Mankala, edo hazien jokoa, ezaugarri bereziko jokoa da eta ezin da ohiko jokoekin, xake, partxis, damak, taulak, etab. bezalako jokoekin sailkatu.
Ezaugarriak
Mankalen ezaugarri nagusia haziak bi jokalarienak izatea da eta harrapatzen direnean baino ezin ditu jokalari batek bereganatu. Hazien posizioak esaten du zein jokalarik dauka eskubidea mugitzeko.
Jokoak hainbat zulotako 2 eta 4 ilaren artean dituzten tauletan jokatzen dira. Oro har, jokalari bakoitzak taularen zati bat, erdia, kontrolatzen du. Mugimendu bat zulo bateko haziak hartu eta hurrengoetan, eskuarki banan-banan, ereitean datza, aldaeraren arauek zehazten dituzten baldintzetan.
Helburua hazi gehien harrapatzea izaten da, baina aurkaria ibilgetzea ere izan daiteke.
Mankala jokoetan zoriak ez du eraginik, jokalariek hartzen dituzten erabakiek baino ez.
Jatorria
Mankala jokoak, multzo gisa, beste taula-jokoen horren desberdinak dira, ezen jatorri komun bat dutela pentsa daitekeela, eta ez zertan joko bat. Esaterako, Vernon Eagle-k iradokitzen du antzinako mankala jokoaren ahaide hurbilenak ez zirela beste joko batzuk izan, beste jarduera batzuk baizik, agian osagai berekin egindako igarpenak. Hori bera, igarpenak egitea hain zuzen, beste joko askoren jatorria ere izan daiteke.
Mankala hitza arabieraz jokoei ematen zaien manqala edo minqala izenetik dator, eta horiek naqala (mugitu) aditzetik. Antropologoek antzeko joko guztiak izendatzeko erabiltzen dituzte. Ez da Koranean aipatzen izen horrekin; hala ere, arabiarrek Erdi Aroan ezagutu behar zuten, horri erreferentzia egiten baitiote Kitāb al-Aghānī (Kantuen liburua) lanean, X. mendean, non “mankala bezalako jokoa” aipatzen baita.
Parekotasunak aurkitu dira erromes musulmanen, merkatari arabiarren eta Asiako bidaiari-kolonialisten bidaietan, baina zenbait teoria babesteko froga garrantzitsuak pilatu diren arren, oraindik ez da akordiorik lortu. Aztarna arkeologiko eta ikerketa antropologiko gehiago erabilgarriak izan litezke mankalen jatorriaren eta historiaren inguruko arazoak konpontzeko.
Egile askok esan dute ereintza-jokoak enigma bat direla etnologiaren ikuspuntutik. Kontinente guztietan praktikatzen badira ere, jatorri afrikarrekoak eta oso zaharrak direla uste da. Idazki askok diote joko zaharrenetakoak direla, baita hainbat milurtekoak direla ere; baina Afrikako herrien ahozko tradizioa dela-eta, froga ukigarriak falta dira.
Arabiarrek honelako jokoak asmatu eta zabaldu zituztela dioen iritzia ere ezin da baztertu, nahiz eta joko hauek izendatzeko termino arabiar bat, manqala, erabiltzeak ikuspuntu hori babesteko irismen mugatua izan. Richar Andree etnografo alemanak Ethnographische Parallelen und Vergleiche (Stuttgart, 1878) lanean dio jokoaren garapena ekialdetik mendebaldera doala, Asiatik Atlantikoko kostara, beste kultura-elementu asko bezala. Hala ere, bitxia izango litzateke arabiarren izen bakarretik Afrikan erabiltzen diren horrenbeste izen eta aldaera eratortzea.
Beste teoria batek dio honelako jokoak sumertarrek asmatu zituztela duela milurteko batzuk. Teoria honen egileen arabera, jokoek garaiko kontabilitate-sistema bat islatuko lukete: taularen alde batean, jasotako dirua edo salgaiak adierazten ziren; bestean, salmentak edo ordainketak.
Jokoen ezizen batek, Afrikako xake-jokoak, argi erakusten du jokoen jatorriari buruzko uste zabalduena, hau da, jokoak afrikarrak direla. Horrela erakusten du ere joko hauei buruzko lehen argitalpenetako baten izenburuak, Stewart Culin-en Mancala, The National Game of Africa, 1896.
Baina mankala jokoen jatorria ezin da doitasunez zehaztu. Joko-materiala galkorra izaten da maiz, bai taulena (gehienetan egurrean, batzuetan lurrean), bai fitxena (haziak, maskorrak, harriak), eta, horregatik, ez dago arrasto arkeologikorik, joko hauen sorrera datatzeko. Berdintsu gertatzen da Indian xake jokoarekin. Museoetan ikus daitezkeen mankala-taula zaharrenak XIX. mendekoak dira. Ez da harritzekoa, Afrikak jasan duen kolonialismoaren ondorioz, mankala-bilduma handienak Afrikatik kanpoko museoetan aurkitzea: British Museum (Londres), Musée de l’Homme (Paris), Museum für Völkerkunde (Hanburgo) eta Musée Royal de l’Afrique Centrale (Tervuren). Afrikan bertan, bilduma garrantzitsuena Lagos-eko Museo Nazionalekoa da.
Azpimarratu behar da Asiako mankalen inguruan dagoen informazio eskasa. Arlo hori funtsezkoa izatea espero da, mankalen historia eta banaketa hobeto ulertzeko.
Joko hauei ziurtasunez egotzi ahal zaizkien aztarna arkeologikoak IV. mendekoak dira. Egiptoko Abu Sha’ar-eko gotorleku erromatar batean daude, Itsaso Gorritik ez oso urrun. Bertan, zuloen ilarak dituzten harrizko blokeak aurkitu dira, duodecim scripta eta latrunculi joko erromatarren taulen testuinguru berean.
