Dama-jokoaren jatorriaz hainbat hipotesi daude. Egiptoko faraoi batzuen hilobietan gaur egungo dama-taulen antzeko taulak aurkitu dira. Grezia eta Erroma klasikoetan zenbait testuk dama-jokoa izan daitezkeen jokoak deskribatzen dituzte. Baina, ez greziarren petteia-k ez erromatarren latrunculi-k ez dute fitxak harrapatzeko dama-jokoaren modu bera.
Historialariak bat datoz esatean dama-jokoa beste joko batetik eratorri zela, baina ez dira ados jartzen joko hura zein izan zen erabakitzerakoan. Batzuek uste dute xaketik eratorri zela. Antonius Van der Linde xakearen historialariak (1874) dama-jokoa xake-partiden bukaerako egoeretatik garatu zela ondorioztatu zuen, xakeko peoi goratuengatik. Daniel Willard Fiske adituak ideia hori defendatu zuen 1905ean esatean dama-jokoa xake sinplifikatu bat zela eta, horregatik, xakea zela dama-jokoaren jatorria. Beste batzuek, aldiz, uste dute alkerke jokoa dela dama-jokoen jatorriarekin lot daitekeen taula-joko bakarra. Alkerkea arabiarrek ekarri zuten Europara. William Shelley Branch adituak 1917ko The Chess Amateur lanean zioen, Josep Brunet i Bellet-en El ajedrez liburuko iradokizunean oinarriturik, dama-jokoa xake-taula batean alkerke jokoaren arauekin egindako esperimentuetatik sortu zela.
Harold James Ruthven Murray-k jokoaren eta fitxen izenak eman dizkigu hainbat hizkuntzatan. Jokoaren izena inguruko hizkuntzetan jasotzearren: dams, eskoziera; damen jokoa, euskara; fierges, jeu forcé, forcé, forçat, jeu plaisant, plaisant, dames, frantsesa; farisia, marro, marro de punta, damas, gaztelania eta portugesa; ferses, jeu-de-dame, dames, dammes, draughts, checkers, ingelesa; donne, dame, dama, italiera; marro, marro de punta, dames, katalana; ludus dominarum, latina; forçat, jeu de damo, proventzera. Eta ekialdean: shashki, errusiera; ntama, greziera; dame, poloniera; dama, turkiera.
Joko-taularen izenak: shashechnitsa, errusiera; dambrod, damboard, eskoziera; damier, frantsesa; tablero, gaztelania; draught-table, draughtboard, draughtsboard, ingelesa; damiere, italiera; damiè, damié, proventzera.
Fitxen izenak: shashka, errusiera; dam, eskoziera; dame, pion, frantsesa; peon, gaztelania; draught, draught(s)man, checker, checkerman, man, ingelesa; donna, dama, pedona, pedina, italiera; damo, pioun, proventzera.
Damaren izenak: doved, damka, errusiera; roi, dame damée, damée, dame couronnée, dame, frantsesa; dama, peon coronado, gaztelania; king, ingelesa; damata, pedina damata, dama, italiera; damo damado, damat, damado, damé, proventzera.
Nomenklaturari kasu eginez zenbait ondorio atera daitezke: 1) Ez dago frogarik dama-jokoa 1500 baino lehen Frantziatik, Ingalaterratik eta Hispaniako Marketatik (Pirinioen inguruko lurraldeetatik) kanpo jokatzen zenik. Murrayk, Italian, 1527an, donne izenarekin aipamen bat ematen du; baina badirudi horrek joko-karten erregina adierazten zuela. Europako beste leku batzuetan 1550ekoa baino geroagokoak dira aipamenak, eta horrek berekin dakar mendebaldetik ekialderantz hedatu zela pentsatzea. 2) Murrayren iritziz, fitxen izena xakeko damaren izenetik hartu zen, hasieran fers izenetik, Erdi Aroan damaren lekua zuen xakeko piezaren izenetik, eta dama izenak xakean bere lekua hartu zuenean, dama-jokoak adibideari jarraitu zion, eta fitxek ere dama izena hartu zuten. Bi kasuetan, dama-jokoa izendatzeko xakeko damaren izenaren plurala erabili zen. David Parlett-ek, ordea, Arie van der Stoep egiten ari zen tesia aipatzen du, non dama izena frantses zaharreko dam (dike) hitzetik datorrela frogatzen baita. Dike hitzak fitxak dama mailara goratzen diren taulako azkeneko errenkadari egingo zion erreferentzia. 3) Damaren jatorrizko izena frantsesez roi zen, baina 1500 baino lehen utzita zegoen, eta damari dame damée edo damée deitzen zitzaion. Izen-aldaketa, damari dama eta fitxei peoi izenak erabiliz, XVII. mendearen bigarren erdian egin zen Frantzia aldean, eta 1750etik aurrera baino ez zen orokortu han. Gaztelaniaz, aldiz, aldaketa 1500ean gertatu zen. Ez da gaztelaniazko nomenklatura ezagutzen XVI. mendearen erdialdera arte, eta orduan fitxak peon ziren eta dama dama zen, agian 1684ra arte peoi itxurako fitxekin jokatzen zelako. Espainian izan ezik, 1600 baino lehen, dama izena fitxei baino ez zegokien, eta inoiz ez damari.
Hiru lanek aipatzen dute ferses izeneko joko bat. Bata Iberiar penintsulako mairuek idatzitako olerkien antologia arabiar batean dago, Kitāb al-mutrib min ash‛ār ahl al-Maghrib, ibn Dihya filologoak (1149, Valentzia – 1235) bilduta. Lan horrek beste mairu baten, ibn Sharaf-en, lanen zerrenda bat dakar eta horien artean jokoei buruzko lana dago. Bertan, farīsīa (jokalariaren dama, malika) jokoa dago. Lan hori garaiko lan aipagarrietako bat da. Lan honetatik ondoriozta dezakegu jokoa ez zela ez mairuena ez penintsular jatorrikoa. Eta jokoaren farīsīa izena proventzerazko fersa hitzaren arabiartze bat baino ez zen, eta horrela deitu zioten jokatzeko fitxak ferses edo xakeko damak zirelako.
Bigarrena, Philip Mouskat-en 1243ko Cronique lanean dago, non, askotan, jokoetatik ateratako metaforak erabiltzen zituen, eta Felipe Augusto erregeari buruzko panegiriko batean hau dio Mousketek:
Cis n’estoit mie rois de gas,
Ne rois de fierges, ne d’escas,
Ains iert à droit fins rois entirs,
Rubins, esmeraude et safirs.
Bigarren lerroan fierges jokoa aipatzen da, xakearekin batera. Horrek esan nahi du erregea bi jokoen pieza bat zela. Lan honetatik Murrayk ondorioztatzen du fitxak goratu zitezkeela, eta goratutako fitxa errege bihurtzen zela. Fitxak urrats bateko mugimendu diagonalera mugatuta zeudela ere ondorioztatzen du.
Hirugarren aipamena Chaucer-en Book of the Duchess (~1369) lanean gertatzen da, Juan de Gaunt-en emazte Blaunche-ren, Lancaster-eko dukesaren, heriotza deitoratuz. Poema honetan, Chaucerrek amets bat kontatzen du: ezagutu zuen zaldun batek deitoratzen zuen Fortuna faltsua harekin xakean ari zela eta fers (dama) hartu ziola, eta bere fers hartuta ikusi zuenean, oihu egin zuen:
Alas! I couthe ne lenger pleye,
But seyde, farwel, swete, y-wis,
And farwel al that ever ther is.
Chaucer, orduan, kontsolatzen saiatuko da eta bere atsekabea gehiegizkoa izan zatekeela esaten dio
Thogh ye had lost the ferses twelve,
Eta bukatzen du esanez
But ther is noon a-lyve here
Wolde for a fers maken this wo!
Zaldunaren istorioa xakearekin bat datorren arren, Chaucerren erantzuna ez, hamabi fers galtzeak dena galtzea esan nahi duelako. Badirudi zaldunak eta Chaucerrek gaizki ulertu bat izan zutela, lehena xakeaz ari zen bitartean, bigarrena ferses jokoaz ari zen. Lan honetatik Murrayk ondorioztatzen du jokoa aurrez aurreko jokoa zela, baita hamabina fitxarekin jokatzen zela ere. Fitxak harrapatzeko metodoa baino ez da ezkutuan geratzen.
Ondorio argia da, beraz, Murrayrentzat, ferses jokoa dama-jokoa zela, eta izen horren iraupenak, c. 1150-1400 urte bitartean, ondorio hori indartuko zuen.
Parlettek dio, ordea, Murrayren teoria frantsesezko jeu de dames terminoak “xake motako mugimendu luzeko damen jokoa” esan nahi duelakoan oinarritzen dela, zeina lehenagoko fers-en joko batetik modelatu baitzen. Izan ere, frantsesezko dames hitzak joko-fitxa lau, zirkular esan nahi du orokorrean, eta 1750. urte ingurura arte ez zuen hartu dama-jokoaren fitxa goratuaren izena. Parletten ustez, horrek Murrayren teoria eraisten du.
Zalantzarik gabe, dama-jokoaren guraso bat xakea zen, joko-taulaz eta fitxen fers izenaz hornitu zuelako. Beste gurasoa alkerkea zatekeen, fitxa kopuruaz eta harrapaketa-metodoaz hornitu zuelako. Alkerke hori Alfontso X.aren, Jakitunaren, izenean 1283an egindako Juegos diversos de Axedrez, dados e tablas liburuan agertzen den hamabiko alkerkea izango zen. Ez da ezohikoa joko baten taula beste jokoetan erabiltzea (esaterako, xake-taula ashtāpada jokoaren taula zen). Horrela uler daiteke hainbat herritan dama-jokoaren izena beste jokoetatik eratortzea: marella, Sizilia; marro, marro de punta, Gaztela eta Katalunia. Gaur egun, alkerke bezalako jokoetan aritzen dira Sahara osoan, baita Kanaria uharteetan ere.
Honela irudikatzen du Parlettek lehenengo dama-jokoa izan zitekeena. Alkerkeko fitxak lerro gaineko noranzko guztietan mugitzen imajinatzen ditu. Harrapaketa nahitaezkoa bazen, aldaera gisa ikusten du estandard gisa baino. Joko hori xake-taulara aldatzen denean, egoera berezi bat agertzen da: fitxen artean bi errenkada huts daude, eta horrek ez du berehala harrapaketarik egitera bultzatzen. Fitxak aurrera eta atzera mugi badaitezke, jokalari beldurti batek bere fitxak babes litzake aurrera-atzerako mugimendu errepikakorrekin. Horri aurre egiteko bi aukera ikusen ditu: edo harrapaketak derrigorrez egiteko araua sartu edo atzerako mugimenduak eragotzi; eta bigarrena iruditzen zaio deigarriena. Hortaz, aurrerako mugimendua taula-aldaketaren lehenengo ondoriotzat hartzen du. Bigarrena fitxen goratzea da, bestela fitxa bat azken errenkadara iristean ezingo zen mugitu. Goratzea, haren ustez, atzerako mugimenduaren debekuaren ondorio logikoa da, eta ez dago horren jatorria xakean bilatzeko beharra.
Dama-jokoaren bost aipamen egoteak 1200 eta 1500 artean, aurreko hiruak barne, ez du iradokitzen jokoak zabalpen handia izan zuenik Erdi Aroan. Garai hartako eliza- eta udal-ordenantza asko daude, baina batek ere ez du aipatzen dama-jokoa. Ondoriozta daiteke, beraz, 1500 baino lehen, jokoa ez zela oso ezaguna.
Frantzia aldean
Hasierako dama-jokoan, Frantzia aldean eta Ingalaterran, fitxak ez ziren nahitaez harrapatu behar. Frantzia aldean harrapatzeko nahitaezkotasuna 1535ean sartu zen, eta dama-jokoaren jeu forcé (nahitaezko jokoa) izeneko aldaera sortu zen. Jatorrizko jokoak berean iraun zuen, baina le jeu plaisant de dames (dama-joko atsegina) edo plaisant izen berriarekin. Gaur egun, Ingalaterrako draughts, Eskoziako dams eta Frantzia aldeko dames XVI. mendeko nahitaezko jokoa dira. Harrapatzea nahitaezkoa da, ostearen zigorpean.
