tablan
Indiako tradizioaren arabera, tablan Indiako hego-mendebaldeko Mysore barrutian sortutako jokoa da, eta ez da bere jatorria ezagutzen. Hala ere, joko bera Indiako Karnataka eta Goa estatuetan ere jokatzen da, arauen aldaketa gutxi dutela. XX. mendearen bigarren erdian oraindik jokatzen zen.
Zaila da esatea zein den aldaerarik zaharrena; kontuan izan behar da, Indian jokoen taula asko oihaletan josten zirela eta oihalak material galkorrak dira eta ez dute arrasto arkeologikorik uzten.
![]() |
| Tabul phale jokoa, XVIII. mendea. Bagore Ki Haveli museoa, Udaipur, India. Argazkia: Deepank Ranka. Hiya Prakash-en web-orria. |
Indiako Udaipur-eko Bagore Ki Haveli Museoan, esaterako, XVIII. mendeko zurezko joko bat dago. Gaur egun, ordea, saltzen diren joko gehienetan taulak oihalean eginda daude.
Tablan ez da lasterketa-joko hutsa, lasterketa horren bidean aurkariaren peoiak harrapa daitezkeelako, eta taulatik kanpo atera.
Tablan Egiptoko tâb eta Saharako sigh eta Danimarkako eta Norvegiako daldosa izeneko jokoen antza handia du. Hala ere, horien arteko lotura argitu gabe dago.
![]() |
| Tablan joko-kutxa, pallankhuzi barruan eta bederatziko errota azpian dituela, XX. mendea. Kochi, Kerala, India. Penn Museum, Filadelfia, AEB. |
Jean-Marie Lhôte-k iradokitzen du jokoa XIX. mende hasieran sortu zela Indian, peoien mugimendua, elkarren kontrako noranzkoan, XVIII. mendean hedatu zelako trictrac jokoarekin eta, ondoren, backgammon jokoarekin. Horrez gain, Lhôtek dio taula mankala baten transposizioa ere izan daitekeela. Oriol Comas-ek, ordea, uste du jokoa zaharragoa izan daitekeela, Egiptoko tâb jokoarekin lotu daitekeelako.
Esan behar da Lhôtek aipatzen dituen bi joko horiek nardshir joko persiar zaharra izan dezaketela jatorritzat. Eta bi jokoek aurrekaria izan dezakete Alfontso X.a Jakitunaren 1283. urteko liburuaren Libro de las Tablas izeneko atalean agertzen diren jokoetan. Eta liburu horretako tablas izeneko joko horietan guztietan fitxen mugimendua tablan jokoarena bera da. Azkenik, Micaela Soar-ek, bere lanean, esaten du argumentu sendoa dagoela backgammon jokoaren jatorria Indian egoteko.
![]() |
| Tablan jokoaren hasierako posizioa. |
Osagaiak eta hasiera
Taula 4×12 laukiko sarea da. Kanpoko bi lerroak jokalarien hasierako lerroak, edo etxeak, dira.
Jokoan bi jokalarik hartzen dute parte. Jokalariak aurrez aurre esertzen dira taularen alde luzeen parean.
Partida hasieran, jokalariek kolore bereko 12na peoi dituzte taulako hasierako lerroan.
![]() |
| Zotz-dadoak. |
Mugimenduak egiteko, lau zotz-dado erabiltzen dira. Aurpegi bat margotuta eta bestea margotu gabe dituzte. Zotz-dadoen jaurtiketen balioak hauek dira:
- Aurpegi margotu gabe bat ahoz gora, 2 puntu.
- Bi edo hiru aurpegi margotu gabe ahoz gora, 0 puntu.
- Lau aurpegi margotu gabeak ahoz gora, 8 puntu.
- Lau aurpegi margotuak ahoz gora, 12 puntu.
Jokoaren helburua ahalik eta norberaren peoi gehien aurkariaren hasierako lerrora eramatea da.
![]() |
| Tablan jokoaren peoien mugimenduen noranzkoak. |
Arauak
Jokalari bakoitzarentzat, peoien ibilaldia hasierako lerroko ezkerreko laukitik hasiko da eskuinera; ondoren, bigarren lerrora joan eta ezkerrera; ondoren, hirugarren lerrora joan eta eskuinera; azkenik, laugarren lerrora joan eta berriro ezkerrera. Horrek esan nahi du, lerro bakoitzean, bi jokalarien peoiak noranzko berean mugituko direla.
Lauki bakoitzean peoi bat bakarrik egon daiteke.
Hasteko, jokalariek lau zotz-dadoak jaurtiko dituzte, margotu gabeko aurpegi bakar bat ahoz gora jaurtitzen duen jokalariak hasiko du partida.
Hasten den jokalariak aurreko emaitza bera baliatuko du bere lehen mugimendua egiteko. Bi jokalarien hurrengo mugimenduak egiteko, zotz-dadoak berriro jaurti beharko dira.