R. A. Walker-en arabera, aldiz, bi ilarako makalaren aztarna fisiko zaharrena III. mendekoa da Sri Lankan, IV. mendekoa Zipren eta VI. mendekoa Etiopian.
Antzinako Egiptoko kareharrizko taula batek hamalau zuloko hiru ilara eta biltegi bat ditu. Tebaseko Kurna tenpluko teilatuko lauza batzuetan, Karnak-eko tenpluaren sarrerako ate handiaren gainean eta Luxor-eko tenpluan zulo sakonen multzoak aurkitu dira. Ezin zaie, ordea, pisu handirik eman, antzinako Egiptoko egituretako harlauzetan mankala-taulak iradokitzen dituzten zuloen ilarei; izan ere, ez dago beti argi geroagoko gehikuntzak diren edo ez pentsatzeko. Oro har, harrietan zulatuta aurkitu diren mankala-taulak datatzea zaila da. Esaterako, Zimbabwen aurkitutako taula batzuk XIX. mendekoaren bukaerakoak izan daitezke, eta Kongo, Angola eta Ghanan aurkitutako beste taula batzuk XVI. mendekoak izan daitezke.
Europarren eta estatubatuarren kolonizazioak hainbat datu idatzi utzi dizkigu.
Francisco Alvarez-ek Abisiniako enbaxada portugaldarraren kontakizunean (1520-1527) “mancal”-i egiten dio erreferentzia joko ezezagun gisa, Don Manuelen erregealdian (1495-1521) zaharkitua.
1623an, Richard Jobson-ek The Golden Trade liburuan Etiopian eta Gambia ibaian egin zituen bidaiak kontatu zituen; bertan jokoa aipatzen du eta jokoaren alderdi sozialak eta komunitarioak nabarmentzen ditu.
1665ean, bidaiari frantsesa Jean de Thévenot-ek hogeita hamar urte lehenago Asiako mendebaldean aurkitu zuen jokoa deskribatu zuen Voyages liburuan, Paris.
Thomas Hyde-k mankala jokoen oso kontu ona eman zuen 1694. urteko De Ludis Orientalibus liburuan; Mesopotamian eta Jerusalemen jokatzen ziren bi mankala-jokoak eman zituen. Eta Edward William Lane-k jokoa Kairon jokatzen zen bezala deskribatu zuen bere 1836ko Manners and Customs of the Modern Egyptians liburuan.
J. Theodore Bent-ek, 1873an, gabattà izeneko jokoa Abisinian (Etiopia eta Eritrea) oraindik praktikatzen zela idatzi zuen, The Sacred City of the Ethiopians liburuan.
XIX. mendearen bukaeran, Thomas Bewick-ek tailla bat egin zuen egurrean bi afrikar 2×6 mankala-taula batean jokatzen erakutsiz.
Culinek Sirian jokatzen diren moduak deskribatzen ditu, damaskoar batek emandako informaziotik. Horrez gain, herrialde desberdinek Chicagon 1893an egin zen Munduko Kolondar Erakusketara eraman zituzten mankala-taulak aipatzen ditu: Sri Lanka, Turkia, Liberia. Horrez gain, Afrikako hainbat herrialdetan jokatzen den modua deskribatzen du, berriemaile desberdinen bitartez.
H. J. R. Murray-k berrehun joko inguru jaso zituen bere A History of Board-Games other than Chess lanean eta horien deskribapenak eman zituen hainbat irizpideren arabera sailkaturik: joko-taulako ilaren kopuruaren arabera, eremu geografikoaren arabera, ereintza motaren arabera…
Dio Michael B. Nsimbi-k, 1968ko Omweso, A Game People Play in Uganda liburuan, omweso jokoa Ugandako erregearen eta herrialdeko buruzagien gorteko denbora-pasa nagusia izan zela. Jokoak aukera eman zien buruzagiei beren jendea sozialki eta pertsonalki ezagutzeko. Kabaka-ren (nagusiaren) printzesa eta emazteak eta goi mailako buruak izan ezik, emakume arruntek ez zuten jokatzen. Gizarteko maila apalenetako emakumeentzat ia tabua zen jokoa. XIX. mendearen bukaeran, Ugandan omweso jokoa gain behera etorri zela, hainbat arrazoi medio. 1894an, Uganda ingelesen kolonia bihurtu zen; orduan, gizon guztien indarra behar izan zuten funtzionario ingelesentzat lan egiteko. Hori saihesteko aukera bakarra buruzagiengandik urrun egotea zen. Bestalde, kotoi-hazkuntza ezarri zenean ingelesei tasak ordaintzeko, gizonak nekazaritzako lanetan denbora osoan aritzera behartu zituzten. Beste oztopo bat izan zen gizonek bide luzeak egin behar zituztela haien herrietatik lan egiten zuten hirietara joateko.