François Rabelais-ek bi jokoak, dames eta forcé (beranduago forçat), sartu zituen Gargantuaren jokoen zerrendan (1535). Eta beranduagoko liburu batean (1547), damer aditza erabili zuen “fitxa bat goratzeko”. 1611n, Randle Cotgrave-k forçat jokoa honela definitu zuen: “dama-joko bat da, non norberak ahal duenean hartu behar baitu aurkaria, edo bestela bera hartzen baita”.
Fitxak harrapatzeko nahitaezkotasuna, gutxi gorabehera, xake zaharreko alfferza xake berriko dama bihurtu zen garai berean sartu zen. XVI. mendean zehar dama-joko berria azkar zabaldu zen Frantzia aldetik Italiara, Ingalaterrara, Herbehereetara eta Alemaniara eta baliteke, Iberiar penintsulan, marro izena damas izenera aldatzea eragin izana. Italian, donne jokoa 1526ko joko-zerrenda batean ageri zen. Ingalaterran, zenbait autore isabeldarrek dames eta dammes izenak erabili zituzten, baina draughts izena erronkari aurre egiteko bezain sendoa izan zen. Herbehereetan, dambert izena agertu zen Albako dukearen satira flandriar batean, 1568an Anberesera joan zenean, dukearen ezkutua dama-taula itxurakoa baita.
Dama-joko berrituaren bizitza motza izan zen Frantzia aldean. Pierre Mallet-ek dio, 1668ko Le Jeu de dames, avec toutes ses maximes et règles tant générales que particulières lanean, gehien bat matematikariak aritzen zirela jokoan eta 1650 inguruan asmatu zen grand forçat izeneko aldaerari aurre egin behar izan ziola. Aldaera horretan, fitxak zein damak lauki bakar bat mugitzen ziren, eta fitxak nahitaez harrapatzeko beharra muturrera eraman zuten: jokalari batek ez bazuen fitxa bat harrapatzen partida galtzen zuen momentuan bertan eta, harrapatzeko bi aukera bazeuden, harrapaketa gehien ematen zuen aukera gauzatu behar zen, eta bi aukera berdinak baziren, jokalaria hobeto geratzen zen aukera gauzatu behar zuen, geroago Italian il più col più izena zuen araua. Aldaera horrek ez zuen onarpenik izan Paristik kanpo eta 1700 baino lehen zaharkitua zen. D. Quercitano-ren 1727ko L’Égide de Pallas lanean ez dago gran forçat jokoaren arrastorik, baina Hôtel de Soissons-en agertu zen joko berri baten kontra egiten saiatu zen, eta «un pur badinage de l'orgueil et de l'esprit humain» (giza harrotasunaren eta izpirituaren txantxa hutsa) deitu zion. Hogei urte baino gutxiagoan, joko berri horrek Parisko eta Herbehereetako kafeetatik egotzi zuen joko zaharra; gaur egun, dama-joko poloniar du izena.
Ingalaterra
Nahitaezko jokoak bide luzeagoa egin zuen Ingalaterran, non garrantzia handiagoa hartu baitzuen. Malleten arau frantsesak dira (harrapaketa maximoa aukeratu beharrik gabe), eta gaur egungo arau ingelesak dira. Theophilus Lucas-ek 1700 baino lehenagoko jokalari nagusietako bati buruz hauxe esan zuen: joko honetan, artista handi horrek ginea bat emango lioke edozein gizoni, pertsona bat berarekin hiru ginearengatik jokatzera ekarriz gero; azkenik, dama-jokoan zuen asmamenagatik nabarmendu zen arte, inork ez zuela berarekin jokatuko.
Ingeles hizkuntzako herrietan, jokoaren lehen izena checkers izan zen, joko-taularen bi koloreko laukiei erreferentzia eginez, eta ondoren draughts izena etorri zen, mugimendu esanahiarekin. Hori kontuan izanik, checkers hitzaren agerpenak ez zuen nahitaez dama-jokoa esan nahi. Parlettek hiru lan aipatzen ditu, non checkers hitza agertzen baita: 1380 inguruko Sir Ferumbras erromantzea; 1400 inguruko Destruction of Troy, frantsesezkoaren ingelesezko bertsioa; eta John Lydgate-ren 1426ko The pilgrimage of the life of man. Lan horiek eraman dute van der Stoep ondorioztatzera dama-jokoa Ingalaterran agertu zela lehenik.
Jean-Bernard Alemanni-k dama-jokoaren 1585eko aipamen bat aipatzen du Ingalaterran, baina eman gabe. Eta eransten du dokumentuetan 1688tik aurrera soilik zehazten direla arauak. Jokoaren deskribapen laburra egin zuten Randle Holme-k The Academy of Armoury lanean (1688) eta Thomas Hyde-k 1694ko De Ludis Orientalibus Libri Duo lanean. Baina dama-jokoa ez da agertzen Charles Cotton-en 1674ko The Compleat Gamester lanean, ez eta John Cotgraves-en 1652ko The Wit’s Interpreter lanean ere. Dama-jokoaren liburuetako agerpen urritasunak darama Parlett ondorioztatzera hasieran dama-jokoa ez zela oso onartua izan Ingalaterran. William Payne-ren 1756ko Introduction to the Game of Draughts lana jokoaren analisia jorratu zuen lehen ingelesezko liburua izen zen eta Ingalaterra, Eskozia eta Estatu Batuetako dama-jokoaren ospe moderno handiaren hasiera adierazten du. Joseph Strutt-ek Sports and Pastimes of the People of England idatzi zuen 1801ean eta hau dio: “Dama-jokoaren denbora-pasa oso ezaguna da gaur egun, eta uste dut orain Londresen dama-jokalari bikainak direla, inoiz ez bezala.” Urte berean, Joshua Sturges-ek The Guide to the Game of Draughts argitaratu zuen, 500 partida aukeraturekin. XIX. mendean, ingeles hizkuntzako herrialde guztietan, Ingalaterra, Eskozia, Australia, Kanada…, egunkariek jokoari buruzko berriak, praktikak eta teoria lantzen zituzten artikuluetan.
Bai Ingalaterran bai Eskozian dama-jokoaren elkarteak 1890eko hamarkadan sortu ziren. Hogei bat urte lehenago bi herrialdeen arteko lehia jokatu zen, eta Eskozia gertatu zen irabazle. Horren ondorioa izan daiteke jokalari ingelesek taulako lauki beltzak hartzea jokatzeko. Paynek aspaldi esan zuen dama-taula lauki zuria goiko eskuineko erpinean duela kokatu behar dela. Hasierako lehiaketa haiek laster egokitu ziren bi mugimenduko murrizketarekin. Izan ere, murrizketarik gabe, jokalari batek ez galtzera joka dezake, jokoak interesa galduz. Bi mugimenduko murrizketarekin partida ez da hasiko ohiko posiziotik, baizik eta bi jokalariek mugimendu bana egin ondoren, eskuragarri geratzen diren 43 posizioetako batetik. Berez, 49 posizio eskuragarri daude, baina sei baztertzen dira jokoa desorekatzen dutelako. 1930ean AEBko elkarteak hiru mugimenduko murrizketa sartu zuen: bi jokalarien lehenengo mugimenduak eta lehenengo jokalariaren bigarren mugimendua aurretik zehaztuta zeuden. Horren arrazoia izan zen, denborak aurrera egin ahala, jokalariek 43 posizio horiei jarraipena ematen ikasi zutela, berdinketa gehiago lortuz.
Eskozia
Eskoziako terminologiak erakusten du bertako jokoaren jatorria Herbehereetan dagoela, Hogeita hamar Urteko Gerran zehar bi herriek izan zuten harreman estuaren ondorio gisa. Baina ez dirudi dama-jokoa Herbehereetatik iritsi zela Eskoziara, Eskoziako dams jokoa dama-joko laburra zelako eta Herbehereetakoa, aldiz, dama-joko luzea zelako. Horrez gain, eskozierazko dams hitza gertuago dago frantsesezko dames hitzetik, nederlanderazko damspel hitzetik baino, eta Eskozia eta Frantzia artean harreman kultural estuagoa zegoen lehenagotik. Herbeheretarren eragina, ordea, taularen posizio desberdinean ikus daiteke, Ingalaterrakoarekin konparatuz, eta terminologian: dams (dama) eta dambrod (dama-taula).
Iberiar penintsula
Iberiar penintsulan damas (pluralean) jokoan aritzen ziren. Joko horretan fitxek ohiko mugimendua eta harrapatzeko modua zituzten; baina damari mugimendu diagonal mugagabea eman zitzaion, xakeko alfilena bezalakoa, eta, fitxa bat harrapatzean, fitxaren atzeko edozein lauki hutsetara jauzi zezakeen, atzeko tarteko laukiak huts bazeuden. Harrapaketan ahalik eta fitxa gehien hartu behar ziren nahitaez. Dama harrapatzaileak bere mugimendua osatu behar zuen eta taulan utzi, harrapatutako edozein fitxa kendu baino lehen, eta hartutako fitxa batek, baina kendu gabea, harrapatu gabeko fitxa baten mugimendu-murrizketa bera egiten zuen.
Arau hori Iberiar penintsulan agertu zen lehen aldiz eta jadanik existitzen zen dama-jokoari buruzko gaztelaniazko lehen lana 1547an agertu baino lehen. Dio Murrayk tentagarria dela damaren mugimenduaren aldaketa xakean 1500 baino lehentxeago egin zen alferzaren mugimendu berriaren aldaketarekin lotzea. Ez dago ebidentziarik Espainiako xakelariek Erdi Aroko alferza piezari dama deitu ziotenik xake berria sartu aurretik: Luis Ramírez de Lucena-k (c. 1497) oraindik ere alferza erabiltzen du xake zaharraren zenbait problemetan. Parlett, ordea, Westerveldekin bat dator esatean damaren mugimendu luzea, xakean zein dama-jokoan, Iberiar penintsulan gertatu zela XV. mendean. Hala ere, teoria hori huts-hutsean onartzeak esan nahiko luke damaren mugimendu luzea hasieratik gertatu zela, baina Italian zein Europako iparraldean mugimendu laburra erabiltzen zen.
Fitxak goratzeko ideia atzerako mugimendua debekatzetik sortu zela pentsa daitekeenez, eta ez xaketik mailegaturik, damaren mugimendu luzea XV. mendeko jokoetan esperimentatzeko sukarraren ondorioz sor zitekeela pentsatzen dute Westerveldek eta Parlettek, eta ez xaketik hartuta.
Jokoaren marro izena katalana da eta alkerke edo antzeko jokoa adierazten zuen; horren lehen aipamenak Menorcatik datoz, 1370ean eta 1437an. Jokoaren marro de punta izenak, bestalde, xake-taulan jokatzen den marroa adierazten du.
Westervelden arabera, 1500. urtetik aurrera, dama-jokorako xake-taula alkerke-taulari nagusitzeko arrazoia kulturala da, teknikoa baino. Izan ere, marro hitz arruntaren lehen esanahia “galdu, ohiz kanpoko” da. Horrek azalduko luke zergatik baztertu zen marro izena, dama izen dotorearen alde. Baina, halaber, zergatik nagusitu zen xake-taula batean hura jokatzea, lerro-sare baten gainean jokatu beharrean, azken hori Iberiar penintsulako gizarteko kide heterodoxoekin lotuta baitzegoen, juduak eta moriskoak hain zuzen. Hain zuzen, juduak penintsulatik kanporatzea, dama-joko berria asmatu eta gutxira, izan daiteke dama-joko luzea, baita damaren xakea ere, Europan zehar barreiatzeko arrazoi bat.