![]() |
![]() |
| Horiek 2-8-0 segida lortu dute. Lehenengoarekin partida hasi dute eta bi peoi lauki bana aurreratu dituzte. Ondoren, peoi bat 8 lauki aurreratu dute. Beltzek 2-0 segida lortu dute eta bi peoi lauki bana mugitu dituzte. | Horiek 12-12-0 segida lortu dute. Lehenengoarekin, peoi beltz bat harrapatu dute. Ondoren, beste peoi beltz bat harrapatu dute eta beltzen hasierako lerroan sartu dute peoi bat. Beltzek ezin dute peoi hori harrapatu. |
Fitxa baten lehenengo mugimendua 2 puntuko jaurtiketa batekin egin behar da beti. Jaurtiketa horrekin, hala ere, peoi bat bi lauki edo bi peoi lauki bana mugi daitezke.
Jokalariak bi edo hiru aurpegi margotu gabe ahoz gora jaurtitzen baditu (0 puntu), txanda galduko du eta aurkariarena hasiko da.
Jaurtiketan, beste edozein emaitza lortzen duenean, jokalariak honako bi aukeren artean hautatu beharko du:
- Mugitu peoi bakar bat emaitzak adierazten duen adina lauki (2, 8 edo 12).
- Mugitu bi peoi emaitzaren erdia adina lauki (1, 4, 6).
Mugimendua bukatutakoan, jokalariak zotz-dadoak berriro jaurtiko ditu eta beste mugimendu bat egingo du. Horrela segituko du 0 puntuko jaurtiketa egin arte, eta, orduan, aurkariari txanda pasatuko dio.
Nolanahi ere, kasu guztietan, lortutako puntuazioa osorik erabili behar da. Hori posible ez bada, jokalariak berriro jaurtiko ditu dadoak, 0 lauki mugitu izan balu bezala.
![]() |
![]() |
| Beltzek 8-0 segida lortu dute. Horrekin bi peoi beltz launa lauki aurreratu dituzte. Horietako batekin peoi hori bat harrapatu dute. | Beltzek 12 puntu lortu dituzte eta peoi hori bat harrapatu dute. Horrekin batera, beren azken peoia horien hasierako lerroan sartu dute. Partida bukatu da. Biek bina peoi dituzte aurkariaren hesierako lerroan. Baina horiek irabazi dute, lehenago sartu dituztelako. |
Peoiak mugitzean, beste peoien gainetik jauzi egin daiteke, norberarenak izan edo aurkariarenak izan, baina beti ere lauki huts batera edo aurkariaren peoi bat dagoen laukira.
Jokalari batek bere peoi bat peoi aurkari bat dagoen laukira eramaten badu, peoi aurkaria harrapatuko du eta taulatik aterako du. Harrapatutako peoia ez da taulara itzuliko.
Jokalari batek ezingo ditu peoi aurkariak harrapatu bere hasierako lerroan, baina bere peoiak bai izan daitezke harrapatuak lerro horretan.
Mugimendu batean bi peoi mugi daitekeenez, bi harrapaketa ere egin daitezke.
Jokalariaren peoiak aurkariaren hasierako lerroan sartzen direnean, ezin dira harrapatu. Jokalari batek bere peoiak aurrera mugi ditzake aurkariaren hasierako lerroan, lauki hutsak badaude.
Partida bukatuko da jokalari batek bere peoi guztiak aurkariaren hasierako lerrora eraman dituenean.
Aurkariaren hasierako lerroan peoi gehien dituen jokalaria da irabazlea.
Aldaerak
Lehenengo aldaera
Peoi bat aurkariaren hasierako lerroko lauki batera iristen denean, ezin da mugitu.
Jokoan hasiberriak direnentzat gomendatzen da aldaera hau.
Bigarren aldaera
Aurkariaren hasierako lerroko laukiak ordenan bete behar dira, urrunenetik hasita. Ez da, beraz, aurkariaren lerroan dauden norberaren peoiak mugitzea onartzen.
Aldaera honek aurkariaren lehen lerroa betetzea zailtzen du eta jokoa luzatzen du.
Iturriak
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations,1. Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Oriol Comas i Coma: El món en jocs. RBA La Magrana, Bartzelona, 2005.
Oriol Comas i Coma: Un món de jocs. Sugaar, Bartzelona, 2024.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
Ludendo docere: eskuko arauak.
Micaela Soar: Board Games and Backgammon in Ancient Indian Sculpture. Ancient Board Games in perspective, 177. orr. Irving L. Finkel (ed.), The British Museum Press, Londres, 2008.
James J. Bond: https://sites.google.com/site/boardandpieces/list-of-games/tablan
Hiya Prakash: https://www.theheritagelab.in/tabul-phale-boardgame-goa/
Damian Walker: http://www.cyningstan.com/game/229/tablan