Zabalpena
Mankala jokoek Afrikarekin lotura berezia badute ere, munduko beste herrialde askotan ere aurki daitezke. Europan, Iberiar Penintsulako musulmanek eta Zipreko eta Ziklade uharteetako biztanleek baino ez zuten jokatu mankaletan. Mankala jokoak nabarmenak dira beren banaketa bereziagatik. Izan ere, badirudi kultura arabiarraren mugak markatzen dituztela. Afrikaz gain (Magreb izan ezik), batez ere Asiako mendebaldea (Siria, Turkia), Asia erdialdea (Kazakhstan, Kirgizistan), Asiako hegoaldea (India, Indonesia, Malaysia, Filipinak, Txina) eta jatorri afrikarreko komunitateak bizi diren Amerikako eremuak (Karibeko uharteak, Kuba, Brasileko Salvador eskualdea) sartzen dira. Eta Europara eta Amerikako iparraldera beranduago sartu dira, urte luzez mundu osoan bizi den biztanleriaren ia erdiko biztanleak dibertitzeko balio izan ondoren. Afrikako ekialdeko bi ilarako jokoak Amerikara eta Europara esklaboen salerosketaren bidez iritsi ziren. Teoria hori nahiko onargarria da, Antiguako joko nazional gisa hartzen den warri-ren eta Afrikako mendebaldean ohikoa den awélé-ren arteko antzekotasun nabarmenak kontuan hartuta. Amerikara XVI. mendearen hasieran iritsi zen, Karibeko irletara eta Hego Amerikako iparraldera, baita Brasilera ere. Culinek ematen duen informazioaren arabera, badirudi siriarrek eraman zutela jokoa New Yorkera.
Sailkapena
Jean Retschitzki-k haziek ereintzan egin behar dituzten zikloak hartzen ditu kontuan. Irizpide horrek jokoak bi sailetan banatzeko aukera ematen du: batean, ziklo bakarreko jokoak daude, non bi jokalarien hazi guztiek ziklo bera egin behar duten ereintzan; bestean, bi zikloko jokoak daude, non jokalari bakoitzaren hazi guztiek ziklo bat egin behar duten ereintzan zuloen azpimultzo zehatz batean. Horrela sailkaturik, Retschitzkik bi joko mota izendatzen ditu, wari motako jokoak ziklo batekin eta solo motako jokoak bi ziklorekin. Wari motako joko gehienak bi ilarako tauletan jokatzen dira, eta solo motako joko gehienak lau ilarako tauletan.
Azpimarratzekoa da bi joko mota horien muga ludikoa bat datorrela kasik adituek hizkuntza afrikarren artean bantu lerroa izenarekin definitu duten muga linguistikoarekin. Izan ere, wari motako jokoak nagusiak dira Afrikako iparraldean, eta solo motako jokoak, ordea, hegoaldean zabaltzen dira. Esan beharra dago azken horiek Afrikako ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeen berezitasuna direla; oso gutxitan aurkitzen dira Afrikatik kanpo.
Badago ere hiru ilarako taulan jokatzen diren mankalak, baina gutxiago dira eta, batez ere, Etiopia eta Eritrea aldean jokatzen dira. Hortxe ditugu selus eta gabata aldaerak. Hauek ere wari motako jokoen artean sartzen dira.
Lehen motako, wari motako, joko ezagunetako bat oware da, Afrikako mendebaldeko herrialdeetan izen desberdinekin ezagutzen bada ere.
Bigarren motako, solo motako, joko ezagunenak bao eta omweso dira. Bao swahilizko izena da eta taula esan nahi du. Beste behin ere, izenen aniztasuna zabala da: bao kiarabu, baré, hawalis, isolo, mwambulula, mweso, nchombwa, tchadji…
Egile batzuek bao jokoari “mankalen erregea” deitzen diote, dituen konplexutasun eta zailtasunagatik. Bao jokoaren konplexutasuna, batez ere, harrapatutako haziak berriro sartzen direlako eta kateatutako ereintzak dituztelako gertatzen da, eta horrek oso zaila egiten du etorkizuneko egoera aurreikustea. Bi zikloko jokoa da eta 4×8 zuloko taula batean jokatzen da.
Omweso Ugandako joko nazionala da eta 4×8 zuloko taula batean jokatzen da. Era berean, kateatutako ereintzak ditu ezaugarri, eta matematikariak konturatu ziren arauak aplikatzean inoiz amaitzen ez diren mugimenduak izan daitezkeela, eta, ondorioz, jokoa baliogabetu egiten dela.
Ohiturak
Mankala jokoetan, maiz, populazioaren kategoria bat aritzen da. Esaterako, Boli Kostan gizonek jokatzen dute, gutxitan ikusten dira emakumeak publikoan jokatzen, nahiz eta, gaur egun, emakume askok arauak ezagutzen dituzten, baita taktikak eta estrategiak ere. Asia aldean, ordea, gehienbat emakumeak aritzen dira jokoan, Indiako Tamilnadu estatuan bezala.
Zaslavskyk “erregeek eta unaiek, baita presidenteek ere, jokatzen duten jokoa” dio mankalari buruz eta dio zaila dela ikustea gizonak eta emakumeak elkarrekin jokatzen; izan ere, gizon baten ospea ez zen inoiz berreskuratuko emakume baten kontra galduz gero. Ugandan, errege gortetik kanpoko Ganda emakumeei ez zitzaien jokatzen utzi, uztak huts egingo lituzkeen beldurrez. Eta neskei ohartarazi zitzaien, jokatzen bazuten, beren bularrak ez zirela haziko eta inongo gizonek ez zuela haiekin ezkondu nahiko. Nigeriako Igbo emakumeei galdetuta, nekez jokatzen zutela erantzun zioten, baina ez debekaturik zutelako, interesik ez zutelako baizik. Emakumeen parte-hartzeari buruzko aipamen bakanetako bat ikiokoto jokoa da, Nigerreko deltako Ijo nesken eta emakumeen artean zabalduta.
Ez da ohikoa diruagatik jokatzea. Jokalari adituak familia eta herrixka osora ospea ekartzean du bere saria. Baliteke kantuz ospatzea ere.
Boli Kostako hegoaldeko Alladian herriak ilunsentiaren ondoren jokatzea debekatzen du, hori jainkoen eskubidea delako. Baina, nagusi bat hil eta gero, jokoarekin erabakitzen zen ondorengoa nagusigaien artean eta gau osoan aritzen ziren. Goizean irabazlea nagusi izendatzen zen.