El ingenio, o Juego de marro de punta o Damas, Valentzia, 1547. Liburuaren egiletza Antonio Torquemadari egotzi ohi zaio; baina, berriki, Govert Westerveld-ek azaldu du benetako egilea Juan de Timoneda izan zela eta Tolosan argitaratu zela, bigarren aldiz, 1635ean, Timoneda hil eta gero. Aurreko lanaren ondoren, beste lau lan argitaratu ziren 1591 eta 1684 artean, beste herrietan baino lan gehiago: Pedro Ruiz Montero, Libro del iuego de las damas, vulgarmente nombrado el marro, 1591; Lorenzo Valls, Libro del Juego de las Damas, por otro nombre el Marro de Punta, 1597; Iuan Garcia Canalejas, Libro del iuego de las damas, 1650; eta Joseph Carlos Garcez, Libro nuevo, Juego de damas, 1684. Guztietan fitxei peon deitzen diete eta fitxa goratuari dama. Lehenengo lanak jokalari batek fitxa baten abantaila uzten duten jokoetan jartzen du arreta pixka bat, eta hurrengo hirurek “damak egin dituzten jokoak” sartzen dituzte, non jokalari bakoitzak bere fitxa bat edo bi damekin ordezkatzen baititu. Geroko lanek aldaera hori baztertzen dute.
XVI. mendeko jokalariak ezagunak ziren haien trebeziagatik. Monterok bere liburuan dio liburua Valentzian inprimatu zuela: “Izan ere, bertan eta bere erresuman jokalaririk trebeenak ikusi eta tratatu nituen, ibili nintzen beste probintzia eta erresuma batzuetan baino gehiago”.
Canalejasen lanean Iberiar penintsulan jokatzen zen jokoaren arauak agertzen dira: damaren mugimendu luzeak eta fitxa gehienen harrapaketarena. Liburuak Declaración de las leyes y costumbres del juego de damas atalean dama-jokoaren araua orokorrak azaltzen ditu. Bi adibide:
LEY, y costumbre es, que si alguno tuviesse dõde comer alguna, ò algunas pieças, y no comiesse, pueda su contrario soplarle, ò hazerle comer, ò disponer, lò que mejor le estè.
LEGEA, eta ohitura da, norbaitek badauka non jan fitxa bat, edo batzuk, eta ez badu jaten, aurkariak ostu egin dezakeela, edo janarazi, edo agindu beretzat onena dena.
eta
LEY, y costumbre es, que si en los fines del juego llegan a la forçosa ha de fer a dozè lances; porǭ sino muere a los dichos doze lances es libre; y para valerse de poder contar, no ha de tener mas de vna Dama, y su contrario tres, y caso que tenga mas assi pieças, como Damas, no por esso dexarà de contar el que lleua la Dama, y pues es cierto que con tres Damas se gana teniendo la calle de enmedio, mas bien se ganarà con quatro, o con cinco; y para que muchos que no la saben la entiendan, es come sigue.
LEGEA, eta ohitura da, jokoaren bukaeran forçosa-ra heltzen badira, hamabi jokalditan egin behar da; ez bada hiltzen hamabi jokaldi horietan, askea delako; eta, zenbatu ahal izateko, ez du Dama bat baino gehiago izan behar, eta haren aurkariak hiru baino gehiago, eta fitxa gehiago baditu Dama gisa, ez du horregatik Dama daramanak zenbatu behar, eta egiazkoa denez hiru Damarekin erdiko kalea edukiz irabazten dela, hobeto irabaziko da laurekin edo bostekin; eta ez dakiten askok uler dezatela, honela da.
Alkerketik dama-jokorako urratsean, Westerveldek andarraya izeneko jokoa ematen du. Horren lehen aipamena 1434koa da eta 1495eko gaztelania-latin hiztegi batean calculorum ludus gisa agertzen da, alkerkea bezala, baina sarrera berria dela dioen ohar batekin. Westervelden ustez, xake-taularen diagonalen egitura baliokidea duen lerro-sare batean jokatzen zen, dama-joko filipinarraren taularen berdina.
Mairuak Iberiar penintsulatik egotzi zituztenean, ziur asko, dama-joko iberiarra eraman zuten haiekin eta Magreb osoan zabaldu zen. XIX. mendean frantsesak Magrebera iristen zirenean, jokoaren arauak ez ziren aldatu. Horrek esan nahi du jokoa errotuta zegoela. Hegoalderago, berriz, Afrikako herriek kolonialisten jokoak hartu zituzten. Afrika frankofonoan 10×10 laukiko taularen gaineko nazioarteko jokoa hartu zuten, Afrika anglofonoan dama-joko ingelesak hartu zituzten eta kolonia espainoleten (Ginea…) eta portugesetan (Angola, Mozambike…) dama-joko iberiarra. Jokoen arauak mantentzen dira, batzuetan taulak biratzen badira ere. Afrikako ekialdea, Egipto, Tanzania… musulmanen eraginpean egon da eta joko ortogonalak hartu dituzte herri musulmanetan bezala. Horietan dama-joko turkoaren aldaerak jokatzen dira 8×8 laukiko tauletan.
Italia
Italian, dama-jokoaren izena dame da 1611tik, eta dama 1750etik. XVI. mendearen amaierako latinezko eskuizkribu batean taula baten diagrama fitxen posizioarekin agertzen da, Ludus dominarum D(ifficilis) izenburupean. Dama hitza hasieran fitxa arrunta izendatzeko erabili zen, eta mailaz goratzen zenean damata erabiltzen zen. Dama-jokoaren deskribapen zaharrena Malletek eman zuen. Bi xehetasunek bereizten dute dama ingelesetatik: fitxek ezin dute dama harrapatu eta, harrapaketa berdinen aurrean, jokalaria hobeto geratzen den moduan gauzatu behar da, il più col più izeneko araua. Dama-joko italiarraren lehenengo liburuak Cesare Mancini-ren Il giuoco della Dama all’uso italiano, Florentzia, 1830, eta Michelangelo Lanci-ren Il Trattato teorico-practico del gioco di Dama, Erroma, 1837. Italiako Dama Federazioa 1924an sortu zuten, eta lehenengo txapelketa Milanen egin zuten hurrengo urtean. Murrayren arabera, Italiako marinelek eraman zuten dama-jokoa ekialdera, Greziako ntama modernoa eta Turkiako dama.
Alemania
Hasierako dama-joko alemana dama-joko ingelesaren berdin-berdina zen, dama-joko laburra, eta Herbehereetatik Alemaniara igaro zen. Dama-joko luzea ere Alemaniara iritsi zen Karlos V.aren garaian, baita Herbehereetara ere soldadu gaztelauek eramanda. Dama-jokoaren lehen aipamen alemana, dammen-spiel izenarekin, Gustavus Selenus-ena izan zen, 1616ko Das Schach- oder König-Spiel lanean. Baina Nurenberg-en gordetzen diren taula batek eta hogeita lau fitxek erakusten dute mende bat lehenago jokatzen zela. Alemaniako dama-joko tradizionala dama-joko iberiarra da, harrapaketa nahitaezkoa baina luzeena egiteko beharrik gabe. Ez dakigu joko horrek noiz ordezkatu zuen dama-joko ingelesa. Dama-joko poloniarra XVIII. mendean iritsi zen Alemaniara, baina maiz 8×8 laukiko taulan jokatzen zen. 1800ez geroztik beste aldaera batzuk sartu ziren Alemanian, joko ingelesa erabat baztertu gabe.
Alemanian XIX. mendean jokatzen ziren aldaeretako batek dama-joko iberiarraren fitxen eta damen mugimenduak erabiltzen zituen. Horrela aipatu zuen J. B. Montag-ek 1850. urte inguruko Vollständiger Unterricht Damen-Brettspiel lanean esan zuenean dama-joko hura ohikoa zela Alemaniako eskualde batzuetan. Zentzu berean, Friedrich Arnold Brockhaus-ek dama-jokoaren aldaera hori Alemaniako aldaera nagusitzat hartu zuen 1901eko Conversations-Lexicon lanean.
Alemanian eta Europako iparraldeko herrialdeetan joko ingelesa eta nazioartekoa jokatzen dira 8×8 laukiko taulan, baita 10×10 laukikoan ere. Horiez gain, tokiko aldaera batzuk jokatzen dira 8×8 laukiko taulan. Aldaerek 8×8 laukiko taula dute amankomunean, baina hiru arau motaren arabera banatzen dira:
- atzerako harrapaketak onartzen dira, ala ez dira onartzen;
- harrapaketa baten ondoren, dama diagonalaren edozein lauki hutsean utz daiteke, eta harrapatutako fitxaren atzeko laukian utzi behar da.
- harrapatzeko nahitaezko arauak daude, ala ez daude.
Esan behar da dama-jokoak goragoko maila lortu zuela, eta gaur egun zabalduago dagoela, Herbehereetan Europako beste inongo herrialdetan baino.
Eskandinavia eta ekialdea
Eskandinaviako eta Baltikoko herrialdeetan ohikoa zen dama-joko laburra, XVII. mendearen hasierara arte, non Alemaniatik dama-joko luzea jaso baitzuten, Hogeita hamar Urteko Gerran zehar (1618-48), eta ondoren, dama-joko poloniarra. Suediako lehen aipamena 1640-7 urteetako lan bat da, eta Polonian 1641ean. Islandiara XVIII. mendearen erdialdean iritsi zen dama-jokoa. XIX. mendearen hasierako Danimarkako eta Suediako eskuliburuek dama-joko ingelesa aldaera nagusi gisa deskribatzen dute, baina dama-joko iberiarraren kontuak eta Danimarkan edo Suedian asmatu omen zen bitarteko baten kontuak barne hartzen dituzte. Suediako 1847ko eskuliburu batek zioen arazo bat zela adostea dam jokoan damak mugimendu laburra edo luzea izango zuen. Bi herrialde horietan aldaera bat agertu zen: makvaer, Danimarka; marquere, Suedia. Funtsean, dama-joko luzea da, non fitxa batek, fitxa bat ezinbestean harrapatzean, ez duen atzeko laukian geratu behar, hau da, norabide berean jarraian hutsik dauden nahi adina laukiren gainetik pasa daiteke.
Txekian arauak formalizaturik dituzte eta bertako federazioak kudeatzen du jokoa. Dama-jokoaren arauak dama-joko iberiarraren arauen antzekoak dira, tokiko lehentasunezko arau batekin: damak eta fitxa batek harrapaketa berdina badute, damak egin behar du harrapaketa.
Poloniako dame (pl.), dama jokoan, Errusiako shashki jokoan eta Ukrainako damki jokoan damak dama-joko iberiarraren mugimendua dauka eta fitxak aurrera mugitzen dira, baina aurrera eta atzera harrapatzea dute, harrapaketa maximoa egiteko beharrik gabe. Horretan, 10×10 taulako dama-joko poloniarraren antzekoak dira, eta idazle batzuek pentsatu zuten, oro har, dama-joko poloniarrak xake-taulara transferitzea eragin zuela. Murrayk uste du, ordea, horiek oker zeudela, Polonian dama-jokoan 1641 urtean jadanik jokatzen zelako, eta Errusiako tsar Alexis-en gortean, 1645-1676; eta froga batzuk daudelako esateko Parisen bizi zen poloniar batek dama-joko poloniarreko fitxen mugimendua iradoki zuela.
Poloniako eta Errusiako 8×8 taula gaineko dama-jokoen artean alde bat dago. Ondoz ondoko harrapaketetan gerta daiteke fitxa bat bukaerako lerrora iristea eta oraindik harrapaketaren bat egiteko aukera izatea. Poloniako jokoan, fitxa hori dama bihurtuko da bukaerako lerroan geratzen denean soilik; harrapaketa gehiago egiteko aukera badago, fitxa gisa egin beharko ditu. Errusiako jokoan, fitxa dama bihurtzen da azken lerrora iristean eta, harrapaketa gehiago egiteko aukera egonez gero, dama gisa egingo ditu. Arau hori agertzen da dama-jokoari buruzko errusierazko lehen lanean, A. D. Petroff-en 1827ko Rukovodsko lanean.
