luzhanqi
Luzhanqi edo lu zhan qi idatzia, “lurreko gerraren jokoa” esan nahi duena, joko ezaguna da Txina osoan. Lu zhan jun qi (lurreko gerrako armadaren jokoa) bezala ere ezagutzen da, edo soilik jun qi (armadaren jokoa).
H.J.R. Murray eta R.C. Bell bezalako adituek ez zuten aipatu, ez joko hau ez eta joko honen antza duten l’attaque eta estratego jokoak ere. Joko hau azken garaietan bakarrik agertu da testuetan.
Luzhanqi jokoaren taulak xiangqi xake txinatarrarena gogoratzen du, xakean ibai batek bi lurraldeak banantzen baditu, luzhanqin mendiek banatzen dituzte bi lurraldeak. Bi jokoetan piezak lerroen arteko bidegurutzeetan jartzen dira. Bien helburua pieza berezi bat bereganatzea da. Xiangqi joko oso ezagunetik eratorria dela dirudi, beharbada dou shou qi (oihana) jokoaren eraginarekin.
Bestalde, jokoaren piezek domino-fitxen itxura dute, hainbat joko txinatarretan bezala (mah jong, domino txinatarra).
Beste alde batetik, taularen ezaugarri batzuek eta pieza batzuen izenek jokoa asmatu zeneko garaiaz eman diezagukete informazioa. Taulan bideak eta burdinbideak daude, eta piezetan minak eta bonbak. Burdinbiderik zaharrena Txinan 1910eko hamarkadan eraiki zen, eta ez zuen zereginik izan taktika militarretan urte batzuk geroago arte. Datu horrek luzhanqi jokoa XX. mendeko bigarren edo hirugarren hamarkadan asmatu zela eman dezake aditzera.
Jean-Louis Cazaux-ek eta Rick Knowlton-ek iradokitzen dute luzhanqi jokoaren ideia Europatik heldu zitekeela, mendebaldeko hainbat gerra-jokorekin antzekotasunak ditu eta. Batetik, l'attaque antzeko jokoa 1908an patentatu zen; bestetik, ingelesek eraman zezaketen joko hori Hong Kongera; eta Txinan egokituko zuten burdinbideak sartuz eta lakuak mendiez ordeztuz.
![]() |
| Lau jokalarirentzako taula. Blodance. Wikipedia |
Informazio partzialeko estrategia abstraktuko joko ez-perfektua da, jokalari bakoitzak aurkako piezen kokapenari buruzko ezagutza mugatua baitu.
Lau jokalarirentzako siguodazhan izeneko bertsioa ere badago. Jokoan bi jokalarik bi jokalariren kontra jokatzen dute. Lau jokalari izateak jokoa konplexuago egingo du, talde lana eskatuko duelako. Gainera, jokalari bat ez da gai bere aliatuaren piezen identitateak ikusteko, eta horrek are interesgarriagoa egiten du jokoa. Horrela, jokalari batek etsaiaren piezaren kokapena aurreikusteaz gain, beste taldekide batekin lankidetzan aritu behar du.
Luzhanqi, xiangqi eta weiqi bezalako jokoetan hasi baino lehen, jokatzen dute batez ere haurrek, baina baliteke beste adin batzuetako pertsonek aisialdiko joko gisa ere gozatzea.
Jokoaren txinatar izaera dela eta, jokoaren barruan erabiltzen diren terminoak itzulpenaren arabera aldatzen dira.
![]() |
| Luzhanqi jokoaren taula |
Osagaiak eta hasiera
Jokoaren taula mendiek bereizitako bi lurralde etsaiez osatuta dago.
Lurralde bakoitzak bi kuartel nagusi, bost kanpaleku eta 23 posizio ditu, guztira 30 posizio.
Eremu guztiak bideen bidez lotuta daude, piezak mugitzeko. Gainera, burdinbide batek (lerro etenez adierazia) lurralde bakoitza inguratzen du, eta etsaien bi lurraldeak lotzen ditu mendiak zeharkatzen dituzten hiru mugaren bidez. Muga horiek taularen bi lurraldeen artean daude. Piezak ez dira lauki horietan geratzen; haien gainetik pasatzen dira.
| Irudia | Izena | Kopurua | Ezaugarriak |
![]() |
kuartel nagusia | 2 | Bietako batean jarri behar da bandera. |
![]() |
kanpalekua | 5 | Babeslekuak dira, bertan dagoen piezari ezin zaio eraso. |
![]() |
posizioa | 23 | Mugitzeko ohiko espazioak dira. |
![]() |
lurraldeen muga | 3 | Piezak ezin dira bertan geratu, gainetik igarotzen dira. |
![]() |
mendia | 2 | Ezin da piezarik bertan jarri. |
![]() |
bidea | Piezak horien gainetik mugitzen dira. | |
![]() |
burdinbidea | Piezen mugimenduak nahi adina luza daitezke horien gainetik, lerro zuzenean soilik. |
Normalean bi jokalarik jokatzen dute (batek pieza beltzekin jokatzen du eta aurkariak gorriekin), baina arbitro lanak egiten dituen hirugarren batek ere joka dezake.
