriko tarota
Maritxu Erlanz de Güler-ek, Uliako sorginak, sortu zuen, Alfredo Fermin Cemillan Mintxok diseinatu zuen eta Heraclio Fournier SA-k inprimatu zuen 1991n, Gasteizen, Fournier Museoaren 75. urteurrena ospatzeko.
Maritxuren hitzetan, oso aberatsak diren lege tradizionalei jarraitu zien, kontuan hartuz koloreen sinbologia, zenbakiak, irudien izenak, etab. Kartak zuhaitz, landare, belar, lore eta fruituekin apainduta daude, naturarekiko maitasuna adieraziz.
Tarotaren jokoak altxaldien jokoak dira eta triunfoekin jokatzen dira. Triunfoak arkano nagusiak dira, inoiz ez serieetako beltzak. Ezkerretik eskuinera jokatzen da, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan. Jokalariek serieari jarraitu behar diote, ahal bada; bestela, triunfoa jokatzera behartuta daude (aitzakia duen jokalariaren kasuan izan ezik, onartzen den jokoetan).
Puntuzko jokoak dira, batez ere, non jokoaren helburua, gutxieneko altxaldi kopuru baten ordez, karten puntu gehienak irabaztea baita.
Osagaiak eta hasiera
Tarotaren karta-sorta batek 56 arkano txiki eta 22 arkano nagusi ditu.
Arkano txikiak 14 kartako lau serietan banatzen dira: zenbakidunak 1etik 10era doaz eta beltzak txanka, zaldia, dama eta erregea dira. Lau serieak urreak, kopak, ezpatak eta bastoiak dira.
Arkano nagusiak 22 dira, 0tik XXIera antolatuak zenbaki erromatarrez, zeroa izan ezik. Hauek ez dute serierik osatzen, eta, bai tarotean, bai jokoetan, esanahi eta arau bereziak dituzte.
Helburua ahalik eta puntu gehien irabaztea da.
Arauak
Karten hierarkiak hauek dira: urreetan eta kopetan, goitik behera, 1-2-…-9-10 eta ezpatetan eta bastoietan, 10-9-…-2-1. Horien gainetik, beti, beltz guztiak daude ordena honetan, behetik gora, txanka, zaldia, dama, erregea. Eta serieetako karta guztien gainetik triunfoak daude, I-II-…-XXI ordenan.
Karten puntuazio ohikoena hau da:
XXI. triunfoak (Munduak) 5 puntu;
I. triunfoak (Aztiak) 5 puntu;
Eroak 5 puntu;
errege bakoitzak 5 puntu;
dama bakoitzak 4 puntu;
zaldi bakoitzak 3 puntu;
txanka bakoitzak 2 puntu.
Altxaldi batean, lehen jokalariak serie bateko karta bat mahai gainera botatzen badu, hurrengo jokalariek serie bereko kartak bota behar dituzte.
Jokalari batek ez badu lehen jokalariak bota duen serieko kartarik, triunfo bat bota beharko du.
Jokoan zehar jokalari batek edo bikote batek irabazitako altxaldietako karta guztiak pilo batean jarriko ditu. Jokoaren bukaeran, puntuazioak kalkulatzeko, irabazitako kartak bi, hiru edo lauko pilotan bilduko dira, jokoaren arau partikularren arabera. Pilo bakoitzak, ahal den neurrian, karta baliodun bat eta baliogabeak (puntuaziorik gabeko kartak) izan behar ditu. Pilo bakoitzaren balioa dituen karta baliodunen kopuruaren araberakoa da:
karta baliodunik gabe, puntu bat;
karta baliodun bat, kartaren balioa;
bi karta baliodun, karten balioa ken bat;
hiru karta baliodun, karten balioa ken bi;
lau karta baliodun, karten balioa ken hiru.
Ez du garrantzirik nola antolatzen diren irabazitako karta guztiak piloetan. Esate baterako, pentsatu hiru jokalarirekin sei altxalditan puntu hauek lortu dituzula: 5eko bat, bi 4ko, hiru 3ko, lau 2ko, bost 1eko eta hiru karta baliogabe. Taula honetan bi era desberdinetan antolatuko ditugu eta puntuazio osoa kalkulatuko dugu:
Piloa | Kalkulua | Puntuak | Piloa | Kalkulua | Puntuak |
5-4-4 | 5+4+4-2 | 11 | 5-2-1 | 5+2+1-2 | 6 |
3-3-3 | 3+3+3-2 | 7 | 4-2-1 | 4+2+1-2 | 5 |
2-2-2 | 2+2+2-2 | 4 | 4-2-1 | 4+2+1-2 | 5 |
2-1-1 | 2+1+1-2 | 2 | 3-2-0 | 3+2+0-1 | 4 |
1-1-1 | 1+1+1-2 | 1 | 3-1-0 | 3+1+0-1 | 3 |
0-0-0 | 1 | 1 | 3-1-0 | 3+1+0-1 | 3 |
26 | 26 |
Ikusten denez, bi kasuetan 26 puntu lortu dituzu.
Partida batean, gehienez 78 puntu lor daitezke.
Iturriak
Michael Dummett: The Game of Tarot. Duckworth & Co, London, 1980.
Catherine Perry Hargrave: A History of Playing Cards. Dover Publications, Inc., New York, 1930.
David Parlett: A History of Card Games. Oxford University Press, Oxford, 1991.
Barajas de colección (2). Ediciones del Prado, Madril, 2004.
Ulrich-Trzes-art: Eskuko orria.
Ulrich-Trzes-art: http://mamluk.spiorad.net/index.htm
Ulrich-Trzes-art: https://www.kickstarter.com/projects/urbanincarnations/trzes-moorish-deck
Simon Wintle: https://www.wopc.co.uk/spain/moorish/moorish-playing-cards
Andy Pollett: http://a_pollett.tripod.com/cards.htm
Wikipedia (en)