Errusiako jokoak hainbat aldaera ditu; besteak beste, 80 laukiko taula batean (10 errenkada, 8 zutabe) shashkiren arauak dituen jokoa, eta joko berezi samarra, bashni (zutabeen joko) izenekoa, non fitxa harrapatzailea harrapatutako fitxen gainean jartzen baita, eta zutabe formako mugimenduetan laguntzen baitute. Zehazki, zutabe bat harrapatzen denean, osatutako zutabe bakoitzaren goiko fitxa bakarrik agintzen du mugimendua, eta harrapatzen duen zutabeko goiko fitxari gainean gehitzen zaio zutabe osoa. P. S. Pallas-ek 1776ko Sammlungen historischer Nachrichten über die Mongolischen Völkerschasten lanean Kalmuk herriak jokatzen zuen mingma izeneko dama-jokoa aipatu zuen. Assia Popova-k 1974ko Étudies mongoles, 5. kaiera, lanean dööv izeneko jokoa ematen du. Dama-jokoekin duen alderik nabarmenena da fitxa bat baino ezin dela harrapatu aldi bakoitzean.
Dama-joko poloniarra, 10×10 laukiko taula eta hogei fitxako bi alde, 1725. urtearen inguruan garatu zen eta Parisko kafeetan jokatu zen lehen aldiz 1727an. Jokoaren izenarekin jokoaren lehen aipamena Londresko Craftsman egunkarian egin zen, 1733ko irailaren 15ean. Berehala dama-joko poloniarrari buruzko artikulu bat agindu zuen “non damak egiteko negozio garrantzitsuan sartutako taula osoa ikusiko duzun. Han, intrigaren eta eroskeriaren, iruzurraren eta indarraren arte guztia ikus dezakezu. Trebetasun-jokoa da hau, baina xakea baino nahasiagoa eta irregularragoa”. Ez zuen hitza bete. Jokoa zabaldu zen eta laster xake-taularen gaineko jokoa baztertu zuen Frantzia aldean eta Herbehereetan. Gaur egun, Frantzia aldeko, Belgikako, Herbehereetako eta Suitzako frantsesezko kantoietako dama-jokoa da.
Joko berriekin maiz gertatzen den bezala, garaiko egileek ez zuten jokoaren jatorria gogoratzen. Eta Charles de la Condamine-k jokoaren jatorriaz Mercure de France-n galdetu zuenean ez zuen erantzun egokirik jaso. Dakigun bakarra da tronutik kendu ondoren Parisen bizi zen Poloniako errege Stanisław Leszczyński-k de la Condamineri esan ziola Polonian jokoa le jeu de Dames françoises izenaz ezagutzen zela. Horrek erakutsiko luke jokoa Frantzian sortu zela.
M. Manoury-en 1787ko Le Jeu de Dames à la Polonaise laneko istorioetako batek dio jokoa Filipe II.a Orleanskoaren (1713-1723) gortean sortu zela, non gorteko ofizial batek elkarlanean asmatu zuen poloniar ezizenaz ezagutzen zuten poloniar batekin. Poloniar zaldunak iradoki omen zuen jokoak interes handiagoa izango zuela fitxak atzera harrapatzeko aukera ere izango bazuen eta taula handiago batean jokatuko bazen. Alemannik dio ez dela ahaztu behar dama-joko poloniarraren jatorria Herbehereetan egon zitekeela, non 1700etik aipatua izan omen zen, eta joko horrek arrakasta handia izan zuen. Dama-jokoa 1635eko margo batean eta 1636ko grabatu batean agertzen da Herbehereetan. Horrez gain, Daniel de Souter-ek, 1617an, hamabost fitxako dama-joko bat deskribatzen du ohiko joko gisa Herbehereetan; horrek 10×10 laukiko taula beharko zuen.
Dama-joko poloniarraren asmakuntzak esperimentu garrantzitsu bat ekarri zuen Parisen. Manouryk eta Richard Twiss-ek, bere Miscellanies lanean (1805), ematen dituzte esperimentu horren kontuak. Haietako batek, dama-joko babiloniar izenekoak, bakarrik izan zuen bizitasun apur bat 1736 inguruan, dama-joko poloniarra denbora batez oharkabean ibiltzea eragiteko modukoa, eta oraindik ere Herbehereetako Frisia-n jokatu zen 1886 arte. Dama-joko babiloniarra 10×10 taulan jokatu zen (a1 zuria eta a1-eko fitxa zuria), lauki zuriak bakarrik erabiliz; fitxak xakeko dama modernoa bezala mugitu ziren, ortogonalki eta diagonaletan (lauki beltzetara mugitu gabe); jokalariek hogeina fitxa zituzten.
Zenbait kalifikazio sistema probatu ziren XVIII. mendearen erdialdean, baina Manoury frantsesarena hautatu zuten, eta hura izan zen egokiena. Manouryren idazkeraren arabera, lauki ilunak (aktiboak) baino ez dira zenbakitzen. Lauki ilunak 1etik 50era zenbakitzen dira, hitzarmenez eta isilbidez. Zenbaki horiek ez dira dama-taulan idazten. Dama-taula aurretik behatzean, zenbakikuntza hau ezkerretik eskuinera doa, errenkadaz errenkada ordenatuta, goiko errenkadako lehenengo lauki ilunean hasi eta beheko errenkadako azken lauki ilunean amaitzen da.
Ekialde Hurbila
Grekoek, turkoek, armeniarrek eta Ekialde Hurbil eta Ertaineko herri askok (Georgia, Azerbaijan, Siria, Libano, Arabiar penintsula, Afrikako ekialdeko kosta…) ere xake-taula hartu dute dama-jokoetan aritzeko, baina laukiak kolorez bereizi gabe. Gaur egungo jokoek 16 fitxa erabiltzen dituzte, jokalari bakoitzaren bigarren eta hirugarren errenkadetan.
Zaila da jakitea joko hau berez sortu ote zen bertako joko bat xake-taularekin elkartuz edo desplazamendu diagonaleko joko batetik eratorritako jokoa den. Damaren mugimendu luzeak iradokitzen du dama-joko iberiarrarekin izen dezakeela harreman historikoa. Egile batzuek diote joko hau mendebaldeko joko diagonal batetik eratorri zela. Alemannik, ordea, jatorri independente bat iradokitzen du.
Pentsa daiteke beste aldaera batzuk, fitxa gehiagorekin eta hasierako beste posizio batzuekin, bizi izan direla gaur egungo arauetara iritsi aurretik, zeinek zenbait alderdiren arabera optimoa direla diruditen. Gaur egungo fitxa kopuruari esker, partida luzeegiak saihestu daitezke, partidaren garapena mugatu gabe; hasierako posizioak, bere aldetik, aurrebaldintzen iraupena mugatzea ahalbidetzen du, aurkariak ukitu aurretik.
8×8 taulan 16na fitxarekin jokatzen den dama-joko honek aldaera asko ditu: dama-joko grekoa, dama-joko turkoa, dama-joko armeniarra, dama-joko arabiarra… aldaera asko dama-joko errusiarraren arauek eraginda. Zaila da zehaztea herri horietan erabiltzen diren arauak; izan ere batzuetan herri berean hainbat aldaera daude. Esaterako, Armeniako dam-joko batzuek atzerako harrapaketa onartzen dute, eta beste batzuek ez. Dama-joko grekoaren arau batzuek diote harrapaketa mugitu berri den pieza bat harrapatzeko baino ez dela nahitaezkoa; beste batzuek, berriz, harrapaketa nahitaezkoa dela kasu guztietan.
Erraza da ikustea dama-joko ortogonal horietan lauki zurien eta beltzen arteko bereizketak ez duela zentzu teknikorik, lauki guztiak erabiltzen baitira; jokoa eta laukiak hobeto ikusteko edo taularen estetikarako soilik justifika daiteke; bestalde, ikus daiteke Grezian dama-taula sarritan kolore bakarrekoa dela.
Amerika
Joko ingelesa Ipar Amerikara eraman zuten aurreneko kolonoek, eta han checkers deitzen zaio, ingeles hizkuntzako eskualdeetan. Kanadako frantses hizkuntzako eskualdeetan bi dama-jokotan aritzen dira: le jeu franc (jatorrizko forçat frantsesa) eta le jeu de dames canadien, 12×12 laukiko taula batean eta hogeita hamar fitxako bi aldeen artean. Fitxen eta damaren mugimenduak eta harrapatzeko prozedurak dama-joko poloniarrarenak dira, baina ostearen zigorra 1880tik utzita zegoen. Ez dakigu noiz jokatu zen lehen aldiz joko hori Kanadan, baina hari buruzko zutabe bat L'Opinion publique kazetan hasi zen argitaratzen 1875. urtearen bukaeran. Hala ere, dama-joko poloniarraren zabalpenaren ideia zaharragoa da. Twissek dio 12×12 laukiko taulak 1805ean zeudela salgai Londresen.
Ipar Amerikako herri batzuetara ere zabaldu da jokoa. Stewart Culin-ek hiru dama-joko aipatzen ditu Games of the North American Indians-2 lanean : 1. Eskozia berriko Mikmak herria: joko-taulari adenagenei esaten zioten; fitxei adena’gan (pl. adena’gank) deitzen zieten; fitxak disko edo karratu lauak ziren. Jokoari fitxen mugimenduen arabera deitzen zioten: nin adnai’ (nire mugimendua da), kit adnāt (zure mugimendua da). 2. Ingalaterra Berriko Maineko Passamaquoddy herria: ko-ko-nag’n izeneko jokoak dama-jokoaren antza du. Gizonak eta emakumeak aritu zitezkeen jokoan. Taula nonbait irudikatzen zen eta fitxak egurrezko biribilak eta karratuak ziren, eta batzuetan hezurrekoak ziren. 3. Nebraskako Omahako Siux herria: dama-jokoari wakanpamungthae (jokoan burua makurtu) deitzen zioten eta 1873. urte inguruan ikasi zuten.
Erdialdeko eta Hegoa Amerikako gaztelania hizkuntzako herrialdeetan Iberiar penintsulatik eramandako jokoari eutsi diote. Salbuespena Paraguai da, non nazioarteko jokoan aritzen diren, baina taulari bira laurden bat emanez. Argentinan arau berezi bat garatu dute: dama, harrapaketa baten ondoren, hartutako fitxaren ondo laukian gelditzen da, eta harrapaketa lauki horren ondoren baino ezin du jarraitu (jauzi laburreko araua). Brasilen, ordea, nazioarteko jokoaren arauak hartu zituzten, 8×8 taula gainean hasieran eta 10×10 taula gainean oraintsu.
Estatu Batuetan, dama-joko iberiarra aldatzeak pool izeneko dama-jokoa ekarri du. Honetan, atzerako harrapaketa onartzen da eta harrapaketa maximoa ez da derrigorrezkoa. Pool dama-jokoaren tradizioa plantazio frantses eta espainoletako esklaboen ondorengo familietan mantendu zen, eta gaur egun joko hori Estatu Batuetako hegoaldeko eta ekialdeko populazio beltzetan eta Bahametan bakarrik jokatzen da.
Laburbilduz, Amerikan zazpi dama-joko nagusi ezagutzen dira:
- dama-joko ingelesa, Estatu Batuetan, Kariben eta Kanadan.
- pool dama-jokoa, Estatu Batuetan eta Bahametan.
- dama-joko kanadarra, Kanada frankofonoan.
- nazioarteko dama-jokoa, Kanada frankofonoan, Antilla frantsesetan, Antilla herbeheretarretan, Guyanan, Brasilen eta Paraguain.
- dama-joko iberiarra, Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Kariben, Mexikon eta Estatu Batuetan.
- dama-joko brasildarra, Brasilen.
- dama-joko argentinarra, Argentinan.
Ekialde Urruna
Culinek zehazten du Filipinetan dama-joko iberiarra jokatzen zela dama izenarekin, baina dama-taula lerroz osatuta zegoela, dama-taularen duala, eta fitxak bidegurutzetan jartzen zirela. Taularen diseinu horren arrazoi bat bilatzearren, taula hori errazago irudika daiteke zoruan. Gaur egun nazioarteko jokoa praktikatzen da gehien bat. Ez dakigu alkerke jokoaren taulak ere eragina izan zuen horretan, alkerkean fitxak lerroen gainean mugitzen direlako. Culinek dio Hawaii-n ere moo izena daraman dama-joko iberiarraren jokoan aritzen zirela dama-taulan.