Mauritanian, emakumeak eta neskak ordu beroenetan eta gaueko lehen otoitzaren unean; gazteek ezin zuten jokatu, beren artean behintzat; aitzitik, neska gazteekin praktikatu zezaketen, berriz, haiengana hurbiltzeko, baldin eta jokoa jendaurrean egiten ez bazen.
Afrikako herri askotan, jokoa egunean zehar baino ezin da praktikatu eta eguzkia sartzean utzi behar da. Dogon herrian, jokalari batek hazi bakar bat mugitzen badu eguzkia sartu eta gero, bere ama hiltzen ikusteko arriskua du, harri zuri bat berehala irensteko kautelazko neurria hartzen ez badu behintzat.
Batzuetan, awélé jokoaren praktika doluarekin lotzen da. Melville Herskovits antropologoak kontatzen du Surinameko sabanako beltzek beren dolu-errituan barne-barnean txertaturik dutela. Horrela, heriotza bat gertatzen denean, jokoa Erosten Etxean sartzen dute eta gau osoan aritzen dira, garai normaletan eguzkia sartu ondoren jokoan aritzea debekatuta dagoen bitartean. Izan ere, oraingoan hildakoaren arima distraitu behar da. Arima horrek, izan ere, alferkeriari eta asperdurari emana, bizirik dagoen pertsona baten jabe izateko eta sorgintzeko arriskua legoke.
Materialak
Mankala jokoetan lurrean aritu daiteke, behar diren zuloak eginez eta, fitxak gisa, zotzak, harri-koskorrak, hezurrak… erabiliz. Horrela egiten zuten haurrek gurasoek jokatzea debekatzen zietenean.
Badira zeramikazko taulak, Nigerian ohikoak dira. Hala ere, gehien erabiltzen den materiala egurra da. Askotan, mankala-taulak arte-lanak dira, benetako eskulturak edo taillak eta, maiz, ebano bezalako egur nobleak erabiliz. Hainbat kasutan egurra eta marmola txertatu dituzte mankala-tauletan.
Jokoa, oro har, lurretik gertu praktikatzen denez, jokalariak aulkitxo taillatuetan esertzen dira eta mankala-taulak nahiko lauak izaten dira euskarri baten gainean jartzeko, edo oinak dituzte altxatzeko, gorputzaren jarrera erosoagoa izan dadin. Berriki, taula tolesgarriak eta erraz eramangarriak agertu dira merkatuetan, bereziki turistei eta jokalari hasiberriei begira.
Mankala-taulak, maiz, ederki dekoratuak izaten dira. Jokoaren terminoek laborantzari eta janariari (ereintza, haziak, uzta bildu… ) egiten badiete erreferentzia, taulen apaindurek animaliak eta gizakiak irudikatzen dituzte. Batzuetan, taulek animalia baten itxura hartzen dute. Esaterako, Indonesian, arrain itxurako taula margotuak egiten dituzte. Beste batzuetan, taulen oinek elefanteen, pertsonaien edo hegaztien oinen itxura dituzten; eta hainbatetan, animalia-zatiak itsasten dira, adibidez, herensugeen buruak.
Fitxei dagokienez, mankala-jokoetan lekadun familiako caesalpinia bonduc edo caesalpinia crista izeneko zuhaiska baten haziekin praktikatzen dira. Hainbat eskualdetan haziak diru gisa erabiltzen ziren kaori izeneko maskorrez ordeztu dira. Indian gehienetan kaoriak eta olinda-haziak erabiltzen dira.
Hus jokoa
Robert Charles Bell-en jokoei buruzko lanaren bigarren alean, mankala izenaren pean Afrikako joko-sorta bat azaldu zuen, non guztiak harri edo bolekin eta harean edo tauletan egindako zuloetan jokatzen baitziren.
Lau ilarako mankalen harrizko taulen zatiak aurkitu dira Zimbabweko aurrietan eta haien inguruan, 1450 eta 1800 artean loratu zen zibilizazio afrikar baten aztarna ikusgarrietan.
Hus jokoa Afrikako ekialdean eta Hegoafrikako Khoikhoi herriak jokatzen du. Beste mankala-jokoetan ez bezala, aldaera honetan harriak ez dira taulatik ateratzen. Hus jokoan azpimarratzekoa da zortea zein azkar aldatzen den.
Osagaiak eta hasiera
Hus jokoaren taula 4×8 zulokoa da.
Bina harri kokatzen dira norberaren kanpoko ilarako eta barneko ilarako eskuineko lau zuloetan.
Harri guztiak taulan geratzen dira.
Helburua aurkariaren harriak bereganatzea da.
Arauak
1. Lehenengoa zein den zozketaz erabakitzen da. Partida bat zenbait eskuk osatzen dute. Esku guztietan jokalari berbera hasten da.
2. Mugimendu guztiak erloju-orratzen noranzkoaren aldekoak dira eta jokalari bakoitzaren aldeko bi ilaretan (barnekoa-kanpokoa) egiten dira.
3. Jokalari batek bere aldeko zulo batetik hartzen ditu harriak eta hurrengoetan uzten ditu, banan-banan. Azken harria zulo hutsera erortzen bada, txanda bukatu egiten zaio.
4. Jokalari batek azken harria betetako zulo batean uzten badu, harri guztiak (utzi berria ere bai) hartu eta hurrengo zuloetan uzten segituko du.
5. Prozesua barneko ilarako betetako zulo batean bukatzen bada eta aurrean dagoen aurkariaren barneko ilarako zuloa beterik badago, jokalariak bere harrien ordez aurkariaren harri horiek hartuko ditu eta bere aldeko zuloetan uzten segituko du, harrapaketa egin den zuloaren hurrengotik hasita. Txanda berean nahi diren harrapaketak egin daitezke.