Jokalariek 25 pieza dituzte. Piezek balio jakin bat dute, eta, beraz, gatazkarik sortuz gero, maila handienekoak irabazten du beti. Maila goitik behera ordenatuta, hauek dira piezak:
| luzhanqi jokoaren piezak eta mailak | ||||
| pieza | txineraz | euskaraz | kopurua | maila |
![]() |
siling | mariskala | 1 | 1.a |
![]() |
junzhang | jenerala | 1 | 2.a |
![]() |
shizhang | maiorra | 2 | 3.a |
![]() |
luzhang | brigadierra | 2 | 4.a |
![]() |
tuanzhang | koronela | 2 | 5.a |
![]() |
yinzhang | komandantea | 2 | 6.a |
![]() |
lianzhang | kapitaina | 3 | 7.a |
![]() |
paizhang | tenientea | 3 | 8.a |
![]() |
gongbing | ingeniaria | 3 | 9.a |
![]() |
zhadan | bonba | 2 | |
![]() |
dilei | mina-eremua | 3 | |
![]() |
junqi | bandera | 1 | |
Piezak aurkariari bizkarra emanda jartzen dira, piezaren edukia ikusteko aukerarik izan ez dezan.
Helburua aurkariaren bandera harrapatzea da.
Arauak
Jokoa prestatzea
Bi jokalarietatik zein hasten den ausaz zehazten da, eta txandaka jokatzen da.
Jokalari bakoitzak piezak kuartel nagusietan eta ohiko posizioetan jartzen ditu taularen bere aldean. Baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:
Hasieran, piezak ez dira kanpalekuetan jartzen.
Banderak beti jarri behar dira bi kuartel nagusietako batean.
Mina-eremuak jokalariaren aldeko lehen bi lerroetan jarri behar dira.
Bonbak ez dira jarriko fronteko lerroan.
![]() |
| Jokalarien piezak taulan kokatuta daude partida hasteko. |
Mugimenduak
Bere txandan, jokalari bakoitzak bere pieza bakar bat mugitu ahal izango du.
1. Bandera eta mina-eremuak ezin dira mugitu, bertan geratzen dira erasotzen zaien arte.
2. Gainerako piezak posizio batetik ondoko beste posizio batera (hutsik, edo aurkariak okupatuta gatazka bat sortuz) mugi daitezke bideen gainetik.
3. Trenera igoz gero (lerro etenetik), piezak hainbat lauki mugi daitezke mugimendu bakar batean, baina lerro zuzenean soilik. Trena angelu batetik igarotzen bada, mugimendua gelditu egin behar da. Burdinbidetik ezin da pieza baten gainetik igaro. Hau da, lauki bat edo gehiago mugitzean, ibilbidean pieza bat aurkitzen bada, lekualdatzen den pieza aurreko laukian gelditu behar da edo okupatutako laukian sartu, gatazka bat sortuz.
4. Ingeniaria burdinbidetik doanean, biraketak egin ditzake, bere bidean oztoporik aurkitzen ez badu. Horren mugimendua burdinbideen lotuneetatik egin daiteke, eta nahi adina izkinak igaro ditzake.
Gatazka
1. Mugimenduetako batean, pieza bat aurkariak betetzen duen posizio batera sartzen bada, bi piezak erakutsiko dira, eta goi mailako piezak irabaziko du posizioa. Beste pieza jokotik aterako da. Bi piezek maila bera badute, biak aterako dira taulatik.
2. Mina-eremuak ezin dira mugitu, eta ingeniaria ez den piezaren batek mina-eremu bati eraso egiten badio, bi piezak kendu egiten dira. Baina ingeniari batek mina-eremu bati erasotzen badio, mina-eremua suntsituko da, eta ingeniaria bertan geratuko da.
3. Bonbak beste edozein pieza bezala mugitzen dira, aurkariaren edozein pieza suntsi dezaketen berezitasun batekin, aldi berean beren burua suntsitzen dute. Pieza batek bonba bati erasotzen badio, bi piezak suntsitzen dira.
4. Kanpamentuetan dauden piezei ezin zaie eraso egin.
Jokoaren amaiera
Partida amaituko da jokalarietako batek aurkariaren bandera harrapatzen duenean.
Arbitroa
Partidan arbitro bat badago, pieza bati erasotzen zaionean, arbitroak erabakiko du zer pieza (edo piezak) atera behar den taulatik. Jokalariek ez dute inoiz ikusiko aurkariaren pieza, eta ez zaie informazio hori helaraziko. Horrek interes handiagoa ematen dio jokoari.
Aldaerak
Bonbak ezin dira kuartel nagusiaren bi laukietako bakar batera ere mugitu eta, beraz, ezin dute bandera suntsitu.
Mina-eremuei erasotzerakoan, jokoan geratzen den piezarik ahulenak (ingeniariak, ingeniaririk ez badago, tenienteak, eta horrela hurrenez hurren) mina desaktibatu egin dezake; hartara, piezak posizioa irabaziko du, eta mina-eremua taulatik aterako.
Partidan zehar jokalarietako batek bere mariskala galtzen badu, aurkariari bandera non dagoen erakutsi beharko dio.
Iturriak
Jean-Louis Cazaux eta Rick Knowlton: A World of Chess. McFarland & Company, Jefferson, 2017.
Eskuko orria: Londji.
Rick Knowlton: https://ancientchess.com/page/play-luzhanqi.htm
Yijie Wang: https://repository.library.northeastern.edu/files/neu:cj82rk42d
Wikipedia (en)





