Herbeheretarrek Indiako Ekialdeko kolonietara eraman zituzten dama-joko poloniarra, eta Malaysiako eta Indonesiako malaysiarrek dam blas (oste damak) izenarekin hartu zuten. H. O. Robinson-ek horren azalpena eman zuen 1903an, Cheltenham Examiner kazetan: fitxek ezin dute atzera harrapatu eta, harrapaketen aukera egonez gero, fitxa gehien harrapatzen dituena gauzatu behar da.
Esaten da 12×12 laukiko taula zerabilen joko bat ezaguna izan zela Indiara igorritako soldadu britainiarren artean, eta Indiako hegoaldean nahiz Sri Lankako kostaldean jokatzen zela, dam izenarekin. Robinson-ek berak esan zion Murrayri Malaysiako Penang estatuan, 1896 inguruan, dum blas jokoan ikusi zuela 12×12 laukiko taula batean.
XIX. mendean joko bat zabaldu zen Thailandian, portugesek eramanda ziur aski; dama-joko iberiarraren antza du, bi desberdintasunekin: hasierako posizioak 8 fitxa baino ez du, lehenengo bi errenkadetan, eta damak fitxa bat harrapatzen duenean fitxaren atzeko laukian gelditzen da. Bestalde, dama-taula dama-joko ingelesean bezala kokatzen da.
XIX. eta XX. mendeetan zehar dama-jokoen beste aldaera batzuk sortu ziren. J. Boyer-ek eta Vern Parton-ek ia ehun dama-joko zerrendatzen zituzten 1956an argitaratutako Les jeux de dames non orthodoxes liburuan. Esaterako, 1802an J.-G. Lallemant-ek Les quatre jeux de dames, polonais, égyptien, échecs et a trois personnes lanean hiruko dama-jokoa eta dama egiptoarrak jokoak proposatu zituen. Dama-jokoen aldaeren artean halma eta dama txinatarrak jokoak aipatzen dira, joko horietan aurkarien fitxak harrapatzen ez badira ere.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, herrialde guztiek onartuko zuten dama-jokoaren aldaera baten beharra ikusi zen, txapelketa-joko estandar gisa. 1946an Hermann Hoogland herbeheretarrak dama-joko hau proposatu zuen: 8×8 laukiko taula; fitxak aurrera baino ez dira mugitzen, baina atzerako harrapaketak egin ditzakete; azken errenkadara iristean mailaz goratzen dira, bertan geratuz, balizko harrapaketak egin gabe; damek mugimendu eta harrapaketa luzeak egin ditzakete; harrapaketak nahitaezkoak dira eta ahalik eta fitxa gehien harrapatu behar dira; fitxak ez dira osten. 1947an Munduko Dama Federazio bat sortu zuten Frantziako, Belgikako, Herbehereetako eta Suitzako elkarteekin. Federazio horrek antzeko arauak onartu zituen, baina 10×10 laukiko taulan. 1956. urtetik federazioari ofizialki Fédération Mondiale du Jeu de Dames (FMJD) deitzen zaio eta Europako hogei herrialde baino gehiagotako federazio nazionalak afiliatu dira.
Gizonezkoen dama-joko ingelesaren Munduko Txapelketa 1840ko hamarkadan egin zen, Nazioarteko dama-jokoaren Munduko Txapelketa baino hainbat hamarkada lehenago. Emakumeen txapelketa 1993an hasi zen. Europako Kopa 2013tik antolatzen da, eta Munduko Kopa 2015etik.
1894an egin zen Nazioarteko dama-jokoaren lehen Munduko Txapelketa. Isidore Weiss frantziarrak irabazi zuen; hemezortzi urtez eutsi zion tituluari zazpi txapelketarekin. Gero, ia hirurogei urtez, Frantziako edo Herbehereetako ordezkariek hartu zuten titulua, besteak beste, Herman Hoogland, Stanisla Bizot... 1956an, frantsesen eta holandarren nagusitasuna hautsi zen: Marcel Deslauriers kanadarra izan zen txapelduna. 1958an, SESBeko Iser Kuperman munduko txapeldun bihurtu zen, sobietarren menderatzearen aroa hasiz nazioarteko dama-jokoan. Balentria horrek xakean zuten nagusitasuna islatuko luke garai hartan. Munduko txapelketen estatus ofiziala Munduko Dama Federazioak (FMJD) babesten du 1948az geroztik. 1998an, lehen Munduko Txapelketa egin zen blitz (denbora kontrolatuko) formatuan. 1973an egin zen Emakumeen lehen Munduko Txapelketa. Lehen txapelduna Sobietar Batasuneko Elena Mikhailovskaya izan zen. 1971tik, Gazteen Munduko Txapelketa bat antolatu da. Munduko Txapelketaz gain, Europako Txapelketa ere badago 1965etik (gizonezkoak) eta 2000tik (emakumezkoak). Munduko Dama Federazioak (FMJD) sailkapen bat du. 2022ko urtarrilaren 1az geroztik, Errusiako Alexander Georgiev da gizonen zerrendaburu, eta Poloniako Natalia Sadowska da emakumeen zerrendaburu.
Shashki jokoaren arau ofizialak Errusian inprimatu ziren 1884an. Errusiako lehen txapelketa 1894an egin zen. Hurrengo hirurak 1895, 1898 eta 1901ean gertatu ziren. Sobietar Batasuneko lehen txapelketa 1924an izan zen, eta emakumeen lehen txapelketa 1936an. 1924tik 1991ra gizonen 51 eta emakumeen 35 txapelketa izan ziren. Sobietar Batasuna erorialdiaren ondoren, Errusiako, Ukrainako, Bielorrusiako eta Sobietar Batasunaren ondorengo beste estatu batzuetako txapelketak egin dira. Shashki jokoaren Munduko lehen Txapelketa 1993an egin zen, 64-dama-jokoaren Munduko Txapelketaren barruan, Munduko Dama Federazioaren 64-atalaren babespean. Shashki jokoaren Europako Txapelketa 64-dama-jokoaren Europako Txapelketaren parte gisa antolatu da.
Dama joko turkoaren lehen Munduko Txapelketa Izmirren (Turkia) egin zen, 2014ko urriaren 22tik 24ra. Bigarren txapelketa Izmirren ere izan zen, eta hirugarrena Dohan, Qatarreko hiriburuan. Emakumeen dama joko turkoaren Munduko lehen Txapelketa Izmirren egin zen, 2016ko maiatzean.
Esan daiteke, ziurtasun handiz, gaur egun herrialde desberdinetan jokatzen diren dama-jokoak XVII. mendetik jokatzen direla, denak nahikoa antzekoak fitxen mugimenduei dagokienez, eta harrapatzeko bideak baino ez dira aldatzen.
Dama-jokoen egiturei buruz
Erdi Arotik nobleen jokoa zen xakea boteretsuen, erregeen eta enbaxadoreen babesaz baliatu zen eta haien garraiobideak (eta borondate politikoa) erabili zituen beren arauekin mugitzeko, baita aldaerak bateratzeko ere. Dama-jokoek, aldiz, zenbait mende itxaron behar izan zuten bide hori zabaldu arte. Horregatik daude horrenbeste aldaera. Izan ere, badira federazioek onartutako hamabost bat araudi desberdin, beste batzuk osatzen ari dira eta beste batzuk federatu gabe.
Baina, orduan, arauak leku batetik bestera hain desberdinak badira, noraino esan daiteke joko bat dama-joko bat dela, eta zer irizpideren arabera sailkatu behar da beste joko-mota batean?
Lehenik eta behin, joko hauek dama-taula bat erabiltzen dute. Baina, ez denak berdinak. Demagun dama-taula karratu itxurako taula bat dela, lauki argi eta ilunez txandakatua. Orduan, Greziako jokoak ez dio definizio horri erantzuten, lauki-sare monokromatikoa baitu. Saharako jokoak harean zulatutako zuloak erabiltzen ditu. Errusiako aldaeretako batek 8×8 laukiko taula nahiago du, 10×10 laukikoa baino.
Bigarrenik, dama-jokoetan, fitxa guztiek balio bera izaten dute eta, partidaren une batean, goratu daitezke eta dama bihurtu. Baina, Siziliako damone jokoan, partida hasieratik fitxez gain, damak ere taula gainean daude. Bestalde, fitxa kopurua taularen tamainaren araberakoa izaten da.
Hirugarrenik, fitxak mugitzeko modua ere ez da amankomuna. Mugimenduak diagonalei jarraituz egiten dira joko askotan, baina ez Turkiako dama jokoan eta harekin zerikusia duten jokoetan, ez eta Saharako jokoan eta alkerketik hurbil dauden jokoetan ere.
Laugarrenik, arau bati kasu eginez, egile asko bat datoz esatean dama-jokoa izan dadin beharrezkoa dela damak egiteko aukera izatea. Hizkuntza batzuetan, euskaraz bezala, ideia horrek logikoa dirudi; baina beste hizkuntza batzuetan jokoaren izena edo damaren izena ez datoz bat; esaterako, ingelesez, jokoaren izena draughts da eta damaren izena king. Dena dela, joko batzuek ez dute fitxak goratzeko araurik, dama-jokoen jatorria izan daitekeen alkerke jokoa bezala, eta, hala ere, dama-jokoen antza handia dute.
Bosgarrenik, fitxak harrapatzeko moduak ezaugarritu egin ditzakete dama-jokoak: aurkako fitxen gainetik jauziz eta fitxa saltatuak kenduz egiten dira. Hala ere, harrapaketak askotan nahitaezkoak dira, baina ez beti. Horrez gain, damek fitxak harrapatzeko modua ez da beti bera joko guztietan.
Azkenik, helburua bera ez da zeharo berdina dama-joko guztietan. Batzuetan aurkariaren fitxa guztiak harrapatu behar dira derrigor; beste batzuetan, aurkariaren fitxak oztopatzea nahikoa izan daiteke partida irabazteko.
Alemannik definizio hau ematen du: dama-jokoak hausnarketa hutseko jokoak dira, helburutzat aurkaria blokeatzea dutenak. Dama-tauletan jokatzen dira eta, hasieran, pieza berdin-berdinak erabiltzen dituzte, fitxak. Jokoaren araudiak aurkariaren fitxen "harrapaketak" barne hartzen ditu, fitxen gainetik jauzi eginez gauzatzen direnak. Kasu batzuetan, oinarrizko fitxa, gorapen bidez, fitxa indartsuago bihur daiteke, dama.
Paradoxikoa da Europan sortu eta garatu den dama-jokoak, Europaren hedapenaren eta kolonizazioaren ondorioz mundu osora zabaldu dena, ez izatea xakeak bezala, aldaera bakar bat ere nazioarteko txapelketetarako mundu-estandar gisa.
Parlettek dama-joko nagusien sailkapen bat eman du:
Dama-joko laburrak, bi koloreko 8×8 baten diagonaletan jokatuak, dama lauki bat mugitzen da aldiro (dama-joko ingelesa eta italiarra).
Dama-joko luzeak, bi koloreko 8×8 laukiko taula baten diagonaletan jokatuak, dama edozein distantzia mugitzen da (dama-joko iberiarra eta alemana).
Dama-joko handiak, gauza bera, baina bi koloreko 10×10 (edo 12×12) laukiko taula baten diagonaletan jokatuak (dama-joko poloniarra edo frantsesa, berez herbeheretarra).
Dama-joko zuzenak, edo luzeak ere bai, baina kolore bakarreko 8×8 laukiko taula batean jokatuak, fitxa guztiak ortogonalki mugitzen dira (dama-joko grekoa eta turkoa).