Beheko jokalariaren jokaldi bat | |||
---|---|---|---|
1 | Barneko ilarako 5. zuloko bi harriak hartu eta 6. eta 7. zuloetan utzi ditu. | ||
2 | Barneko ilarako 7. zuloko hiru harriak hartu eta barneko 8. zuloan eta kanpoko 8. eta 7. zuloetan utzi ditu. | ||
3 | Kanpoko ilarako 7. zuloko hiru harriak hartu eta kanpoko 6., 5. eta 4. zuloetan utzi ditu. | ||
4 | Kanpoko ilarako 4. zuloko hiru harriak hartu eta kanpoko 3., 2. eta 1. zuloetan utzi ditu. | ||
5 | Kanpoko ilarako 1. zuloko hiru harriak hartu eta barneko 1., 2. eta 3. zuloetan utzi ditu. Txanda bukatu da, azken harria zulo huts batean utzi duelako. |
6. Jokalari batek aurkariaren barneko ilarako zulo batean harrapaketa egiten duenean aurkariaren kanpoko ilaran dagokion zuloa beterik balego, jokalariak aurkariaren bi zuloetako harriak irabaziko lituzke eta, horiez gain, aurkariaren edozein zulotakoak (zulo batekoak) ere bai. Harrapatutako harri guztiak bere aldeko zuloetan utziko ditu banan-banan, harrapaketa egin den zuloaren hurrengotik hasita.
Beheko jokalariaren jokaldi bat harrapaketekin | |
---|---|
1 | Kanpoko ilarako 2. zuloko hiru harriak hartu eta kanpoko 1. zuloan eta barneko 1. eta 2. zuloetan utzi ditu. Aurkariaren barneko ilaran dagoen aurreko zuloko eta barneko ilaran dagoen zuloko eta beste zulo bateko haziak harrapatu ditu. |
2 | Harrapatutako zazpi haziak bere aldeko zuloetan uzten ditu, banan-banan, barneko ilarako 3., 4., 5., 6., 7. eta 8. zuloetan eta kanpoko 8. zuloan utzi ditu. |
3 | Kanpoko ilarako 8. zuloko lau harriak hartu eta barneko 7., 6., 5. eta 4. zuloetan utzi ditu. Txanda bukatu da, azken harria zulo huts batean utzi duelako. |
7. Mugimenduak bi edo harri gehiago dituen zulotik hasiko dira, eta harri bateko zuloak bakarrik baleude, ezingo luke mugitu eta eskua galdu egingo luke.
8. Jokalari batek aurkariaren harri guztiak harrapatuko balitu, garaipen bikoitz gisa hartuko litzateke.
9. Partida zazpi eskutan jokatzen da eta esku gehien irabazi dituena izango da garailea.
Bao jokoa
Bao Afrikako ekialdeko mankalen aldaera zabalduentakoa da, bereziki Kenyan, Tanzanian, Madagaskarren eta Malawin. Europarren literaturan agertu zen aldaera zaharrenetakoa da; izan ere, Étienne de Flancourt-en 1661eko Histoire de la grande isle Madagascar lanean agertu zen ‒fifangha izenpean‒. Murray sailkapenean, helburua ahalik eta hazi gehien lortzea izan beharrean, aurkariari mugitzeko aukerarik gabe uztea da.
Mankalen aldaera honetan zulo guztiak ez daude haziz beterik; ordea, haziak pixkaka-pixkaka sartzen dira taulan, eta ez dira inoiz ateratzen. Jokalarien barneko ilara da garrantzitsuena eta bertako zuloek izen bereziak dituzte: eskuinetik laugarrena nyumba (etxea) da eta askotan karratua da, hazi gehiago gordetzeko asmoarekin. Ilararen bi muturretako zuloak kichwa (buru) dira, eta bi muturretako azken bi zuloak, batera, kimbi dira.
Tanzanian eta Zanzibarren baoren bi bertsio daude. Bertsio nagusia ere konplexuena eta preziatuena da, eta bao la kiswahili (Swahili herriaren bao) du izena. Bertsio sinplifikatuak bao la kujifunza (bao hasiberrientzat) du izena. Arau hauek bao la kiswahili aldaerarenak dira.
Osagaiak eta hasiera
Bao jokoaren taula 4×8 zulokoa da. Taulako zulo batzuek izen bereziak dituzte: barneko ilarako laugarren zuloa eskuinetik nyumba (etxea) da eta askotan karratua da. Barneko ilararen bi muturretako zuloak kichwa (buru) dira; hazi berriak hor hasten dira ereiten. Barneko ilararen bi muturretako azken-aurreko bi zuloak kimbi dira; ereintzaren noranzkoa aldatzen da bertan. Taulako gainerako zuloak shimo (zulo) dira.
Jokalari bakoitza, behekoa eta goikoa, taularen erdiaren jabea da; norberaren bi ilarak kanpoko eta barneko ilarak dira. Uzta barneko ilaretan baino ezin da bildu.
Guztira 64 hazi daude, eta taulako zuloetan edo taulatik kanpo egon daitezke. Haziak taulan jartzea ereitea da eta aurkariaren haziak harrapatzea uzta biltzea da.
Helburua aurkariaren harriak bereganatzea da.
Jokoa amaitzeko, hiru baldintza hauetako bat bete behar da:
• Jokalari batek ez du hazirik bere barneko ilaran.
• Jokalari batek ezin du legezko mugimendurik egin.
• Jokalari batek amore ematen du.
Arauak
1. Jokalari bakoitzak 32 hazi hartzen ditu eta 6 hazi bere nyumban eta bina hazi horren eskuineko bi zuloetan jartzen ditu, bere eskuan 22 hazi utziz.