Dama-jokoa | taula | f k | n. | fitxa | harrap. | gora. | dama | mugi. | har. araua | |
Laburrak | ingelesa | 8×8 | 12 | / | man | aur | gelditu | king | l | aske |
italiarra | 8×8 | 12 | \ | pedina | aur | gelditu | dama | l | più | |
Luzeak | iberiarra | 8×8 | 12 | \ | peón | aur | gelditu | dama | L | gehien |
alemana | 8×8 | 12 | / | stein | aur | gelditu | dame | L | aske | |
suediarra | 8×8 | 12 | / | bricka | aur+atz | atzera | dam | L | aske | |
shashki | 8×8 | 12 | / | shashka | aur+atz | aurrera | dam | L | aske | |
Handiak | nazioartekoa | 10×10 | 20 | / | pion | aur+atz | atzera | dame | L | gehien |
kanadarra | 12×12 | 30 | / | man | aur+atz | atzera | king | L | gehien | |
indiarra | 12×12 | 30 | / | man | aur+atz | atzera | king | L | gehien | |
Zuzenak | greko-turkoa | 8×8 | 16 | + | pioni | aur+ald | gelditu | dama | L | gehien |
Oharrak: f k = fitxa kopurua. n. = mugimenduen norabidea, diagonal nagusiaren norabidea. fitxa = fitxaren izena dama-joko desberdinetan. harrap. = harrapatzeko moduak: aur = aurrera soilik; aur+atz = aurrera eta atzera; aur+ald = aurrera eta aldeetara. gora. = fitxak azken errenkadara iristean: gelditu = laukian gelditu eta goratu; atzera = atzera harrapatzeko aukera (egonez gero), goratu gabe; aurrera = fitxa goratu eta dama gisa harrapatzen segitu (aukera egonez gero). dama = damaren izena dama-joko desberdinetan. mugi. = damaren mugimenduak: l = laburra; L = luzea. har. araua = harrapatzeko araua: aske = baldintzarik gabe; più = dama-joko italiarraren arau berezia; gehien = ahalik eta harrapaketa gehien egin behar da.
Dama-taularen simetriak jokoaren hasierako posizioa nahastera eraman du. Izan ere, dama-jokoa lauki argietan zein ilunetan joka daiteke; bestalde, erabiltzen den koloreko diagonal nagusia bi posiziotan egon daiteke kokatuta, gora ezkerretik eskuinera edo gora eskuinetik ezkerrera. Hortaz, hasierako lau posizio baliokide ditugu. Lau posizio horiek baliokideak dira eta ez dute eraginik jokoaren zailtasunean, ezta garapenean ere. Hala ere, jokalariek taula kokatzeko duten ohitura aldatzea oso zaila da.
Parlettek dama-jokotik eratorritako hainbat joko zerrendatzen ditu, zaharrak eta berriak: bashni, Errusia; black and white (beltza eta zuria), Parlett; contract checkers (kontratu-damak), L. S. Stricker, 1934; diagonal draughts (dama diagonalak), tradizionala; digital draughts (dama digitalak), Sackson; double-back draughts (atzera biko damak), Addison; double-cross (gurutze bikoitza), Parlett; indians and trappers (indiarrak eta tranpalariak), XIX. medea; laska, Emanuel Lasker, 1911; losing draughts (dama galduak), tradizionala; redrafting draughts (dama berridatziak), Addison; stack (piloa) edo focus, Sackson; transportation draughts (garraio-damak), Addison.
Iberiar penintsulako dama-jokoa
Osagaiak eta hasiera
Joko-taula 8×8 laukiko karratua da, non bi kolore txandakatzen diren laukietan. Taula beheko eskuinean lauki argia duela jarriko da.
Posizioen idazkera behetik gora eta eskuinetik ezkerrera lauki argiak zenbatuko dira 1etik 32ra.
Bi jokalarirentzako jokoa da. Bakoitzak 12 fitxa ditu, zuriak eta beltzak.
Fitxak lauki argietan kokatuko dira, jokalari bakoitzaren aldeko lehen hiru errenkadetan, erdiko bi errenkadak hutsik utziz.
Helburua aurkariaren fitxa guztiak harrapatzea da.
Arauak
Zuriak hasiko dira.
Fitxak txandaka mugituko dituzte jokalariek.
Fitxa bat ukituz gero, fitxa hori mugitu behar da.
Fitxak diagonalean eta aurrera, ezkerrera edo eskuinera, mugitzen dira, hutsik dagoen ondoko lauki batera aldatuz.
Aurkariaren fitxa bat harrapatzeko, bere gainetik jauzi egin behar da, diagonalean hutsik dagoen atzeko lauki hutsean utziz. Aurkariaren fitxa bat baino gehiago harrapa daiteke txanda batean, behin eta berriz jauzi eginez aurkariaren fitxen artean.
Jokalari batek aurkariaren fitxa bat harrapatzeko aukera badu, beharturik dago hori egitera.
Hainbat harrapaketa egiteko aukera bat baino gehiago dagoenean, ahalik eta fitxa gehien harrapatzen dituen mugimenduak lehentasuna du; eta harrapaketa kopuru berdinen artean, dama gehien harrapatzen dituen mugimenduak du lehentasuna.
Jokalariaren fitxa bat azken errenkadara heltzen denean, dama bihurtzen da. Dama kolore bereko bi fitxa bata bestearen gainean ezarriz adierazten da, eta atzera eta aurrera mugi daiteke, lauki huts bat baino gehiago zeharkatuz.
Dama batekin harrapaketa bat egitean, edozein laukitan jar daiteke, harrapatutako fitxaren atzean, betiere lauki horren eta harrapatutako fitxak okupatutakoaren arteko lauki guztiak hutsik badaude.
Dama harrapatzaileak bere mugimendua osatu eta geratu behar du harrapatutako edozein fitxa kendu aurretik, eta harrapatutako fitxa batek, baina oraindik kendu gabe, harrapatu gabeko fitxa baten mugimendu-murrizketa bera egiten du.
Fitxarik gabe edo fitxak mugitu ezinik geratzen denak galtzen du.
Partida berdinketaz amaitu daiteke, jokalariek horrela adostuz gero, fitxen kokapen bat hiru aldiz errepikatu eta aurreikusitako mugimendu kopuru bat gainditzen denean.
Partida nulua adierazten da hiru dama baten kontra daudenean, 16 jokalditan harrapaketarik ez badago.
Dama-joko ingelesa (English draughts, checkers, straight checkers edo draughts)
Osagaiak eta hasiera
Joko-taula 8×8 laukiko karratua da, non bi kolore txandakatzen diren laukietan. Taula beheko eskuinean lauki argia duela jarriko da.
Partidak jasotzeko, idazkera estandarizatu bat dago. Erabiltzen diren taulako 32 laukiak zenbakituta daude 1etik 32ra beltzen aldetik hasita eta zurien ikuspuntutik, hau da, ezkerretik eskuinera eta goitik behera. Mugimenduak "nondik-nora" gisa jasotzen dira, eta, beraz, 9 laukitik 14 laukirako mugimendua 9-14 idatziko da. Harrapaketak adierazteko "×" batekin egiten da, hasierako eta amaierako laukiak lotuz. Jokoaren emaitza BW/RW (beltzak/gorriak irabazi) edo WW (zuriak irabazi) laburtzen da maiz.
Bi jokalarirentzako jokoa da. Bakoitzak 12 fitxa ditu, argiak eta ilunak.
Fitxak lauki ilunetan kokatuko dira, jokalari bakoitzaren aldeko lehen hiru errenkadetan, erdiko bi errenkadak hutsik utziz.
Helburua aurkariaren fitxa guztiak harrapatzea da.
Arauak
Ilunak hasiko dira.
Fitxak txandaka mugituko dituzte jokalariek.
Mugimenduak
Dama-joko ingelesean mugitzeko bi modu daude:
Mugimendu bakuna: fitxa bat edo dama bat alboko lauki ilun huts batera lauki bat mugitzean datza. Goratu gabeko fitxek aurrera soilik egin dezakete diagonalean; damak edozein norabide diagonaletan mugi daitezke.
Jauzia: fitxa bat edo dama bat ondoan duen aurkako fitxa baten gainetik jauzi egitean datza fitxaren atzean, noranzko diagonal berean, dagoen ondoko lauki huts batera (beraz, aurkariaren fitxaren gainetik jauzi egitean, aurrera edo atzera). Fitxek diagonalki aurrera bakarrik egin dezakete jauzia; damek edozein noranzko diagonaletan egin dezakete jauzi. Jauzitako fitxa bat "harrapatuta" dagoela eta jokotik erretiratuta dagoela jotzen da. Edozein fitxak, damak edo fitxa arruntak, damaren gainetik jauzi egin dezake.
Jauzi egitea nahitaezkoa da beti: jokalari batek jauzia egiteko aukera badu, jauzi egin behar du, baita jokalariarentzat desabantaila bada ere. Adibidez, nahitaezko jauzi bakar batek aurkariaren jauzi anizkoitza ekar dezake. Jokalari batek ez badu egiten aukeran duen jauzia, aurkariak bi aukera ditu: lehen jokalariari jauzia eginaraztea edo lehen jokalariaren jokaldia onartzea eta jokatzen segitzea.
Jauzi ugari egin daitezke, jauzi baten ondoren beste fitxa bat berehala harrapa badaiteke mugitutako fitxarekin, baita jauzi hori norabide diagonal desberdinean egiten bada ere. Jauzi anizkoitz bat baino gehiago baldin badago, jokalariak aukera dezake zein fitxarekin jauzi egin eta zein jauzi-segida egin. Hautatutako jauzi-segida ez da zertan izan ahalik eta jauzi gehien egitekoa; hala ere, hautatutako jauzi-segidan dauden jauzi guztiak egin behar ditu jokalariak.
Damak
Fitxa bat azken errenkadara mugitzen bada (argiak 1-4 laukietara, ilunak 29-32 laukietara), dama gisa goratzen da eta aurrera nahiz atzera mugitzeko gaitasuna irabazten du. Fitxa batek azken errenkadara mugitzen badu edo jauzi egiten badu, mugimendua bertan bukatzen da; fitxa dama gisa goratzen da, baina ezin du jauzi egin, jauzi anizkoitz batean bezala, hurrengo mugimendura arte.
Jokoaren amaiera
Aurkariaren fitxa guztiak harrapatuz edo aurkaria mugimendu legalik gabe utziz irabazten du jokalariak.
Jokoa berdinketa bat da, aldeetako batek ere ezin badu garaipena behartu, edo adostasunez (alde batek berdinketa bat eskainiz, eta besteak onartuz).
Aldaerak
Lekuz kanpo geratu den arau bat ostearen araua da. Aldaera honetan, harrapaketa ez da nahitaezkoa, baina jokalari batek ez badu harrapaketarik egiten aukera duenean (nahita edo ez ikusteagatik), aurkariak adieraz dezake harrapaketa egin zezakeen pieza ostuta edo puztuta dagoela, hau da, taulatik kanpo. Aurkariak fitxa ostu ondoren, bere txanda hartzen du.
Bi arau hauek nahiko zabalduta daude, nahiz eta dama-jokoen elkarteak ez onartu:
Dama batekin harrapatzeak lehentasuna du fitxa batekin harrapatzearen aurretik. Kasu horretan, edozein harrapaketa egin daiteke jokalariaren nahierara.
Dama bihurtzeko jauzi egin duen fitxa batek beste fitxa batzuk harrapatzen jarrai dezake jauzi anizkoitz batean.
Nazioarteko dama-jokoa
Osagaiak eta hasiera
Joko-taula 10×10 laukiko karratua da, non bi kolore txandakatzen diren laukietan. Taula beheko ezkerrean lauki iluna duela jarriko da.
Posizioen idazkeran lauki ilunak, goitik behera eta ezkerretik eskuinera, zenbatuko dira, 1etik 50era.
Bi jokalarirentzako jokoa da. Bakoitzak 20 fitxa ditu, zuriak eta beltzak.
Partida hasieran, fitxak lauki ilunetan kokatuko dira, jokalari bakoitzaren aldeko lehen lau errenkadetan, erdiko bi errenkadak hutsik utziz.
Helburua aurkariaren fitxa guztiak harrapatzea da, edo geratzen zaizkion fitxa guztiak ibilgetzea.
Arauak
Fitxen mugimenduak
Zuriak hasiko dira.
Fitxak txandaka mugituko dituzte jokalariek.
Fitxak diagonalean eta aurrera, ezkerrera edo eskuinera, mugitzen dira, hutsik dagoen ondoko lauki batera aldatuz.
Azken errenkadara iristean, fitxa dama bihurtzen da. Horretarako, goratutako fitxaren gainean kolore bereko bigarren fitxa jarri behar da.
Dama batek zain egon behar du aurkariak gutxienez behin jokatu arte, mugitzen hasi baino lehen.
Dama bat aurrerantz edo atzerantz mugitzen da, dagoen diagonaleko ondoz ondoko lauki hutsetan. Beraz, lauki hutsetatik haratago, urrutiko lauki huts batean jar daiteke.
Txanda duen jokalariarentzat, joka ditzakeen fitxetako bat ukituz gero, fitxa hori jokatu beharko du, ahal badu. Ukitutako edo mugitzen ari den fitxa bat askatzen ez duen bitartean, beste lauki batean jar dezake, ahal dela. Txanda duen jokalariak fitxa bat edo gehiago behar bezala jarri nahi baditu, aldez aurretik jakinarazi behar dio aurkariari, "atondu" esanez.
Harrapaketak
Aurkako fitxak nahitaez harrapatu behar dira, aurrerantz nahiz atzerantz.
Fitxa bat diagonalean aurkako fitxa baten aurrean dagoenean, haren atzean lauki huts bat dagoela, nahitaez fitxa horren gainetik jauzi egin behar du eta lauki hutsa bete. Aurkako fitxa hori dama-taulatik atera behar du. Jokaldi hori osoa fitxa batek harrapatzea da.
Dama bat aurkako fitxa baten diagonal berean badago, ondo ondoan edo urrunago, eta fitxa haren atzean lauki huts bat edo batzuk badaude, nahitaez fitxa horren gainetik jauzi egin behar du, eta, aukeran, lauki huts bat bete. Aurkako fitxa hori dama-taulatik atera behar du. Jokaldi hori osoa dama batek harrapatzea da.
Fitxa baten harrapaketan, berriz ere, diagonalean, aurkako fitxa baten aurrean geratzen bada, eta haren atzean lauki huts bat badago, nahitaez bigarren fitxa horren gainetik jauzi egin behar du, baita hirugarren baten gainetik ere, eta horrela hurrenez hurren, eta harrapatutako azken fitxaren atzean dagoen lauki hutsa bete. Horrela harrapatutako aurkako fitxak dama-taulatik atera behar ditu hartualdiaren ordenan. Jokaldi hori osoa fitxa batek harrapatze-segida da.
Dama baten harrapaketan, berriz ere, diagonal berean, aurkako fitxa bat dagoenean, eta haren atzean lauki huts bat edo batzuk daudenean, bigarren fitxa horren gainetik jauzi egin behar du nahitaez, baita hirugarren baten gainetik ere, eta horrela hurrenez hurren, eta, aukeran, harrapatutako azken fitxaren atzeko eta diagonal berean kokatutako lauki huts bat bete behar du. Horrela harrapatutako aurkako fitxak dama-taulatik atera behar ditu hartualdiaren ordenan. Jokaldi hori osoa dama batek harrapatze-segida da.
Harrapatze-segida batean, debekatuta dago norberaren fitxen gainetik jauzi egitea. Harrapatze-segida batean, behin baino gehiagotan igaro daiteke lauki huts batetik, baina debekatuta dago behin baino gehiagotan jauzi egitea aurkako fitxa beraren gainetik.
Harrapatze-segida bat argi eta garbi adierazi behar da, fitxaz fitxa, fitxa harrapatzailea jauzi-laukian jarriz, han denbora igaro, eta fitxa hori amaierako laukian utziz.
Harrapatutako fitxak dama-taulatik kendu ahalko dira, soilik, harrapatze-segida osorik egin ondoren.
Ahalik eta fitxa gehien harrapatzea nahitaezkoa da. Kasu honetan, dama batek fitxa batek adina kontatuko du. Ez du lehentasunik ematen eta ez du betebeharrik ezartzen.
Harrapatu beharreko fitxen kopuruak berdinak badira harrapaketa egiteko bi aukera edo gehiagotan, jokalariak horietako bat hautatu ahal izango du, fitxa batekin edo dama batekin.
Harrapatze-segida batean, azken errenkadako bost laukietako batetik bakarrik igarotzen den fitxa bat fitxa izango da harrapatze-segida osatzen denean.
Irregulartasunak
Jokalarietako batek irregulartasun bat egin badu, aurkariak eskubidea du erabakitzeko irregulartasuna zuzendu behar den edo, bestela, mantendu egin behar den. Irregulartasunen adibide batzuk:
bi aldiz jokatzea;
aurkariaren fitxa bat jokatzea;
fitxa bat jokatzea, harrapaketa bat edo harrapaketa-segida bat posible den bitartean;
aurkariaren fitxak edo bere fitxak arrazoirik gabe kentzea;
harrapa daitezkeen fitxak baino gutxiago edo gehiago harrapatzea;
harrapaketa-segida baten jokaldiaren erdian gelditzea;
fitxa bat taulatik kentzea, bukatu gabeko harrapaketa-segida batean.
Jokalari batek jokoaren arau ofizialak betetzeari uko egiten badio, aurkariak horretara behartzeko eskubidea du.
Partidaren berdinketa
Partidaren amaiera berdintzat hartzen da posizio bera hirugarren aldiz gertatzen denean, eta jokalari berak txanda duela.
25 jokalditan ez bada ez fitxen mugimendurik ez fitxak harrapatzerik, partidaren amaiera berdintzat hartuko da.
Hiru dama, bi dama eta fitxa bat, edo dama bat eta bi fitxa baino ez badaude dama baten kontra, partidaren amaiera berdintzat joko da bi jokalariek 16na jokaldi egin badituzte.
Jokoaren faserik aribidean ez dagoenean, bi dama dama baten aurkako amaiera eta, are gehiago, dama bat dama baten aurkako amaiera berdintzat hartuko dira.
Emaitza
Jokalari batek irabazten du aurkariak:
partida uzten badu;
ezin badu jokatu, txanda duenean;
ez du fitxa gehiago.
Bi jokalariek berdinketa, edo partida baliogabea, lortzen dute:
adosten badute.
bietako inork irabaztea lortzen ez duenean.
Fitxarik gabe edo fitxak mugitu ezinik geratzen denak galtzen du.
Partida berdinketaz amaitu daiteke, jokalariek horrela adostuz gero, fitxen kokapen bat hiru aldiz errepikatu eta aurreikusitako mugimendu kopuru bat gainditzen denean.
Dama-joko kanadarra
Dama-joko kanadarra batez ere Kanadan jokatzen ziren, baina jada ez dira XXI. mendean praktikatzen.
Osagaiak eta hasiera
Joko-taula 12×12 laukiko karratua da, non bi kolore txandakatzen diren laukietan. Taula beheko ezkerrean lauki iluna duela jarriko da.
Posizioen idazkeran lauki ilunak, goitik behera eta ezkerretik eskuinera, zenbatuko dira, 1etik 72ra. Jokaldi bat idazteko, irteera-laukiaren zenbakia eta heltze-laukiaren zenbakia idazten dira, gidoi batez bereizirik mugimendu bat besterik ez bada, eta ixa bat harrapaketa bada.
Bi jokalarirentzako jokoa da. Bakoitzak 30 fitxa ditu, zuriak eta beltzak.
Fitxak jokalari bakoitzaren lehenengo bost errenkadetako laukietan kokatuko dira, erdiko bi errenkadak hutsik utziz.
Helburua aurkariaren fitxa guztiak harrapatzea da, edo geratzen zaizkion fitxa guztiak ibilgetzea.
Arauak
Arauak nazioarteko damen arau berberak dira; alde txiki bakarra: hiru pieza baten kontra jarrita, berdinketa hamabost jokaldiren ondoren lor daiteke, hamaseiren ordez.
Shashki, Errusiako dama-jokoa
Osagaiak eta hasiera
Joko-taula 8×8 laukiko karratua da, non bi kolore txandakatzen diren laukietan. Taula beheko ezkerrean lauki iluna duela jarriko da.
Notazio aljebraikoa erabiliz erregistratzen dira jokoak eta posizioak. Taulako zutabeek a - h etiketa dute. Taulako errenkadak 1etik 8ra zenbakituta daude, taularen alde zuritik abiatuta. Hala, taulako lauki bakoitzak letra-zenbaki identifikazio bakarra du.
Bi jokalarirentzako jokoa da. Bakoitzak 12 fitxa ditu, zuriak eta beltzak.
Fitxak lauki ilunetan kokatuko dira, jokalari bakoitzaren aldeko lehen hiru errenkadetan, erdiko bi errenkadak hutsik utziz.
Helburua aurkariaren fitxa guztiak harrapatzea edo blokeatzea da.
Arauak
Zuriak hasiko dira.
Fitxak txandaka mugituko dituzte jokalariek.
Fitxak diagonalean aurrera, ezkerrera edo eskuinera, mugitzen dira, hutsik dagoen ondoko lauki batera aldatuz.
Jokalari baten fitxa bat taularen azken errenkadara heltzen denean, fitxa hori "goratu" egin behar da, "dama" bilakatuz eta atzerantz eta aurrerantz mugitzeko gaitasuna lortuz, baita diagonal horretan zein lauki hutsetan gelditu nahi den aukeratzeko ere.
Ondoko laukiak aurkariaren fitxa badu eta horren atzeko laukia hutsik badago, aurkariaren fitxa harrapa daiteke (eta taulatik kendu) haren gainetik jauzi eginez. Harrapaketak aurrera eta atzera egin daitezke.
Jauzi anitzeko mugimenduak egin daitezke, baldin eta fitxa jauzilaria laukian uztean aurkariaren beste fitxa baten gainetik jauzi egin badezake. Harrapaketa egitea nahitaezkoa da, eta ezin zaio uko egin jauzia egiteari. Jokalari batek harrapaketa egiteko mugimendu bat baino gehiago duenean, zer harrapaketa egin aukera dezake, ez nahitaez harrapaketa gehien ematen dion mugimendua. Hala ere, mugimendu horretan, harrapaketa guztiak egin behar ditu. Harrapatutako fitxak taulan uzten dira segida bateko harrapaketa guztiak egin arte, baina ezin da horien gainetik berriro jauzi egin (damei ere aplikatzen zaie arau hau).
Fitxa bat azken errenkadara heltzen bada harrapaketa batean eta harrapatzen jarrai badezake, atzera jauzi egin dezake dama gisa. Jokalariak aukera dezake dama non utzi harrapaketaren ondoren.
Jokalari batek ezin badu baliozko mugimendurik egin, galdu egiten du. Hori gertatzen da:
jokalariak fitxarik ez badu edo
jokalariaren fitxak aurkariaren fitxek trabatuta badaude mugimendu legala egiteko.
Jokalariek jokoa irabazteko aukerarik ez badute, berdinketa gertatzen da. Partida berdinketatzat hartuko da:
posizio bera hirugarren aldiz errepikatzen denean, jokalari berak txanda izanik aldi bakoitzean.
jokalari batek berdinketa bat proposatzen badu eta aurkariak eskaintza onartzen badu.
jokalari batek hiru dama (edo gehiago) baditu aurkako dama baten kontra eta ezin badu aurkako dama harrapatu bere 15. mugimenduan (indar-korrelazioa ezartzen den unetik zenbatzen hasita).
15 mugimendutan bi jokalariek damak bakarrik mugitzen badituzte, fitxarik mugitu gabe eta harrapaketarik egin gabe.
Dama, Turkiako dama-jokoa
Osagaiak eta hasiera
Joko-taula 8×8 laukiko karratua da, non lauki guztiak kolore berekoak diren (irudia).
Notazio aljebraikoa erabiltzen da posizioak eta mugimenduak adierazteko. Taulako zutabeek a - h etiketa dute, ezkerretik eskuinera, zurien ikuspuntutik. Taulako errenkadak 1etik 8ra zenbakituta daude, taularen alde zuritik abiatuta. Hala, taulako lauki bakoitzak letra-zenbaki identifikazio bakarra du.
Bi jokalarirentzako jokoa da. Bakoitzak 16 fitxa ditu, zuriak eta beltzak.
Fitxak jokalari bakoitzaren bigarren eta hirugarren errenkadetako laukietan kokatuko dira, lehenengo, erdiko bi eta zortzigarren errenkadak hutsik utziz.
Helburua aurkariaren fitxa guztiak harrapatzea edo blokeatzea da.
Arauak
Zozketaz erabakiko da zein hasiko den. Orduan, hasiko dena fitxa argiak hartuko ditu.
Fitxak txandaka mugituko dituzte jokalariek.