Hasiko den jokalaria zoriz aukeratzen da.
2. Jokoak bi fase ditu:
• Ereintza-fasean (kunamua), haziak taulan jartzen dira. Fase honetan ereintza- eta uzta-bilketa gertatzen dira. Jokalariek, txandaka, hazi berri bat jartzen dute zulo batean, eta mugimendu bat egiten dute. Hazi guztiak taulan jartzen badira, fasea amaitu egiten da.
• Uzta-fasean (mtaji), jokalari bakoitza bere aurkariaren ahalik eta hazi gehien harrapatzen saiatzen da. Jokalariek, txandaka, zulo bat hasteko eta noranzko bat mugitzeko aukeratzen dituzte, jokoa amaitzeko baldintzak bete arte.
3. Haziak ondoz ondoko zuloetan banatzeari ereintza esaten zaio. Ereintza jokalariaren bi ilaretan egiten da noranzko batean, erlojuaren orratzen noranzkoan edo erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan. Hazi bat ondoz ondoko zulo bakoitzean ereiten da, hautatutako noranzkoari jarraituz, aldatu gabe. Ereintzak ere hazi bakarra jartzea ekar dezake.
Haziak zulo batetik hartu badira, ereintza jokalariaren ondoko zuloan hasten da, edo aurkariaren haziak norberaren aldean ereiten badira, kichwa batean.
4. Aurrean dauden zuloko haziak harrapatzeari bilketa deitzen zaio. Aurreko ereintza bat hutsik ez dagoen zulo batean bukatzen bada eta aurkariaren aurreko zuloak haziak baditu egin daiteke. Oinarrizko printzipio gisa, uzta bildu badaiteke, jokalaria uzta biltzera behartuta dago.
Uzta hasteko, aurkariaren zulotik hazi guztiak hartzen dira, eta berehala ereiten dira kichwa batetik etxearen noranzkoan, barneko ilaran. Zein kichwa hauta daitekeen aurrerago deskribatuko da.
5. Jokalari baten mugimendua ereintzen eta uzten segida bat da. Hasierako ereintzaren emaitzak mugimendu mota zehazten du:
• Garbiketa-mugimendua (kutakata): hasierako ereintzak ez du uztarik ekarri, azken hazia zulo huts batean jarri delako edo aurkariaren aurreko zuloa hutsik dagoelako. Horrela, mugimendua egiten den bitartean ez da uzten uztarik egiten.
• Uzta-mugimendua (mtaji): Hasierako ereintzak uzta bat ekarri du, azken hazia hutsik ez dagoen zulo batean jarri delako eta aurkariaren aurreko zuloak haziak dituelako. Horrela, mugimendua egiten den bitartean uzta berriak egin daitezke.
Ekintza baten emaitzak hurrengo ekintza hauek zehazten ditu:
• Ereintza bat hutsik ez dagoen zulo batean amaitzen bada eta uzta biltzeko aukera badago, aurkariaren haziak jokalariaren aldean ereiten dira eta mugimenduak aurrera egiten du.
• Ereintza bat hutsik ez dagoen zulo batean amaitzen bada, baina uzta ezin bada bildu, mugimenduak ereintzarekin jarraitzen du (kuendelea). Aurreko ereintzaren noranzkoa mantenduko da.
• Ereintza zulo huts batean amaitzen bada, mugimendua amaitu egiten da (kulala). Aurrerago, mugimendua amaitzen den egoera gehigarriak deskribatzen dira.
6. Jokoaren lehen fasean, haziak kanpo biltegitik hartu eta taulan jartzen dira. Fase honetan, jokalari bakoitzak, txandaka, hazi berri bat ereiten du zulo batean, biltegia hutsik egon arte. Bi biltegiak hutsik badaude, fasea amaitu egingo da.
Mugimendu bakoitza hasteko, biltegiko hazi berri bat barneko ilarako zulo ez-huts batean erein behar da. Etxea mugimendu honetarako bakarrik erabil daiteke, baldin eta aurkariaren hazien uzta posible bada edo barneko ilaran geratzen den azken zulo ez-hutsa bada.
Uzta bat egin badaiteke, jokalaria uzta biltzera behartuta dago. Uzta bat baino gehiago egin badaitezke, jokalariak aukera dezake.
7. Harrapaketarik gabeko mugimendua (kutakata)
Uzta bildu ezin bada, garbiketa-mugimendua egiten da. Horrek esan nahi du hazi berria jarri den zuloko hazi guztiak hartu eta ondoko zulo batetik hasita ereinen direla. Jokalariak askatasunez hauta dezake noranzkoa, mugimenduaren hasiera baita.
Ereiteko arau orokorrari jarraituz, ereintzak beste ereintza bat eragin dezake, azken hazia zulo ez-huts batean ereiten bada. Hasierako ereintzak uztarik ekarri ez duenez, ez da uztarik uzten mugimenduan zehar. Ondoz ondoko ereintzan ereintzaren noranzkoa mantendu behar da.
8. Mugimendua harrapaketekin (mtaji)
Uzta bat egin badaiteke, jokalaria uzta biltzera behartuta dago eta uzta-mugimendu bat egin behar du. Horrek esan nahi du aurkariaren haziak ateratzen dituela eta taularen bere aldean ereiten dituela, kichwa batetik abiatuta, honela:
• Barneko ilarako ezkerreko bi zuloetan uzta bat sortzen bada, ezkerreko kichwatik hasten da ereintza, etxearen noranzkoan; beraz, erlojuaren orratzen noranzkoan.
• Barneko ilarako eskuineko bi zuloetan uzta bat sortzen bada, ereintza eskuineko kichwatik hasten da, etxearen noranzkoan; beraz, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan.
• Uzta bat barneko ilarako beste 4 zuloetan gertatzen bada, jokalariak kichwa aukera dezake hasteko, baina etxerantz erein behar du.
9. Hainbat uzta eta noranzkoaren aldaketa
Hasierako ereintza uzta batekin hasten bada, eta ondorioz uzta-mugimendua bada, uzta gehiago biltzen uzten da mugimenduan. Uztak bata bestearen atzetik egin daitezke, edo ereintza batzuk egin daitezke hurrengo uzta baino lehen.
Oinarrizko printzipio gisa, ereintzaren noranzkoa ereintza eta uzta horietan guztietan mantentzen da. Beraz, kichwa ereintza etxera bidean noranzko berean izan dadin aukeratu egin behar da. Hori hala da bai uzta ereiteko, bai jarraian ereiteko.
Uzta-mugimendu baten azken hazia barneko ilararen muturretako bi zuloetako batean (kimbi, kichwa) erortzen denean soilik aukeratu behar da hurbilen dagoen kichwa. Kichwatik beti etxerantz ereiten denez, horrek noranzkoaren aldaketa ekar dezake.
10. Etxea (nyumba)
Zulo karratuak (nyumba) arau bereziak ditu. Horrek iraun egiten du aurkariaren uzta batek hustu arte edo jokalariak berak hustu arte, harrapaketak dituen mugimendu batean handik ereiten jarraitzeko (safari). Horrekin, etxea suntsitu dute partida osorako.
Azken hazia harrapaketarik gabeko mugimendu batean etxean ereiten bada, mugimendua amaitu egiten da. Harrapaketak dituen mugimendu batean gauza bera gertatzen bada, jokalariak erabaki dezake mugimendua han gelditu edo ereiten jarraitu, eta hala etxea suntsitu.
Biltegiko hazi berri bat jar daiteke etxean, barneko ilaran hutsik ez dagoen azken zuloa bada. Ondoren, ereiteko ekintza berezi bat (zergak) egiten da. Horretarako, hazia jarri ondoren, bi hazi atera eta noranzko batean erein behar dira. Horrekin, gerta daiteke etxea 6 hazi baino gutxiagorekin geratzea. Orduan, bere pribilegioak galtzen ditu aldi baterako, baina funtzioak berreskura ditzake, jokoan zehar gutxienez 6 hazi jasotzen baditu.
Etxea suntsitzen bada edo aldi baterako desaktibatzen bada, harrapaketarik gabeko mugimendu bat gutxienez 2 hazi dituen zulo batean hasi behar da (ez lehen bezala, hutsik ez egoteko baldintzarekin). Hazi bat baino gehiago duen zulorik geratzen ez bada soilik has daiteke harrapaketarik gabeko mugimendu bat handik aurrera.
11. Biltegiko hazi guztiak taulan jarri bezain laster, jokoaren 2. fasea hasten da. Lehen bezala, mugimenduak harrapaketekin eta harrapaketarik gabe daude. Hala ere, araua aplikatzen da, uzta bat posible bada, jokalaria uzta biltzera behartuta dagoela. Uzta bat baino gehiago egin badaitezke, jokalariak aukera dezake.
Mugimendu bat egiteko, gutxienez bi hazi dituen zulo bat aukeratu behar da, eta jokalariak aukeratzen duen noranzkoan hazi horiek erein. Hasierako ereintza horren azken haziak erabakitzen du harrapaketarekin edo harrapaketarik gabe mugimendua eragiten duen.
Beste murrizketa bat dago: zulo batek 16 hazi baino gehiago baditu, ezin da harrapaketak dituen mugimendua hortik hasi. Hala ere, jokatzen bada, harrapaketarik gabeko mugimendutzat hartzen da.
12. Harrapaketarik gabeko mugimendua (kutakata)
Hasierako ereintzak uzta batera eraman ezin badu, garbiketa-mugimendua egiten da. Horrela, ezin da uzta gehiago egin mugimenduan, baita ondorengo egoera batek uzta normalean biltzen uzten badu ere.
Ahal bada, barneko ilarako zulo bat hautatu behar da. Kanpoko ilarako zulo bat aukeratu ahal izango da, baldin eta ez badago hazi bat baino gehiago duen barneko ilarako zulorik.
Jokalariak aukeratutako zulotik ateratzen ditu hazi guztiak, eta nahi duen noranzkoan ereiten ditu. Azken hazia hutsik ez dagoen zulo batean erortzen bada, ereintzak zulo horretako haziekin jarraitzen du, aurreko noranzkoa mantenduz.
13. Mugitu harrapaketekin (mtaji)
Hasierako edozein ereintzarekin uzta bat bildu badaiteke, jokalariak uzta bildu behar du, eta, hala, mugimendu bat egin behar du harrapaketekin. Horrela, uzta berriak egin daitezke mugimenduan zehar.
Hasierako ereintza egin bada, lehenengo fasean bezala, aurkariaren aurreko zulotik haziak atera eta erein egiten dira, kichwa batetik abiatuta etxearen noranzkoan. Aurreko arau berberak aplikatuko dira:
• Uzta bat erdialdeko 4 zuloetan biltzen bada, mugimenduaren norabidea mantentzen da. Hala, kichwa ereintza etxera bidean noranzko berean izan dadin aukeratu egin behar da.
• Uzta bat barneko ilararen muturretako bi zuloetan (kimbi, kichwa) biltzen bada, hurbilen dagoen kichwa hautatu behar da. Horrek noranzkoa alda dezake, ereintza etxearen noranzkoan egin behar baita.
Bi uztaren artean hainbat ereintza egin daitezke (kuendelea). Ereintza baten azken hazia zulo huts batean erori arte jarraitzen du mugimenduak.