Jokalari batek hartutako fitxa jokatu behar du. Ez dago inoiz atzera egiteko aukerarik mugimendua utzi eta fitxa berreskuratzeko.
Mugimenduak
Fitxa arrunten mugimenduak
Fitxa hiru noranzkotan mugi edo jauzi daiteke: horizontala ezkerrera, horizontala eskuinera eta bertikala aurrera. Fitxa arrunt bat azken errenkadara, argiak 8 errenkadara eta ilunak 1 errenkadara, iristen denean, dama bihurtzen da.
Damen mugimenduak
Damak nahi adina lauki huts mugi daitezke lau noranzkoetan (aurrerantz eta atzerantz zutabeen gainean, eskerrerantz edo eskuinerantz errenkaden gainean). Ezin dute fitxen gainetik igaro, harrapaketetan izan ezik.
Harrapaketak
Fitxa batek ondoan duen aurkako fitxa bat harrapatuko du horren gainetik jauzi eginez atzean dagoen lauki huts batera. Harrapaketak fitxak mugitzen diren hiru noranzkoetan egin daitezke.
Fitxa bat harrapatu eta gero, mugimendu berean, beste fitxa bat harrapatzeko aukera badauka, egin beharko du, eta horrela ahal duen guztietan, baita norabidea aldatuz ere. Txanda harrapaketa gehiagorik ezin duenean egin bukatzen da.
Dama batek mugitzen den lau noranzkoetan harrapa ditzake fitxak. Harrapatutako fitxak damaren zutabe edo errenkada berean egon behar du, ondoan edo lauki hutsez banatuta. Damak harrapatutako fitxaren atzean hutsik dagoen edozein laukitara jauzi egingo du, harrapatutako fitxaren laukitik dama geratzen den laukiraino laukiak hutsik badaude.
Dama "L" bat marraztuz mugitu daiteke lauki batzuk jauziz, non ezkerrera, eskuinera, aurrera eta atzera mugi daitekeen. Hala ere, mugimendu horiek egiteko, "L" bakoitzean fitxa bat edo gehiago harrapatu behar ditu. Damak fitxa bat harrapatuz aurrera edo atzera egiten badu zutabe eta errenkada batean, ezin du lerro berean, atzera egin, fitxa aurrera harrapatu badu, edo aurrera egin, fitxa atzera harrapatu badu.
Harrapaketak nahitaezkoak dira eta, jokalari batek harrapaketa egiteko mugimendu bat baino gehiago duenean, fitxa gehien ematen dion mugimendua gauzatu behar du. Eta fitxa kopurua berdina bada, jokalariak libre du nahi dituen fitxak nahi duen mugimenduarekin harrapatzeko. Betebehar horrek berdin balio du fitxentzat eta damentzat.
Harrapaketa anizkoitzetan fitxak taulatik harrapatu ahala atera behar dira (horrek mugimendu berean harrapaketa gehiago egiteko aukera zabal dezake).
Fitxa bat aurkako fitxaren bat harrapatzean azken errenkadara iristen bada eta ondoan aurkako fitxa bat badago, fitxa arrunt bezala harrapatzen jarraitzen du, eta, azken errenkadan geratuz gero, bukatzean dama gisa geratzen da (6. adibidea).
Fitxa bat aurkako fitxarik harrapatu gabe azken errenkadara iristen bada, dama bihurtzen da. Aurkako fitxa hori hor geratzen da, ezin du fitxarik harrapatu (5. adibidea). Beste era batera esanda, azken errenkadara iritsitako fitxak damaren ezaugarria irabazten du aurkariaren mugimenduaren ondoren.
Bukatu da jokoa
Irabazi
Partida irabazten da alde batek beste aldearen fitxa guztiak harrapatu dituenean edo beste aldeak ezin badu bere fitxarik jokatu. Fitxa kopuruari edo posizioari dagokionez ahul dagoen jokalaria jokotik atera daiteke, eta kasu horretan, aurkariak irabaziko du. Baina garaipena beste era batean ere lor daiteke. Partidaren amaieran, dama bat fitxa baten kontra geratzen badira, dama duen jokalariak irabaziko du (arau hau gabe, fitxa duen jokalariak beti saihets dezake harrapaketa ertzetan joan-etorriak eginez).
Berdinketa
Partida berdinduta amaitzen da bi jokalariei fitxa bakarra geratzen zaienean. Horrez gain, jokalarietako batek besteari berdinketa bat proposatu diezaioke. Beste aldeak eskaintza hori onartzen duenean, partida berdinketa batean amaitzen da. Azkenik, posizio bera modu berean hiru aldiz errepikatzen bada, partida berdinduta amaitzen da.
Kortesia-arauak
1-Aurkariari egindako fitxen eskaeretan, "X fitxa nahi ditut zuregandik" ohartarazi behar zaio.
2- Dama bat driblinen bidez eskuratu behar bada, aurkariari ohartarazi behar zaio fitxa azken errenkadaren aurreko laukian jartzen denean: “Bat azken errenkada azpian, bat faltan edo azken errenkada gainean nago”. Dama bihurtzen denean, aurkariari "DAMA" esanez ohartarazi beharko litzaioke.
Derrigorrezkoak ez diren arau hauek dama-maisuek aplikatzen dituzte oraindik. Arauak ezin dira betearazi; izan ere, "bi fitxa nahi ditut aurkariarentzat" esan ondoren, aurkariak "hemen hiru fitxa ematen dizkizut" esan dezakeelako joko baten barruan. Kortesia-arau hauek damen historia luzean errotuta egon dira maisuen jokabidearen kultura gisa, jokalarien arteko elkarrizketa sozial aberatsen ondorioz. Arau hauek maisuen adeitasuna eta dama turkoen dotoretasuna ere islatzen dituzte.
Adibideak
1. Derrigorrezkoa da fitxa gehiago harrapatzea.
Posizio honetan, f3-ko fitxa argiak 4 fitxa ilun hartu behar ditu f5, d5, d7 eta b7 laukietara jauzi eginez. Fitxa argiak ezin du aukeratu 2 fitxa ilun hartzea f5, h5 laukietara jauzi eginez. 4 fitxa harrapatzeko betebeharra dago.
2. "L" motako mugimenduak
Posizio honetan ilunen txanda da mugitzeko eta c8-ko dama ilunak fitxak harrapatuko ditu. Zortzi fitxa lortzen ditu c4, c2, f2, h2, h4, f4, f2, a2 edo c4, c2, f2, f4, h4, h2, f2, a2 mugimenduekin. Nolanahi ere, 8 fitxa hartzen ditu. Jokalariak nahi duen aldetik harrapatuko ditu fitxak. Hemen ikusten dugu damak nola marrazten duen "L" bat fitxak harrapatzen dituen bitartean.
3. Atzera egiteko debekua.
Adibide honetan, ikusten dugu damak ezin duela atzera egin fitxak harrapatzen dituen bitartean. c8 laukiko dama ilunak 4 fitxa harrapatzen ditu c4, c2, f2, h2 mugimenduarekin eta bere mugimendua h2 laukian amaitzen du. Bere mugimendua amaitzean, ezin du b2 laukian dagoen fitxa harrapatu zuen kontrako noranzkoan eta bere mugimendua jarraitu a2 laukirantz. Dama iluna h2 laukian geratzen denean, fitxa argiak mugitzeko txanda hasten da.
4. Fitxak harrapatuz azken errenkadara joatea.
Hemen, mugimenduaren txanda fitxa argiena da, eta fitxak harrapatuz, azken errenkadara iristen da, e6, e8 laukietara jauziz. Posizio horretan, fitxa argiak bi fitxa ilun harrapatzen ditu eta e8 laukian geratzen da. Fitxa argia dama bihurtu da, baina ilunen txanda da mugitzeko. Fitxa argia damaren maila lortu bezain laster, ezin du bere mugimenduak jarraitu a8 eta a6 laukietara.
5. Fitxarik harrapatu gabe azken errenkadara joatea.
Adibide honek erakusten du fitxa arrunt bat ezin dela azken errenkadara joan eta ondoko dama harrapatu.
Fitxa argien txanda da mugitzeko. f7 laukian dagoen fitxa argia ezin da dama bihurtu eta aurkariaren ondoko dama harrapatu. Dama esaten badu, fitxa argia f8 laukian geratzen da, eta ilunen txanda da mugitzeko. Gure adibidean, e8 laukiko dama ilunak ezin du f8ko dama argia harrapatu fitxa gehiago harrapa ditzakeelako, eta e3 eta d2 laukietako fitxa argiak harrapatu behar ditu.
6. Fitxa bat harrapatuz, posible da azken errenkadara joan eta ondoko fitxa harrapatu.
Adibide honek erakusten du fitxa bat harrapatu, dama bihurtu eta ondoko fitxa harrapatu egin daitekeela.
Fitxa argien txandan, f6 laukian dagoen fitxa argiarekin f7 laukiko fitxa iluna harrapatu, f8 laukian dama bihurtu, eta e8 laukian dagoen dama iluna harrapatzen du (fitxa gisa), eta dama esaten du.
7. Aukeratzeko askatasuna fitxa kopuru berdina harrapatzean.
Adibide honek erakusten du biak hauta daitezkeela fitxa arruntak eta damak fitxa kopuru berdinak harrapa ditzaketen kasuan.
Fitxa argien txanda da mugitzeko. Edo h1 laukiko damak h6 laukiko fitxa iluna harrapatzen du (h15×h6), edo e5 laukiko fitxa arruntak eta f5 laukiko fitxa iluna harrapatzen du (e5×f5). Bi aldeetatik hartu beharreko fitxa kopuruak berdinak direlako. Ez dago damen edo fitxa arrunten artean lehentasunik.
8. Fitxa arruntak damak baino fitxa gehiago harrapatzen dituen egoera.
Fitxa arrunt bat hautatu behar dela erakusten duen adibidea: fitxa arrunt batek fitxa gehiago harrapa dezake eta dama batek fitxa bat harrapa dezake.
Hemen fitxa argien txanda da mugitzeko. Damarekin fitxa bat harrapa daiteke (h1×h6), eta fitxa arrunt batekin bi fitxa (e5×f5×g6). Fitxa gehien harrapatzea derrigorrezkoa denez, fitxa argiek fitxa arruntarekin harrapatu behar dituzte bi fitxak.
9. Damak fitxa gehiago harrapatzen dituen egoera.
Dama aukeratu behar dela erakusten duen adibide bat, fitxa arruntak fitxa gutxiago har ditzake eta damak gehiago.
Berriz ere, fitxa argien txanda da mugitzeko. Fitxa arruntekin fitxa bat baino ezin da harrapatu (e5×f5). Beraz, h1 laukiko damarekin 2 fitxa harrapatu beharko ditu (h1×h6×g7), fitxa gehien harrapatu behar baitu, dama arriskuan jarri behar bada ere.
Iturriak
Jean-Bernard Alemanni: Les jeux de dames dans le monde. Chiron editeur, Paris, 2005.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations. Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Stewart Culin: Games of the North American Indians 2. University of Nebraska Press, Lincoln, 1992.
H. L. Fourie: Board Games of the World. Amazon, 2009.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 2018.
David Pritchard: The family book of games. Brockhampton press, Leicester, 1994.
El Mundo de los Juegos (2). Altaya, Bartzelona, 1999.
Fédération Française de Jeu de Dames:
http://www.ffjd.fr/Web/index.php?page=notation
http://www.ffjd.fr/Web/index.php?page=reglesdujeu
Turkiako Dama Federazioa:
https://web.archive.org/web/20140823134251/http://turkdamasi.org.tr/Portals/0/Images/doc/Turk_Damasi_Kurallari_Tudaf_v3.pdf
Govert Westerveld:
https://www.researchgate.net/publication/324774278_La_gloriosa_historia_espanola_del_Juego_de_las_Damas_-_Tomo_I_-_172_paginas/link/5ea6819145851553fab2d7f7/download
Iuan Garcia Canalejas: Libro del iuego de las damas, Valentzia, 1650.
https://books.google.es/books?id=Zq2usFj6Q0MC&printsec=frontcover&source=gbs_ge_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false
Wikipedia (en)
Wikipedia (eu)