14. Blokeoa (kutakatia)
Jokalariak, harrapaketarik gabeko mugimendu baten ondoren, hurrengo aldian uzta bat posible izango litzatekeen egoera batean bukatzen badu mugimendua, aurkariak ezingo ditu mehatxatutako haziak harrapaketarik gabeko mugimendu batekin mugitu. Horrela, aurkariaren zuloa blokeatuta dago.
Zulo hauek ezin dira blokeatu:
• Etxe funtzional bat (ikus hurrengo araua).
• Barneko ilarako azken zuloa.
• Barneko ilaran gutxienez 2 hazirekin geratzen den azken zuloa.
Jokalariak egoera hori adierazi behar du “hizi zetu” (hauek nireak dira) esanez.
Aurkariari ez zaio onartuko blokeatutako zuloa aukeratzea, zulo horretatik harrapaketarik gabeko mugimendu zuzen baterako, eta ezin du zulo hori hustu ereintza-segida batez, harrapaketarik gabeko mugimendu baten ondoren. Harrapaketarik gabeko mugimendu batean ereintza bat blokeatutako zulora iristen bada, mugimendua amaitu egiten da.
Bestalde, aurkaria mugimendua harrapaketekin egiteko gai bada, blokeoa ez da eraginkorra.
Aldi berean, blokeoa eragin zuen jokalariak blokeatutako zuloko uzta hurrengo mugimenduan bildu behar du, baita beste uzta batzuk oraingoz posible balira ere. Baina blokeatutako zuloko bilketa harrapaketak dituen mugimendu batean gerta daiteke, eta ez da beharrezkoa lehen uzta izatea.
15. Etxea (nyumba)
Jokalari batek 2. fasearen hasieran oraindik etxe funtzional bat badu, hots, 1. fasean ez badu hustu, eta gutxienez 6 hazi baditu, etxe funtzionala izaten jarraitzen du.
Hala ere, lehen faseko pribilegioak ez dira existitzen, adibidez, bertan mugimendu bat gelditu ala ez erabakiz.
Baina pribilegio berri bat irabazi du: ezin da blokeatu etxe funtzionala den bitartean.
16. Jokoaren amaiera
Jokoa berehala amaitzen da, mugimendu batean edo mugimendu baten ondoren, jokalari baten barneko ilarak hazirik ez badu edo hazi bat baino gehiago duen zulorik ez badago. Gainera, jokalari batek amore eman dezake.
Jokalari garaileak bao hamna (joko bukatu) hots egiten du.
Aldaerak
Bao la kujifunza (Bao hasiberrientzat) aldaera
Bao la kujifunza arau sinpleagoak dituen aldaera gisa joka daiteke.
Hemen ez dago ereintza-faserik; beraz, jokoa uzta-fasearekin hasten da zuzenean.
Hasierako posizio gisa, 64 haziak taulan banatzen dira, 2 hazi zulo bakoitzean.
Horrez gain, sinplifikazio hauek daude:
• Ez dago etxerik (nyumba); beraz, ez dago taulan zulo berezirik behar. Beraz, etxeari buruzko arau guztiak ezin dira aplikatu (adibidez, zuloen hautaketa murriztuz edo mugimendu bat bukatuz).
• Ez dago blokeorik (kutakatia); beraz, aurkariari beti uzten zaio baliozko edozein zulo hautatu eta hustu.
Bao la kiswahiliren gainerako arau orokor guztiek eta 2. faseko (mtaji) arau indarrean jarraitzen dute.
Hus bao, baoren aldaera haurrentzat
Haurrek ere jokatzen duten aldaera sinpleago baterako, bao la kujifunzaren hasierako posizio bera erabiltzen da.
Gainera, sinplifikazio hauek daude:
• Ez dago bereizketarik harrapaketak dituzten mugimenduen eta harrapaketarik gabeko mugimenduen artean. Mugimendu batean uzta bat bil daiteke, mugimendua harrapaketa batekin hasi ez bada ere. Eta mugimendu baterako, gutxienez 2 hazi dituen edozein zulo aukera daiteke, zein ilaratan dagoen eta zein noranzkotan kontuan hartu gabe.
• Ez dago kichwarik, eta ereintza ez da bertatik hasten. Aurkariari harrapatutako haziak, aldiz, norberaren haziekin batera ereiten dira noranzko berean. Beraz, uzta batek etengabe ereiten den bezala jarraitzen du mugitzen, aurkariaren haziak ere erabiltzen diren aldearekin.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala. Elhuyar, Usurbil, 1997.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations. Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Stewart Culin: Mancala. The National Game of Africa. Amazon, Washington, 1896.
Harold James Ruthven Murray: A History of Board-Games other than Chess. Oxford University Press, Oxford, 1951.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 1999.
Jean Retschitzki: Graines, cauris et tabliers. Diversité, origine et traditions dans les jeux de semailles. Jeux de l'humanité, 43. orr. Ulrich Schädler (ed.), Slatkine, Genève, 2007.
Alexander J. de Voogt: Mancala. Board Games. British Museum Press, Londres, 1997.
Claudia Zaslavsky: Africa Counts. Lawrence Hill Books, Chicago, 1990.
Richard Andree: Ethnographische Parallelen und Vergleiche, Leipzig, 1889. https://archive.org/details/ethnographischep00andruoft/page/100/mode/2up
Michael B. Nsimbi: Omweso, A Game People Play in Uganda. African Studies Center, University of California, Los Angeles, 1968. https://escholarship.org/content/qt2th8b363/qt2th8b363.pdf?t=krnb97
Alexander Rühl: https://www.youtube.com/watch?v=mKRmq44L_7g (2024-04-16)